2018/04/17

Soum de Coste Oueillere (2453m)

EGUNA: 2018/04/17

IRTEERA: Cabanes de Camoudiet (1438m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORA:
  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Pirinioak zeharkatzen dituen A64 autopista hartuko dugu eta bertatik segituko dugu Tarbes hiriraino. 12.irteeran, Tarbesen bertan, aterako gara autopistatik eta une oro Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleei segituko diegu. Behin herri hau gibelean utzita Campan bailaran goiti igoko gara, errepide nagusia utzi gabe, bukaeran dagoen Payolleko laku aldera. Lakua baino lehenago, estazioan bertan Hourquette d'Ancizan lepora igotzen den errepidetxo polita hartu behar da. Errepidetxo honek baso ttiki bat zeharkatzen du eta justu basoaren akabailan dagoen ezkerretarako bihurgune itxi batean, errepide nagusia utzi eta metro guttira dauden etxolen ondoko aparkalekura igoko gara. Neguaren bihotzean ezinezkoa da aparkaleku honetara autoz igotzea eta beraz, Payolletik bertatik abiatu behar da.
Hourquette d'Ancizanera igotzen den errepidetik, Camoudieteko etxolak eta eskuinean Soum de Coste Oueillere mendia


KRONIKA:
Gogoko tokian ez omen da maldarik izaten eta hala dela onartu beharko da. Lanetik lanera izan dudan 20 orduko tartea, Pirinioetan eski ibilalditxo bat egiteko baliatu dut, non eta hainbertze maite dudan Payolle inguruan. Bertze erreportairen batean aipatu dudan bezala, duela 25 urteko udan bertan familiarekin emandako Pirinioetako lehen oporraldiaren oroitzapenek eta zonalde berean egindako bertze eski ateraldi bikainek, leku maitatua bihurtu dute honako hau.

8:42 : Cabanes de Camoudiet (1438m)
Erran bezala, arratsaldeko 7etan lana akitu eta ziztu bizian furgoneta hartu eta Pirinio aldera eskapatu nintzen. Biharamun goizean Lore eta Guillaumekin hitzordua egina nuen Camoudieteko etxoletan.



Berez negu gorrian ezin da honaino igo autoz eta Coste Oueillere mendi klasikoari 400 metro gehiagoko desnibela gehitu behar zaio. Udaberrian sartuak gara ordea, eta elur anitz izanagatik, bide inguruak garbi harrapatu genituen.


Udaberrian ailegatzen diren porteo "maiteak" ere estreinatu genituen. Goitian erran dudan bezala, gogoko tokian maldarik ez!


1550 metro inguruan jadanik elurra zapaltzen hasi ginen eta beraz, berehala jantzi ahal izan genituen eskiak. Irudian, eskuinetara igoko genuen Soum de Coste Oueillere mendia.


Udaberriko kontrasteak...


1000 metroko desnibela izan arren, nahi laster igotzen den mendia da Coste Oueillere. Ez du sasi-ordekarik eta maldak ez dira tenteegiak ere. Malda ia perfektua du laster igo eta gustura jaisteko.


Behin 2300 metro ingurura dagoen lautadatxoan, Coste Oueillere Faltsua deitzen den kota parean utzi eta eskuinetara biratu ginen benetakoaren bila.


Coste Oueillereko lepora ailegatzen gibelean altuxeagoa den bertze kota genuela.


10:52 : Col IGN 2429m (2429m)
Lepora ailegatzeko azken metro tenteagoetan ekialdeko aurpegi berotuko elur ustelarekin gehixeago sufrituta ere, bi ordu pasatxoan jadanik gailurreko ertz-lerroan ginen.


Ertz zabal eta erraza segitzea bertzerik ez genuen egin behar, kaskora ailegatzeko.


11:02 : Soum de Coste Oueillere (2453m)
Eta bi ordu eta 20 minutuan han ginen tontorrean, bakar-bakarrik eta kontent. Gailurretik, egun bikainarekin, ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izan genuen. Argazkian, bertzeak bertze, Bastan, Neouvielle eta Quatre Termes ezagun zaharrak...


Eta hurbilago, Arbizon, Montfaucon eta Aulonek osatutako hirukotea...


Haizerik ez eta tenperatura epela, a zer egotea zegoen gailurrean!


Argazkia eta beheiti...


Jaitsieran elur nahiko ona harrapatu genuen, ez sobera homogeneoa izan arren. Oraindik urtze eta izozte fase batzuk falta zitzaizkion primerakoa izateko, baina ezin kexa!


12:29 : Cabanes de Camoudiet (1438m)
1550 metro inguruan eskiak bizkarrera, autora itzuli eta garagardotxoaren ondotik berriz ere ziztu bizian lanera. Ongi aprobetxatutako 20 ordu!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina