2021/08/31

Besiberri Nord (3008m), Punta Alta de Comalesbienes (3014m)

EGUNA: 2021/08/25-27

ABIAPUNTUA:  Pont de Rius (1700m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (PD). Ibilbide guziaren zailtasun tekniko apurrak Besiberri Nord mendiaren azken eskaladatxoan daude. III. graduko zati pare bat gainditu behar dira gailurra harrapatzeko.

DENBORAK:
  • Pont de Rius - Refugi dera Restanca : Ordubete
  • Refugi dera Restanca - Besiberri Nord : 4 ordu
  • Besiberri Nord - Refugi Ventosa i Calvell : 2 ordu eta erdi
  • Refugi Ventosa i Calvell - Punta Alta de Comalesbienes : 2 ordu eta erdi
  • Punta Alta de Comalesbienes - Refugi Ventosa i Calvell : Bi ordu
  • Refugi Ventosa i Calvell - Pont de Rius : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta Baqueira-Beret eski estaziora igotzen den errepidea hartuko dugu. Herritik atera eta laster ailegatuko gara Arties herrira. Hemen utzi behar da ibilgailua uda sasoian ezin baita Pont de Riusera igo. Herritik beretik ateratzen den autobus batek eramanen gaitu ibilaldiaren hasmentako puntura.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Uda akitzen ari zaigu eta zeharka bada ere neguko elur planak burura etortzen zaizkigu tarteka. Urre zuria agertu bitartean, ordea, bada zer egina. Abuztu bukaeran Aigües Tortes parke nazionalean izan gara, bertako Carros de Foc ibilbidetik hurbil dauden bi 3000ko igotzen. Tartean Besiberri Nord, begia aspaldi botata nion mendi ederra. Punta Altarekin batera konbinatuz, ibilbide zoragarria burutu dugu mendigunean falat zitzaizkidan 3000koak igotzeko.

2021/08/25
16:32 : Pont de Rius (1700m)
Arratsaldeak ekaitz itxura hartu zuen eta Vignemalekoaren ondotik ez genuen bigarren esperientziarik nahi. Autobusetik atera eta bizi-bizi abiatu ginen marka zuri-gorriek gidatzen duten bidetik.


Zorionez arintzera egin zuten hodeiek eta arazorik gabe egin ahal izan genuen bidea... Laster bistaratzen da Restancako urtegia.


Zeharkatu eta aterpea han berean...


17:08 : Refugi dera Restanca (2010m)
40 minutu eskasean aterpe zahar honetan ginen. Erreserba baieztatu eta egonean eman genituen afaldu bitarteko tartea...


Afari oparoaren ondotik laku bazterreko bueltaxka eta lotara. Pandemia garaian gaudenez logeletako jende kopuruak aunitz murriztu dituzte aterpeetan eta egia erran eskertu egiten da.


2021/08/26
7:56 : Refugi dera Restanca (2010m)
Eguna zoragarri ernatu zen eta gogotsu utzi genuen aterpea gosalondoan...


Carros de Foceko bidea utzi, lakua inguratu eta Lac de Mar lakura doan bideari segituko genion...


Aterpea beheitian...


Zelai honetan bertze bidegurutze bat harrapatuko genuen. Ezkerretara Ventosara doan bidea hartzen da, Tumeneiako lepotik pasatzen dena. Guk lehen bidegurutzean bezala Lac de Mar izanen genuen jomugan.


Bertze malda batetik lautadatxoa segidan utzi genuen beheitian...


...eta lehendabiziko aldiz gure eguneko helburu zen Besiberri Nord mendiaren ipar aurpegi dotorea bistaratu genuen. Puntu horretatik zirrara eragiten du egia erran...


8:37 : Lac de Mar (2250m)
Segidan agertu zitzaigun Mar lakua ere aitzinean. Bertzerik gabe, lakua eskuinetara utzi eta harri-mukuruei segituz inguratzen hasiko ginen.


Denbora osoan begirada Besiberri aldera joaten zen, harat ailegatzeko gogotsu...


Laku luzea inguratuta (horregatik paratu izanen diote Mar izena), malda berriz ere tentetu egiten da.


Punta d'Harle eta Pa de Sucre orratz ikusgarriak ezkerretara agertu zitzaizkigun... Ingurua zoragarria da, eta bakartia. Ez genuen inor ikusiko Besiberriko azken zatiraino.


Lac de Mar gibelean utzi genuen...


...eta Gelat lakua kokatu dagoen zirkutxora ailegatu ginen. Ikusgarria da benetan txoko hau! Pirinioek aunitz ezagututa ere beti uzten dute sorpresarako tartea.


Gelta lakua ere utzi eta harkaitzezko bloke artetik argazkian ezkerretara ikusten den arrakalara zuzendu ginen.


Peyta izenez ezagutzen den arrakalak mendiaren hego isurialdera pasatzeko aukera ematen du, handik Besiberri Nord mendiaren bide arruntarekin elkartuz.


Azken metroak tenteak eta hautsiak dira, deseroso samarrak...


10:20 : Brecha Peyta (2765m)
Lepotxo honetan antzina metalezko aterpetxo libre bat zegoen kokatua, Besiberrira modu erosoan ailegatzeko aukera ematen zuena. Urte aunitz dira dena den hortik kendu zutela. Guk aterpea zegoen lekuan atsedenalditxoa hartu genuen eguzkitan, ipar aurpegiko hotza gorputzetik kentzeko.


Segidan hegoalderantz metro batzuk jaitsi behar dira.


Mugarriek eskuineko paretaren kontra doan bidexka batetik eramaten gaituzte eta segidan elkartzen da bide hau Cavallers urtegitik igotzen den arruntarekin.


Paretarako azken zatia beraz bide arruntetik eginen genuen. Egun honetan eta ondokoan bide hori nondik igotzen den ikusteko aukera izan genuen eta dudarik gabe iparraldeko bidea aise interesgarriagoa iruditzen zait mendi honetara ailegatzeko.


Gailurra behatzekin ukitzen ahal genuen, baina oraindik azken eskaladatxo zatia falta zen.


Paretaren azpian materiala paratzea erabaki genuen, igoera zehazki nolakoa zen ez baikenekien. Gainera, aitzinetik ez genuen inor eta horrela edozein konplikazio saihesten ahalko genuen. 

 
Igoera ez da zaila, baina III. graduko pausuren bat edo bertze badu. Hasmenta helduleku aunitz duten tximinia batzuk igoz egiten da...


Gero ezkerretarako zeharkaldi bat egin behar da. Errazagoa da, baina esposizio handiago du. Zeharkaldia akituta bertze tximinia baten sarreran dago zailtasunik handiena, helduleku guttiko plakatxo bat igo behar baita. Hortik goiti bidea erraztu egiten da.



11:31 : Besiberri Nord (3008m)
Azken zatiaz gozatuz ailegatu ginen gailurrera eta hori gutxi balitz, oso-osorik guretako izanen genuen. Harritu gintuen inguruan ia inor ikusi ez izanak.


Gailurretik ikuspegia bikaina dago. Ekialdean Tumeneiako mendigunea eta Estany Negre inguruak. Han ondoan dagoen Ventosako aterpean emanen genuen gaua.


Iparraldean Mar eta Tort de Rius lakuak...


Mendebaldean iaz ibilitako Besiberri bailara eta Aneto-Maladeta mendigunea.


Eta hegoaldean Besiberri Sud eta Comaloforno inguruak.


Besiberri Nord, azkenean!


Gailurreko egonaldia eta gero, pareta kasu emanez jaitsi eta materiala gorde genuen.


Ventosa i Calvell aterpera joatea zen ondoko helburua eta horretarako bide arruntetik jaitsi eta berriz igo ordez, interneten harrapatutako bide bati segitu genion. Peyta arrakalaren azpira gure pausuetatik itzuli eta ekialdera zeharkaldi luzea egin behar da, harri-mukuru bakanak gida gisa hartuz.


Besiberri Nord eta Comaloforno lotzen dituen gandorra gibelean utzi genuen...


Bidexka ahula Punta d'Harle menditik jaisten den ertz zorrotza zeharkatzeko erabiltzen den Pas del Isardsera zuzentzen da. Nahiko urrunetik identifikatzen ahal da pasabide hau, ertza modu errazean zeharkatzeko aukera bakarra baita.


13:41 : Pas dels Isards (2746m)
Pasabidea zeharkatuta bidexka jakinik gabeko terrenotik mugituko ginen, GPSaren laguntzaz aunitzetan. Jende gutxi ibiltzen da arruntenak ez diren bide hauetan...


Horrela, biderik gabe harkaitzen artetik ailegatu ginen Estany de Malavesina lakura. Honen ertzean hasi ginen berriz mugarriak ikusten...


Gure eskuinetara beheitian utzi genuen Cavallerseko urtegia. Besiberritik Ventosara joateko bertze aukera hortik pasatzen den bidetik joatea da, baina aise gehiago jaitsi eta igo behar da.


Zatirik deserosoena pasatuta Travessani orratzak eta biharamunean igoko genuen Punta Alta mendien ikuspegiarekin gozatzen hasi ginen.


Hala ailegatu ginen Tumeneiako lakuetara...


14:36 : Estany de Tumeneia de baix (2285m)
...eta bigarren lakuan geldialdi luzea egin genuen bazkaldu eta atseden hartzeko. Eguneko lanik handienak eginak genituen!


Geldialdia luzatu egin zen, bainu eta guzi, eta arratsaldean egin genuen aterperako azken zatia.


Travessani lakuen bazterretik pasatuta Carros de Foc ezagunaren ibilbidean sartuko ginen Ventosara ailegatzeko.


17:10 : Refugi Ventosa i Calvell (2220m)
Paraje liluragarrian kokatutako aterpe honetan akitu zen gure bigarren etapa. Goiz zen eta terraza eguzkitsuan garagardo banarekin ospatu genuen Besiberriko gailurra...


Afari ederra eta iluntasuna nagusitu ahala ohatzera...


8:01 : Refugi Ventosa i Calvell (2220m)
Berriz ere gau ona pasatu ondoren, gosaldu eta gauzak motxilak prestatuta ekin genion hirugarren eta azken etapari.


Aterpearen gibeletik Estany Llongera doan Carros de Focaren zatiari segituko genion lehendabiziko zatian.


Bidea jaitsiera motz batekin hasten da; Colietoko lakuak dauden bailaratxoraino, hain zuzen ere.


Carros de Foc egin genuelarik ezagutzen banuen ere, bereziki ederra iruditu zitzaidan Colietoko lakuen ingurua...


Bi lakuen arteko zelaitxotik segitu genuen. Parean Contraixeko lepoa ikusten ahal da. Carros de Foc bertatik pasatzen da, baina gu aise lehenago eskuinetara biratuko ginen.


Isladak Colietoko bigarren lakuan...


8:15 : Pleta de Colieto (2194m)
Lakuak inguratuta zelaitxo honetara ailegatu ginen. Hemen zuzen Contraixera igotzen den bidea utzi eta eskuinetara belardian abiatzen den bidexka hartu behar da. Harri-mukururen bat bada, baina ez da aise ikusten.


Zelaitxoa zeharkatu eta seinale honek argi erakusten du Punta Altara doan bidean gaudela. Hemendik goiti bidexka aise garbiagoa da eta arazorik gabe segitzen da gailurreraino.


Zelaitxoak hortxe akitzen dira. Etenik gabe goiti egiten du bideak hortik aitzin...


8:49 : Estany de la Roca (2400m)
Lehendabiziko malda pikoa gaindituta lakutxo honetara ailegatu ginen. Inguratu eta harkaitzezko plaken arteko kanaletik segitzen du bideak.


Puntu honetan gailurra bistaratu genuen lehen aldiz. Ezkerrean ikusten dena da... Mugarriek ikusten diren harkaitz blokeen artetik doan bidexkari segitzen diote eta arazorik gabe ailegatuko ginen azken zatira.


Behin hor, harkaitzeko orratz eta paretatxoen artean dagoen puntu ahula bilatzen du bideak. Eskuak kasik erabili gabe egiten da gailurrerainokoa...


Lehen kanale erraz batek bigarren batean utziko gintuen...


Eta bigarrenak gailurretik metro eskas batzuetara. Puntu honetatik tontorreko antena ikusten genuen jadanik...


10:00 : Punta Alta de Comalesbienes (3014m)
Eta hantxe ginen aterpetik atera eta bi ordu inguruan arimarik ere ez zebilen bertze 3000ko batean...


Besiberri inguruak gailurretik. Argazkian ederki ikusten da Besiberri Nord mendira Cavallers urtegitik igotzen den bide normala.


Hegoaldean Boi-Taüll eski estazioa...


Iparraldean Montardo (lehen planoan) eta Mauberme (gibelean). Montardoren azpian ikusten den lepotik pasatuko ginen geroxeago...


Mont Roig eta Certascan inguruan, ustez behintzat... Zonalde honetan zailagoa egiten zait mendiak identifikatzea.


Bezperan bezala, luze egon ginen kaskoan. Bakarrik. Beheitirakoa bide beretik eginen genuen aterperaino.


Ziztu bizian jaitsi genuen malda tentea...


...eta Colietoko lakuetako zelaitxora ailegatu ginen.


Zoragarria!. Naturaren opari bat...


12:07 : Refugi Ventosa i Calvell (2220m)
Berriz aterpera bueltan, han utzitako gauzak bildu eta hamaiketakoa egiteko tarte zabala hartu genuen terrazan...


Ondoren postalez jositako ibilbidetik restanca aldera egin genuen. Lehendabizi Travessaniko lakuak inguratu genituen, Besiberriak une oro presente zeudela. 


Lehendik ezagutzen nuen, baina ederra da paraje hau. Normala iruditzen zait Carros de Foc ibilbideak hainbertze jende erakartzea.


Clot lakua Travessaniko orratzen azpian...


Mangades lakuan ezkerretara egin genuen Colomersera doan bidea eskuinetara utzita...


Eta leporako bideko laku besta hesten Monges lakua... Parean genuen jadanik Restanca aldera jaisteko zeharkatuko genuen lepoa.


Punta Alta mendia...


13:56 : Coret de Oelhacrestada (2475m)
Lepoa zeharkatu eta dena beheiti genuen busa hartzeko punturaino. GR11aren bidea hartuko genuen puntu honetan eta ez genuen utziko...


Jaitsieran bertze laku ikusgarri bat: Lac deth Cap deth Port.


14:37 : Refugi dera Restanca (2010m)
Puntu honetan hesti genuen ibilbide zirkularra. Oraindik 15:30eko autobusa hartzeko astira gindoazen eta bazkaltzeko baliatu genuen inguru eder hau agurtu aitzin...

15:28 : Pont de Rius (1700m)
Jaitsiera azkarra beheitiraino, autobusa hartu eta Vielhako Refu garagardotegira ibilbide bikain hau egin izana ospatzera...

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina