2018/04/05

Colmar - Amsterdam

SARRERA
Iaz udaberriko oporraldian Donejakue Bidean izandako esperientzia politaren ondotik, aurtengo ere bertze bizikleta bidaiatxo bat planteatu behar genuela bururatu zitzaigun. Kubako ideia buruan genuen, baina hain denbora gutian ezin horrelako bidaiarik egin eta Europa aldera zuzendu genuen gogoa. Bisitatu nahi genituen hainbat herri eta hiri lotu eta segidan heldu den ibilbidea atera zitzaigun.

NOLA AILEGATU ETA ITZULI
Hasmenta eta bukaera erabakita, joan eta itzultzeko modua pentsatzen hasi ginen. Bizikletarik izan ezean hegazkina erabiliko genukeen, Estrasburgora joan eta Amsterdametik itzultzeko; baina fakturazioak saihestu nahi genituen eta trenen prezioak begiratuta, trenez oatea erabaki genuen. Horretarako bizikletekin paketeak egin behar dira, gehienez 120x90x40 zentimetroko neurrikoak. Gure kasuan bolatxodun plastikoz inguratu genituen, zirrikak eta manilarra kenduta. Trenaren bileteak ouisncf.com erosi genituen.

SEGITUTAKO IBILBIDEA
Behin bisitatu nahi genituen herrien zerrenda eginda, Google Mapsaren bidez diseinatu genuen gure ibilbidea. Bizikletaz joateko aukera jarrita, berez bide onenak hautatzen ditu, batzutan bide berdeak eta bertzetan errepideak erabiliz. Dena den, errepideren bat edo bertze, trafiko handi samarrekoa suertatu zen, eta hauek saihesteko aukera dago bide berdeak erabiliz. Harrigarria da Europako bide berde sarea. Gure ibilbideko puntu ia guziak bide berdeetatik lotzen ahal dira eta hori egitea da nire gomendioa, guk momenturen batean hori ez egin arren. Bide luzexeagoa ateratzen da horrela, baina aise politagoa eta seguruagoa. 

NON LO EGIN ETA JAN
Gure kasuan, gaua hotel eta aterpeetan pasatu dugu eta janari gehiena aldiz guk prestatu dugu. Erabaki hau pisu eta azkartasunaren artean oreka bat bilatzeko asmoz hartu genuen. Izan ere, martxoan eta apirilaren hotz egiten du normalean zonalde horietan eta gure kasa lo egiteko lo zaku lodiak eta kanpin denda hartuta, pisua anitz igoko litzateke. Kontuan hartuta, ibilbide osoa egiteko 10 egun bertzerik ez genituela, horien ordez lo-lekuak ordaintzea erabaki genuen. Udan eta asti gehiagorekin eginez gero, kanpin-denda eta zakuarekin bidean dauden kanpin anitzetan egiten ahal da lo, edo bide bazterreko milaka xoko politetan.

Janariari dagokionez, lo egiten gastatuko genuen dirua aurrezteko, gasa eta baxera hartu eta ia dena dendetan erosi eta guk prestatzen genuen. Dendak ez dira hemengoak baino garestiagoak, jatetxeak bai ordea.

ERAMANDAKO MATERIALA
Kontuan hartu behar da garai nahiko hotz eta euritsuan egin genuela ibilbidea. Materiala aldatuko litzateke udan eginez gero, edo kanpoan lo egiteko erabakia hartuta. Hau da nik eramandakoa:
  • Bi kulote luze (bat ez nuen erabili ere egin, hoteletako arraskan garbitzen baikenuen arropa tarteka)
  • Bi mailot motz eta luze bat
  • Mauka luzeko kamiseta termikoa 
  • Gore Texa (mendikoa)
  • Plumifero fina
  • Jertsea
  • Bi kamiseta 
  • Barneko arropa
  • Bi galtza luze 
  • Buruko zapi fina eta lodia
  • Betaurreko beltzak
  • Nezeserra
  • Toalla
  • Eguzkitako krema 
  • Erabilera anitzeko herraminta
  • Kamarak
  • Argazki kamera
  • Bateria kargadoreak
  • Janaria prestatzeko baxera eta gasa


EGUNEROKO KRONIKA

1. ETAPA: COLMAR - ESTRASBURGO (98 km)

ARDO ETA IPUINEN LURRALDEAN

Hasi da gure abenturatxoa. Ipuinetako herrien artean pasatu dugu lehen eguna, alemaniar zaporeko Frantziako Alsazian.

Goiz freskoak eman dio gure ibilaldiari ongi-etorria. Colmarretik abiatu gara, erdigunean sartu gabe bezperan ikusia baikenuen. Eguisheimera jo dugu hegoalderantz, nahiz eta etapa iparraldean akituko dugun.

Petite Venise deritzona Colmarren

Gure asmoa EuroVelo5 ibilbidea herri horretan hartzea zen. Hortik aitzin, EuroVelori kasu handiegirik egin gabe eta Google Mapsaren laguntzaz, Ardoaren Ibilbidea deritzona segitu dugu.

Eguisheim

Izen hau mahasti eremu zabalen artetik pasatzen delako hartzen du. Mahastien artetik eta ipuinetako herriak zeharkatuz. Eguisheimen gibeletik, Turckheim, Riquewihr, Ribeauville... etorri dira. Zoragarriak denak, baina gure iritziz ederrena Kaysersberg izan da. Hansel eta Gretelen txokolatezko etxea bakarrik falta zuen.

Kaysersberg


Selestat herrian akitu da eguneko ibilbide zatirik ederrena. Hemendik, Obernai herrira jo dugu, errepidetik zati gehienean. Obernai ere herri dotorea da, bertzeen idurikoa, handiagoa izanagatik. Hemen geldialdia te beroa hartzeko eta euria hasi aitzinetik Estrasburgorako bidea egin dugu. 

Ardoaren Ibilbidea


Lo lekuan gauzak utzita, hiriaren erdigunera jo dugu pixka bat ezagutzeko asmoz eta hiri ederra iruditu zaigu. Uste baino ederragoa egia erran. Erdigunean eta Petite France deitzen den auzoan eman dugu bueltaxka eta garagardo fresko bat hartuta, apartamentura itzuli gara.

Estrasburgoko katedrala

Biharko eguraldi txarragoa dago iragarrita. Ea nola joaten den eguna!

Estrasburgoko Petite France auzoa


2. ETAPA: ESTRASBURGO - SARRE UNION (88 km)

OZTOPO GUZIEN KONTRA

Txirrindulariaren hiru aurkari handienetarikoei egin behar izan diegu aurre gaurkoan: trafikoari, haizeari eta euriari. Azken honek gure etapa naho baino lehen akitzea eragin du.

Manie au Rhin kanalaren ertzetik utzi dugu Estrasburgo kozkorra. Bat-batean isiltasuna. Kanala, basoa, ahate lotsatiak eta gu amaigabeko zuzengune lauetan. Tenperaturak atzokoaren lepotik burua, baina ibilian berotzea lortu eta martxa onean ibili gara, Saverne herria baino kilometro batzuk lehenago bide berdearen mozketa batek errepide nagusira aterarazi gaituen arte. Hemen agertu zaigu lehen aurkaria: haizea. Kontrako haizearekin egin behar izan ditugu Savernerainoko gelditzen ziren kilometroak. Oasi bat bailitzan hartu dugu ikusi dugun lehendabiziko patisseriea. Bina opil eta te beroak animo eta indarrak berpiztu eta berriz ere kanala hartu dugu. Lutzelburgeraino. Bi herri hauen arteko kanaleko bide berdea ederra da, hersten doan bailaratxo bakartiaren erditik baitoa.

Marne au Rhin kanala

 Lutzelburgen, Google Mapsaren aginduak zintzo betez, bide berdea utzi eta errepidetik Phalsburgera igo gara. Oraindik ez ginen egindako "akatsaren" jakitun. Izan ere, bide berde sareak itzuli handiagoa eman arren, gure helburua zen Sarreguemines herrira eramanen gintuen. Googlek ordea, bide motzagoak bilatzen ditu eta Phalsburg eta Sarre-Union arteko errepidera eraman gaitu. Trafiko handia harrapatu dugu zati honetan eta hori gutxi balitz, euria hasi du. Txubaskeroak jartzera gelditu orduko bustita geunden. Hala ailegatu gara kilometro sorta honetan aurkitu dugun lehendabiziko herri "handiraino" eta jendeari galdezka herriko hotel bakarra aurkitu dugu. Herri tristea, hotela ere halatsu, baina dagoena dago. Sarregueminesek bihar arte itxaron beharko du...

3. ETAPA: SARRE UNION - KONZ (139 km)

SARRE IBAIAREN ERTZETIK

Sarre ibaia izan da gaurko protagonista nagusia. Ia etapa guzia egin dugu haren ertzetik eta bere "sekretu" batzuk erakutsi dizkigu.

Bezperako bustialdiaren ondotik, egun nahiko argi eta eguzkitsuak eman dizkigu egun onak. Sarre-Union agurtu eta berriz ere Google Mapsari jarraika, inguruko baso ederretan galduta ibili gara eguna ongi hasteko. Nolabait ateratzea lortu (azkenean bide berdeei segituz) eta Herbitzheim herrixka politean Sarreko kanala hartu dugu. Kanal horretatik ailegatu gara Sarreguemines herrira eta segidan Alemaniako lurretan barneratu gara.

Baso ederretan galduta

Gaurkoan haizea lagun, ziztu bizian utzi ditugu gibelean Saarbrücken, Völklingen eta Saarlouis hiri industrialak. Dezepzio ttikia generaman gainean, Alemaniako hasierako zati hau zela eta, baina Merzig herritik aitzin paisaia erabat aldatu eta Sarreko bide berdearen zatirik ederrenean barneratu gara.


Haran sakona, basoak, herrixka "galduak... Eta guzia biribiltzeko Sarre ibai ertzeko altxorrik handiena iruditu zaigun Saarburg herria. Derrigorrezko geltokia etapa luzean.


Sarre ibaia Mosela ibaian desagertzearekin batera akitu da gure etapa, bi ibai hauen arteko bidegurutzea den Konz hirian. Bihar ibaiak eta bide laua utzi eta "mendian" barneratuko gara bi egunetarako.

Saarburg


4. ETAPA: KONZ - WINTERSPELT

ETAPA ERREGINA

Erregina gogortasun eta edertasunagatik. Etapa guzia goit eta beheiti pasatu dugu eta 100 kilometrotik goitiko bertze egun batean 1300 metroko desnibela pilatu dugu. Nork erran zuen Alemania laua zela?

"Mendi" aldera sartu aitzinetik, Mosela ibaiaren ertzetik kilometro gutxi batzuk egin eta Trier, Alemaniako hiririk zaharrena omen dena, bisitatu dugu. Besta eguna izanik, goizean ia inor ez zebilen hiriaren erdigunean eta erraz egin dugu sar-atera. Trier gibelean utzita hasi da egiazko etapa.

Trier

Hasteko, Google "maiteari" segika 51 errepidea hartu dugu. Trafiko handia zebilen jadanik goizeko ordu horietan eta ia 30 kilometro hortik egin beharko genituela ikusita, ahal bezain laster atera eta bertze bide baten bila hasi gara. Luxenburgoko muga aldera jo dugu eta bertako herri ttiki bateko baten aholkuari kasu eginez bide berde bat harrapatu dugu Wintersdorf herrian. Bailaratxo eder batetik egin ditugu ondoko kilometroak, Alemania eta Luxenburgoren arteko mugatik. Bitburgora ailegatu baino lehen, ezker desbideratu eta metro bat laua ez zuen bide berdetik ibili gara. Ederra iruditu zaigu, baina gogorra aldi berean.


Baserri giroko herri andana zeharkatu dugu bidetik, Rittersdorf, Bickendorf, Schleid, Feuerscheid... Azken honetan iparraldera doan bide berde polita utzi eta Googlek erakutsitako errepidetxoetatik ipar mendebaldera jo dugu, Belgikako mugaren bila. Lascheid, Eilscheid eta Merlscheid herritxoak pasatu ditugu, jadanik euri pixka bat lagun genuela eta Pronsfelden errepide nagusiagoa hartu dugu etapa akitu dugun lekuraino.

Bide berde zoragarriak

5. ETAPA : WINTERSPELT - AACHEN (107 km)

ANTZINAKO TRENAREN BIDETIK

Antzinako lurrin-makinen bideak, bide berde zoragarriari utzi dio lekua eta ibilbideko bertze etapa eder bat burutu dugu bertatik, Hautes Fagnes - Eifel parke naturala eta Monschau herri zoragarria ezagutuz.

Goiz hotzak behelainopean eman digu ongi etorria  Winterspelt herrixka ttikian eta errepidetik hasi dugu eguna, atzo akitu bezala. Saint Vith herrira joan gara, jadanik Belgikako lurretan, eta bertan hartu dugu herri hau Aachenekin lotzen duen bide berdea. Benetan gomendagarria!

Tailer inprobisatua

Baserri giroko zelai berde eta herrixka ttikien artetik hasi gara etaparen lehen zatian. Poliki-poliki, behelainoak eguzki ederrari utzi dio lekua, nahiz eta ez zuen egun guzian zehar hor iraunen. Hautes Fagnes - Eifel parke naturalera hurbildu ahala aldiz, zelai berdeek bertze paisaia bati utzi diote lekua. Pinuak eta Europa iparralderago dauden paisaia irudikatzen dituen estepa gisako batean sartu gara. Zoragarria iruditu zaigu zonalde hau! Orain arteko ederrena Pirisentzat.

Bidelapurrak trenari erasotzeko prest

Kilometro batzuk zonalde bakartitik eginda, trenbide zaharra utzi eta Monschau herrira ikustera joan gara. Pare bat kilometro urrundu behar da bide berdetik, baina merezi du! Lautadak altuak utzi eta zulo batean sartuta dago, errekaren ondoan. Pelikuletako dekoratu bat ematen du herriak, ez dakit mendebaldeko pelikula batekoa, edo beldurrezko pelikula batekoa... Berezia da bertako atmosfera. Hori bai, larunbata izanik, bisitariz lepo harrapatu dugula ere erran behar da, eta hain turistikoa izanik arras garestia dela ere bai! Kafeak 4 eurotik goiti, beraz hobe etxetik termoa eramatea!

Monschau

Monschau utzi eta beheranzko joera duen bidean ziztu bizian egin ditugu azken 40 kilometroak, elkarri erreleboak emanez. Aachen hirian akitu dugu etapa, berriz Alemanian, baina denbora gutirako, gure apartamentua Herbehereetako lurretatik 300 metro eskasera baitago. Baina hori biharko kontua izanen da...

6. ETAPA : AACHEN - HASSELT (65 km)

INORAKO TRANSIZIO ILUNA

Eguraldi iluna, euria txikia, haizea kontra, ez zuen itxura onik goizean eta ez dugu nahi genuen etapa egiterik izan, bigarrenez gure bidaian.

Egun arraroa izan da gaurkoa. Eskasa erranen nuke. Goizean jadanik nekatua eta gorputzaldi eskasarekin jaiki naiz ohatzetik. Kanpora begiratu eta euria. Presarik gabe gosaldu eta halako batean atera gara gerrarako prest dauden gerlariak izanen bagina bezala. Abiatu eta segidan zulatua izan dut... Aitzinera segitu dugu ipar haize zitalaren kontrako borrokan bakoitza bere munduan bakartuta, isiltasunean.  Euriak, zaparradatxo ttikiren bat izan ezik, su-etena eskaini digu; ez ordea haizeak. Maastricht kanpoko aldetik zeharkatu eta Anberesekin lotzen duen kanaleko bide berdean sartu gara.

Maastricht eta Anberes arteko kanalean

Hortik aitzin, haizeak ufada handiagoekin egiten zigun aurre, parez pare gainera. Honela ailegatu gara Hasseltera, goxotasuna desira duten umezurtzen antzera. Egun ilun eta hotzak gure animoak kolpatuak zituen ordurako eta errendizioa sinatu dugu. Bertan emanen dugu gaua, gazte aterpetxean. Bigarren "huts egiterik" ezinen da egon, ortzegunean Amsterdamera bizikleta gainean ailegatu nahi badugu...

7. ETAPA : HASSELT - ANBERES (85 km)

KANALE MADARIKATUA

Etapa lasaia eta erraza izan behar zena, Maastricht eta Anberes arteko kanaleko obra ugarien erruz emandako itzuliek konplikatu dute. Hemen ez da ezer oparitzen.

Guti asko pentsatuko genuen goizean Hasselt utzi eta Anberes aldera doan kanala hartu dugunean, zenbat kostatuko zitzaigun Anberesera ailegatzea. Aldeko haizeari esker, eta atzo baino aise tenperatura goxoagoarekin ziztu bizian gindoazen. Lehen ordua egin aitzinetik 20 kilometro eginak genituen. Ordu baterako ailegatuko ginela uste genuen eta kaka! Bat-batean, kanaleko bide berdean mozketak hasi dira eta ondorioz desbideraketak... Ez bat eta ez bi... Desbideraketen ondorioz galduta ibili gara behin baino gehiagotan eta ez gara berehalakoan ailegatu Anberesera. Atzoko kontrako haize hotzagatik eta gaurko mozketen ondorioz izandako kalapitagatik, nazka ederra hartu diogu kanalari.

Anberes

Behin Flandriako hiriburuan, aldartea aldatu zaigu, alde zahar ederra bisitatu eta gero. Grote Markt plaza ezagunean izan gara eta oraindik bezperako Flandriako itzuliaren bestondoarekin aurkitu dugu hiria. Izan ere, bezperan bertatik atera zen proba eta pena pixka bat eman digu garaiz ailegatu ez izanak. Bertze batean izan beharko...

Anbereseko katedrala


8. ETAPA : ANBERES - BRUJAS (110 km)

FLANDRIAKO HIRIEN ITZULIA

Flandriako hiri nagusienak lotu ditugu gaurkoan. Anberesen gosaldu, Ganten bazkaldu eta Brujasen afaldu dugu...

Eguneko lehen bitxikeria Anberesen bertan izan dugu. Google Mapsari segika, kanala zeharkatzeko zubi baten bila hasi eta ez genuen inon ere zubirik ikusten. Azkenean, bertako bati galdetu eta zubia ez zela, kanalaren azpitik doan tunela baizik. Jator asko tunelaren sarrerara eraman gaitu. Egia erran bide guzian zehar jendea arras ongi ari da gurekin portatzen.

Zubia igotzen itsasontziak pasatzeko

Anberes utzi eta haizeari aurre eginez egin behar izan ditugu Ganterako kilometroak. Hori gutxi balitz, hiriaren sarrera berriz zulatu dut, hirugarren aldia jadanik bidea hasi genuenetik. Erreferentzia onak genituen Ganteren inguruan eta ez digu hutsik egin. Erdialdea benetan ederra iruditu zaigu.

Gante

Bertan, kanal baten ertzean gustura egon gara zerbait jaten aitzinera segitu aitzinetik. Etaparen bigarren zatian haizeak gehixeago lagundu digu eta ongi ailegatu gara Flandriako eguneko hirugarren hirira, Brujas ezagunera.

Kanalak Ganten

Hartua genuen hotelera joan eta overbooking bat tarteko, lau izarreko bertze batera eraman gaituzte eta gainera gosaria oparitu. Hotelean sartu bezala, alimaleko zaparrada bota du. Bigarren egunean izan ezik, ikaragarrizko zortea ari gara izaten euriarekin, ia egunero egiten baitu, baina beti guk etapa akitu eta gero.

Brujas (I)

Eguneroko dutxa goxoaren ondotik, hiria bisitatzera atera gara eta zinez, ederki ulertu dugu zergatik den hain ezaguna. Alde zahar zoragarria du, kanaltxoz inguratua eta garai bateko eraikinekin.

Brujas (II)

Belgiar txokolate ezaguna eta garagardoak saltzeko dendak ez dira falta, ezta jatetxe eta tabernak ere. Haietako batean garagardo bikain bana hartu dugu atseden hartzera joan aitzinetik.

Brujas (III)


9. ETAPA : BRUJAS - OUDDORP (100 km)

IPAR ITSASOAREN ENBATA

Ziztu bizian egin dugu gaurko etapa haize gogorrak ipurditik bulkatzen gintuela. Ipar Itsasoaren ertzetik, akabaila hurbil da.

Bagenekien gaurkoan haizeak lagunduko zigula eta hala izan da. Brujasetik abiatu eta Herbehereetako lurretan sartuta, Ouddorperaino egin dugun bidean haizeak ziztuan eraman gaitu. Haizeak eta gure hankek noski! Zortzi egun segidan bizikleta gainean eramanda, gorputzak eta ipurdiak duten nekea nabaria izan arren, hankek gero eta errazago mugitzen dute garapena.

Dammeko errota


Kanaltxo polit bati segika laster ailegatu gara Damme herrira. Gidetan eta aipatzen da herri hau, eta hortaz bisitatzera sartu gara, baina ez zaigu bertze munduko ja iruditu. Agian atzo brujasek liluratuta utzi gintuelako izanen da, baina sarrerako errota ikusgarriaz aparte ezer guti gehiago. Hortik, Breskens herrira zuzendu gara. Hemen itsasoratzen den ibai zabala zeharkatzeko, ferri bathartu behar da. Aipagarria da ferria oinezkoek eta bizikletadunek bakarrik hartzen ahal dutela. Eredugarria da Holandan bizikletei ematen zaien lehentasuna. Indian behiekin gertatzen omen den bezala, hemen bizikletaz doana da jaun eta jabea. Harrigarria erraterako, dike ezagunak zeharkatzean, bizikleten erraila autoena baino zabalagoa izatea. Hitzetatik ekintzetara pasatu dira eta jende anitz ikusten da txirrindula gainean. Badugu zer ikasi!

Ipar Itsasoko hondartzak

Kosta bazterretik egin ditugu kilometro gehienak. Hondartza luzeek eta bertako txiringitoek opor usaina ekarri digute. Landen antza hartu diot itsasertzari nik. 

Eta bihar azken eguna. Sentimendu kontrajarriak berriz ere. Alde batetik, hasitakoa akitzeko gogoa, gorputzari atseden ematekoa, ipurdiko min hau atzentzekoa. Baina bertzetik, oporraldiaren akabailak sortzen duen tristura puntuarekin...

10. ETAPA : OUDDORP - AMSTERDAM (115 km)

BUKAERA GOGORRA

Ez dago Eliseo Zelaietako paseorik hemen. Azken eguna ibilaldiko gogorrenetarikoa izan da, ez ibilbidearen gogortasunagatik, haize gogor eta tenperatura hotzagatik baizik.

Aurreikuspenek asmatua zuten eta gure egurrezko etxolatxo politetik haizearen amorrua sumatzen ahala genuen. Hala, dena jantzita atera gara, haizeari azalarekin kontaktuan jartzeko traba guziak jarrita. Tenperaturak 5 gradu ingurukoak izanen ziren, baina 50 Km/h haizeekin zeropetik bortz graduko sentsazio termikoa zegoen iragarrita. Lehen kilometroetan nahiko lagun izan dugu haizea eta bazterretik jo arren, nahiko aldekoa izan da. Hotza nabaria zen ordea. 

Arditegia, gure babesleku

Hala, nahiko aise ailegatu gara Rozenburg herrira. Hemen ordea, Het Scher ibaia zeharkatzeko ferriaren zain eta ferrian zehar, izoztuta gelditu gara eta hortik aitzin hasi da sufrimendua. Berriz beroan sartu ezinik, eskuak eta hankak izoztuta, egin ditugu ferria utzi eta ondoko kilometroak. Eta hori guti balitz, Hagara ailegatu baino lehen zaparrada bat hasi du. Sentsazio termiko baxuekin bustitzea azkena izanen zelako, arditegi batean babestu gara euri-jasak irauten zuen bitartean. Momentu bitxia eta barregarria izan da.

Herbehereetako errota ezagunak

Handik aitzin, berriz beroan sartzea lortu dugu, eta egunak ere argitzera jo du, hotz jarraitu arren. Amsterdam gero eta hurbilago genuen eta gure animoek ere goiti egin dute. Eta honela ailegatu gara legerik gabekoa omen den hiriburu eder honetara, gure bidaia honen azken geltokira. Arratsaldea eta biharko eguna ditugu hiria ezagutzeko eta atseden hartzeko, etzi etxera itzuli aitzinetik.

Amsterdamen, kontent egindakoarekin

BIDEOA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina