2013/04/03

Negre d'Envalira (2827m)

EGUNA: 2013/04/03

IRTEERA: Pas de la Casa (2095m)

ZAILTASUNA: Igoera (PD). Eski zailtasuna (S2).

DENBORA: 2 ordu (Igoera).

NOLA IRITSI:
Euskal Herritik abiatuta, Andorrara joateko biderik egokiena A64 autopistan barrena joatea da. Hemendik joko dugu Toulouserako norabidean, 20. irteeran (Saint Girons eta Foix) atera arte. Herri hauek atzean utziko ditugu eta Ax Les Termes herritik gora Andorran sartuko gara. Mugatik metro gutxitara dago Pas de la Casa eski estazioa.  Ibilaldia herritik bertatik edo Port d'Envalira mendaterantz jarraituz herriaren goiko partetik has dezakegu.

DESKRIBAPENA:
Aste Sainduko oporretarako iragartzen zen eguraldi kaxkarrari ihesi Pirinioetako ekialdera jotzea erabaki genuen, han hobexeagoa iragartzen zutelakoan. Hala ere, zeruak su-eten gutxi eskeini zigun. Horietako bat aprobetxatu behar izan genuen goiz pasa egiteko Andorrako milaka aukeretako batean.

10:00 : Pas de la Casa (2095m).
Eski estaziotik pixka bat gorago dagoen bihurgune itxi batean autoa utzi eta lehen metroak eski pistetatik eginen genituen. 


Bizpahiru pista zeharkatuta laster pistetatik atera eta begibistan genuen Abelletes mendiaren eskuinean dagoen lepora abiatu ginen.


Parean genuen eguneko mendiaren ipar magala...


11:03 : Col des Isards (2551m).
Lehen malda tentea gaindituta iritsi ginen lepora. Lepotik Abelletes mendia ondoan eta Pas de la Casa abiapuntua geo eta urrunago.


Lepora iristeko azken malda.


Hurrengo lepora ailegatzeko gainditu beharreko malda aurrez aurre genuen. Lehendabiziko metro batzuk galduko genituen goraka hasi aitzinetik.


Lepotik behera...


Azken metroak eguneko bigarren lepora iristeko.


12:01 : Port de Fontnegra (2652m).
Berez bi lepoen arteko bidea 20 bat minutuz egin daiteke baina hainbat arazotxo tarteko ia ordubete pasatu genuen. Lepoaren ekialdean izen bereko mendia hurbil ikusten da.


Baina gure helburua mendebaldeko bertze mendi bat zen. Jadanik ez zen askorik falta. Ezkerrekoa Negre d'Envalira da eta eskuinekoa Envalira. Gu ezkerrekora igoko ginen elur gehiago baitzeukan.


Lepotik atzera begirada Col des Isards eta Pas de la Casa aldera.


Porta herritik puntu berera datorren bidea haran politean gora.


Azken metroak malda nahiko errazetik igotzen ziren.


Negre d'Envalira eta Envalira mendien arteko bretxatik Grau Roigeko eski estaziorantz genuen ikuspegia. Bretxatik eski estaziora kanal bikaina jaisten da.


Envalira mendia gure eskuinean. Ez genuen igo.


Ezkerrera hartu genuen Negre d'Envalirara azken elur maldan gora.


12:29 : Pic Negre d'Envalira (2827m).


Iparralderako ikuspegia.


Gailurreko argazkia.


Behean zeharkatutako bigarren lepoa eta Fontnegra mendia. Urrunago berriz, Carlit mendia bertzeak bertze.


Portara jaisten den bailaratxoa eta Canigoko mendigunea urrunago.


Pessonseko zirkua ekialdean.


Hegoaldean Cadiko mendizerra eta Cerdanya.


Jaitsieran elur oso ona harrapatu genuen eskiatzeko. 5-10 zentimetro elur-hauts elur zaharraren gainean. Port de Fontnegrara begirada Col des Isardsetik.


Col des Isards eta Envalira mendiak lotzen dituen arista jaitsieran. Marka bakarrak gureak ziren.


Col des Isardsetik jaitsiera politagoa egiteko eski pistak alde batera utzi eta Estany des Abelletes lakura jaitsi ginen udaberriko elur goxoan.


Eta lakutik jaitsiera ahal bezainbat luzatzeko Pas de la Casako beheko zatiraino.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina