2017/11/18

Barbe (2468m)

EGUNA: 2017/11/18

IRTEERA: Super Bareges eski estazioko errepidea (1629m)

ZAILTASUNA: PD/S3

DENBORAK:
  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Super Bareges eski estazioko aparkalekura ailegatu baino lehen, bihurgune estu batean utzi behar da autoa. Elur asko badago azken bide zatia itxita egoten da eta beraz, Tournaboupeko aparkalekuan utzi beharko dugu autoa.

KRONIKA:
Lehen elurteak eta gero egindako euriak gogor utzi ditu ipar aurpegiak eta egun batztako eguzkiak hegoetako elurrak urtzen ari da. Ez dago erraz beraz denboraldi hasiera honetan lehendabiziko ateraldiak egiteko leku onak harrapatzea. Horietako bat da Baregeseko eski estazio ingurua. Elur anitz egin zuen han eta hego aurpegi dexente daude aukeran altuera handi xamarretik abiatuta. Klasiko bat izanik eta dauden aukera gutxiak ikusita, jendea harrapatu genuen han, baina uste baino gutxiago egia erran eta egun eta elur bikainarekin eman genion denboraldi berriari hasiera.

9:45 : Super Bareges eski estazioko errepidea (1629m)
Tournaboupetik igotzen hasi beharko ginela uste genuen, eta sorpresa polita izan zen Super Baregeseko errepidea irekita zegoela ikustea. Eski pistetatik egiten diren 200 metro aspergarriak kendu genizkion igoerari eta gure denboraldi hasmentako forma fisiko eskasak ere ederki eskertu zuen. Bide bazterrean autoa utzi eta Capeteko pistatik hasi ginen Barbe aldera igotzen.



Lehen metro horietako hego aurpegi maldatsuko elurra joan da jadanik, baina Capeteko pistan jarraitasuna zuen elurrak. Eskiak oinetan eginen genituen autotik gailurrerainokoak.


Altuera poliki hartzen du pistak lehen metroetan...


Magaletan elur jarraia aurkitu genuenean, 1800 metro inguruko altueran, pista utzi eta hego maldetan goiti abiatu ginen.


Berriz ere neguko sentsazio ederrak...


Elur maila altu dago oraindik eta bailarak udazken koloretan daude, normala da azaroan baikaude.


Lahuedeko lakuen ingurutik Barbeko kaskoa begibistan hartu genuen lehendabiziko aldiz. Argazkian ezkerretara dagoena da, eskuinerago aldiz, Bedera mendia. Hortik goiti, malda tentetzen da.


Azken metroak Barberen hegoaldeko maldan, gibelean Taillon inguruak genituela.


12:28 : Pic de Barbe (2468m)
Gailurretik Cremat, Pene Blanque, Midi de Bigorre, Bonida eta Bedera, sektore bertze mendi-eski klasikoak denak.


Iparraldean Lac Bleu, bere ondoan Bizourtere mendia eta gibelean Montaigu ederra.


Hegoaldean Neouvielleko mendigunea, nire maitatuenetariko bat.


Jaitsieran elur bikaina harrapatu genuen eta jarraikortasuna gailurretik autoraino, magal elurtuetatik 1800 metro ingururaino eta hortik beheiti Capeteko pista elurtutik.


14:45 : Super Baregeseko eski estazioko errepidea (1629)
Eman diogu denboraldiari hasmenta, baina orain elur gehiago egin arte egon beharko dugu. Denboraldi on denei!

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina