2018/04/22

Gela (2851m)

EGUNA: 2018/04/21-22

IRTEERA: Chapelle de Heas (1519m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Chapelle de Heas - Cabane de l'Aguila : Ordu bat
  • Cabane de l'Aguila - Pic de la Gela : Bi ordu eta erdi
  • Pic de la Gela - Chapelle de Heas : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartuta Tarbeseko irteeraraino joko dugu eta behin autopista utzita Lourdesera. Lourdes hiria zeharkatuta hegoaldera Luz Saint Sauveur herrira eramanen gaituen errepidetik igoko gara eta behin hona iritsita Gavarniekoa hartuko dugu. Errepide honetatik goazela, Gedre herrixka zeharkatu bezain laster ezkerretara desbiazio bat dagoela ohartuko gara. Troumouseko zirkura igotzen den errepidea da. Hemendik igoko gara Heas deitzen den auzotxoraino. Auzoaren goiko zatian eliza bat dago eta haren ondoko aparkalekutik abiatzen da eginen dugun bidea. Neguan normalean errepide zati hau itxita egoten da Gedretik goiti.

KRONIKA:
Udaberriko lehen antizikloi indartsuak tenperaturak igotzearekin batera, elur maila ere igo du eta neguan itxita egoten diren errepideak irekitzen hasi dira mantso-mantso. Guk hauetako bat aprobetxatu dugu, Heaseko bailaratxo ederrean sartzeko eta oraindik ugaria den elurraz gozatzeko.

2018/04/21
17:07 : Chapelle de Heas (1519m)
Larunbat eguerdian abiatu ginen Pirinio aldera. Heasera igo, trasteak antolatu eta goiti!



Bagenekien 300 bat metroko desnibela eskiak bizkarrean genituela egin beharko genuela. Ateraldi honetan ohikoa da hori, lehen zatia hego-mendebaldeko orientazioa duen maldatik egiten baita eta elurra laster joaten baita.


Motxilak pisuak bizkarrean gogotsu bidean goiti...


Heaseko bailara polita bidetik...


Goitiago berriz, la Munia ezkerretara eta Gabiedou mendia eskuinetara. Biak ala biak ezagun zaharrak, azken hau eskiatzeko bikaina izanik.


Bide harritsuan, elurrera ailegatzeko puntuan...


Erran bezala, urtegitxo ttiki bat baino goraxeago, Aguilako etxola dagoen bailaran sartu ginen eta hemen jadanik elurra harrapatu genuen. Gaua pasatuko genuen etxola hurbil genuen jadanik.


18:08 : Cabane de l'Aguila (1900m)
Autotik ordubetean etxolan ginen. Leku politean kokatua dago, harkaitz handi batek iparrean dituen malda tenteetako elur-jausietatik babesten duela eta erreka ondo-ondoan duela. Barnetik, nahiko sinplea da, 4-5 lagunek lo egiteko tarima eta lurreko sua bertzerik ez ditu. Dena den, ez dago egurrik egiterik inguruan.


Garai honetan ez da hain garrantzitsua sua ordea. Egunak luzeak dira eta tenperatura epelagoak lagun, su-bazterrean egoteko orduak kanpoan eguzkitan pasatzen dira. Iluntzean, afaldu eta lo egitera!


2018/04/22
8:24 : Cabane de l'Aguila (1900m)
Bezperako arratsean hodei altu eta finek estali zuten zerua eta hala iratzarri zen biharamuna ere. Izozte nahiko ona izan zuen elurrak hala ere. Gosaldu eta martxan jari ginen.


Etxola dagoen bailaratxoa bidetik.


Bailaratxotik ateratzen ipar magaletatik...


Lehen zati estu eta aldapatsuagoa gaindituta, leku ireki eta lauagoan sartu ginen. Gibelean Vignemale ingurua agertzen hasi zen.


2300 metro inguruan Montagne de Aguilous deitzen den zonaldean sartu eta Gela mendia parez pare ikusten hasi ginen.


Gure ezkerretara Aguilouseko etxola utzi genuen, Soum des Salettes mendiaren azpian. Hau ere gaua pasatzeko bertze leku aproposa izaten ahal da.


Bideak poliki-poliki hartzen du altuera. Eskirako malda etzan eta zabalak eskaintzen ditu zonaldeak eta nahiko bisitatua izan ohi da errepidea irekitzen dutenean. Hala ere, bertze leku batzukin konparatuta lasaitasuna ziurtatuta dago.


Gailurrera hurbiltzen. Gailurraren eskuinean dagoen lepoan utziko genituen eskiak.


10:14 : Col de la Gela (2709m)
Lepoa baino metro batzuk goitiago utzi genituen eskiak, 2750 metro inguruan. Azken metroak kranpoi eta pioletaren laguntzaz eginen genituen.


Nahiko tentea izan arren, ez da zaila azken igoera eta aitzinekoen arrastotik erraz egin genuen gailurrerako zatia.


10:36 : Pic de la Gela (2851m)
Gailurretik inguruko 3000koetara ikuspegi bikaina dago. Argazkian, Soum des Salettes, Pic Long, Campbieil eta Estaragne bertzeak bertze. Oroitzapen ederrak!


Urrunean, lanbro artean Vignemale eta eskuinerago bere anaia ttikia iduri duen Cestredeko malda zabalak.


Hurbilago La Munia eta Monte Perdidoko mendiguneak, 3000 metrotik goitiko gailur pila batekin. Hurbilago, Gerbats tente eta ederra.


Mendebalean Aureko bailara...


Eta puntaren puntan gu, gustura egon ginen tenperatura goxoarekin eta haizerik gabe gailurraz gozatzen.


Presarik gabe itzuli ginen eskietara, eguzkiari elurra guritzeko denbora uzteko. Hodei finek tapatu arren, bere lana egin zuen Lorentzok eta udaberriko elur goxoa harrapatu genuen jaitsiera osoan zehar.


12:28 : Cabane de l'Aguila (1900m)
Berriz etxolara bueltan, utzitako gauzak bildu, ehunzango itxurako arrak agurtu eta beheiti.


Xoko polita gibelean utziz...


13:28 : Chapelle de Heas (1519m)
Ziztu bizian egin genuen autorainokoa eta segidan Gavarniera jo genuen trago batekin ibilaldia ospatzera.


BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. MARTXAN HONTAN PIRINEOTAKO ETXOLEN GIDA BAT EGIN BEHARKO ZUTE!! SEGI HORRELA!!

    ErantzunEzabatu
  2. Kar kar kar...

    Gaua mendian pasatzea plazerra da niretako! Eta gainera biharamunerako desnibel gutiago egin behar!

    ErantzunEzabatu