EGUNA: 2017/12/03
IRTEERA: Bages (665m)
ZAILTASUNA: S1
DENBORA:
- Igoera: 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Erratzutik abiatuta, Izpegi lepoan barrena, Baigorri eta Donibane Garazi zeharkatu eta Donapaleurako bidea hartuko dugu. Hau ere, ezkerretara utzi eta Sauveterre de Bearn aldera segituko dugu. Justu herri honetara ailegatzean eskuinetara biratuko gara Oloron aldera. Olorondik Paueko norabidea hartu, baina hiritik atera eta fite, eskuinetara Laruns eta Gouretteko norabidea markatzen digun seinalea ikusiko dugu. Norabide honi segika, Ossau bailara ederrean sartu eta bertan barneratuko gara, Laruns herria baino kilometro bat lehenago Beost herrixkara doan errepidea hartu arte. beost zeharkatu eta herri honetakoa den Bages auzora igoko gara. Honaino elurra kenduta egoten da, hemendik aitzin ,ordea, pista batek segitzen du, baina elurtuta badago zail da segitzea.
KRONIKA:
Elurte handiak ia kota guzietan utzi du elurra eta hori baliatzeko asmoz Pinioetako hauts goxoaren bila joan ginen Ossau bailarara. Asmoa denboraldiko lehen etxola ateraldia egitea zen, baina larunbat goiz-eguerdian bizitako abenturatxoak lehen plana zapuztu zuen. Casteteko alkateak herri horretako pertsona non grata izendatu ondotik, planez aldatu behar izan genuen (bueltatuko gara!). Gaua bailaran pasa (esker mila Andoni!) eta biharamuneko eguneko plan bat pentsatu genuen.
Egindako ibilbidea, gorriz igoera eta beltzez jaitsiera |
10:07 : Bages (665m)
Goiz izoztuan presarik gabe abiatu ginen, lehen orduetako hotza saihestu nahian. Bagesetik goiti segitzen duen pista elurtuta zegoen, beraz herrixkatik bertatik aterako ginen.
Metro batzuz eskiak bizkarrean eraman genituen izotza zela eta, baina herritik beretik eskiatu zitekeen.
Laster jarri genituen eskiak oinetan...
...bertze batzuk oinez segitu genuen goitixeago.
Lehen zatia pistatik egin ondotik, 900 metro inguruan dagoen bihurgune itxi batean, pista utzi eta basoan goiti barneratu ginen.
Postaletako paisaia..
Elur hotza eta arina izanen genuen egun osoan zehar, baina basoa jaisteko itxiegia zen eta bertze bide batetik jaitsiko ginen.
Basoaren azken zatian, zoragarri zegoen paisaia.
Soilgune batetik ondoan genuen Montagne Verte mendigunea ikustea utzi zigun oihanak.
Poliki-poliki goiti, arrastoa irekitzeko erreleboak egiten genituela.
Basoa gibelean utzita malda zabaletatik segitu genuen. zati honetan 40-50 cm elur fresko aurkitu genuen baina gure aitzineko taldeak arrastoa irekia zigun jadanik.
Eaux Bonnes herria mospela da neguan, eguzkiak ez du ukitu ere egiten.
Azken metroak Lazive menditxoraino.
Eskuinean Ger mendi ederra genuen...
...eta gibelean Laruns, Ossau bailarako herririk handiena.
13:05 : Lazive (1445m)
Hiru ordutan egin genuen tontortxorainokoa. Berez Soum de Grum mendiraino segitzeko intentzioa genuen, baina ordua ikusita eta oraindik bertze tontorrera ordu eta erdi gelditzen zitzaigunez, bertan akitzea erabaki genuen.
Gailurrean otordutxoa eta egonaldia egin genituen. Egun osoan zeropetik egon arren eguzkitan ez zen gaizki egoten.
Gourette ingurua ongi elurtua ageri zen kaskotik.
Egonaldiaren ondotik jaitsiera. Elur hauts arina harrapatu genuen autoraino eskiatuz. Egun biribila beraz!
15:45 : Bages (665m)
Honela agurtu genuen Ossau bailara zuri-zuri, inoiz ez nuen horrela ikusia eta ederra zegoen benetan. Segi dezala bestak!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina