EGUNA: 2021/08/11
ABIAPUNTUA: Lac d'Aubert (2158m)
ZAILTASUNA:
Ertaina (PD+). Honako puntu hauek dira ibilbideari zailtasuna ematen diotenak:
- Ekialdeko aurpegia: 3a graduko pausuren bat badu, baina orokorrean erraza da.
- Ipar-mendebaldeko ertza: Hemen ere pare bat plakatxo zeharkatu behar dira 3. gradu ingurukoak.
DENBORAK:
- Igoera (ekialdeko aurpegitik): 3 ordu
- Jaitsiera (ipar-mendebaldeko ertzetik): 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Saint Lary Soulan herritik hegoalderantz errepidea hartu, Bielsako tunel alderantz. Haranean gora hainbat kilometro egin eta gero, Fabian herrixkan Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuko dugu. Oredon lakura heltzean, eskuinetara biratuko gara Aubert lakuko aparkalekura igotzeko. Bide zati honetan udan pagatu behar izaten da bederatzi eta erdietatik arratsaldeko seirak arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Neouvielleren itzalean gelditzen da normalean Ramougn mendia, elkarrekin lotzen dituen ertzeko punta honek igotzea merezi ez balu bezala. Altuera txikiagoak eta bertara ailegatzeko gutxienez III. graduko eskaladatxoak egin behar izateak bisitari gehienak ondoan duen anaia nagusira bideratzen ditu. Alabaina inbidia gutxi dio bizilagunari eta ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen ibilbide hau aktibibitate bikaina iruditu zitzaigun.
8:40 : Lac d'Aubert (2156m)
Aubertera igotzen den errepide bazterrak auto eta furgonetaz beteta zeuden eta ez zen erraza izan gaua pasatzeko txoko bat bilatzea. Goizean gosaldu eta gero egin genuen lakurainokoa.
Behin azpian, kaskoa burura, arnesa paratu eta aurpegia erditik mozten duen tximinia nabarmenean goiti abiatu ginen.
Ezkerretik eskuinetarako zeharkalditxoa eginez sartu ginen tximinian, azpiko zatirik bertikalena saihestuz. Behin bertan sartuta erraz egiten da goiti...
Metro batzuk igota tximinia bertikalago eta teknikoago bihurtzen da. Puntu horretan utzi eta ezkerretara hartu behar da. Hortik aitzin, etorriko zena nolakoa zen ez jakiteak ematen duen ziurgabetasunagatik soka jartzea erabaki genuen.
Behin plakatxoa gaindituta gailurra hurbil genuen. Soka bildu eta azken metro errazak igo genituen gandor zabaletik.
10:53 : Ramougn (3011m)
Soka aterata ere, bi ordu pasatxoan gailur polit eta bakartian ginen, Neouvielle ederra hurbil genuela.
Egonalditxoaren ondotik ipar-mendebaleko ertzetik hasi ginen jaisten. Mendi honetara igotzeko bide arrunta da honakoa, nahiz eta nire ustez igo ginen aldea errazagoa den.
Jaisteko ertzari segituko genion parean ikusten den plaka eskalatu eta balkoitxo erraz batetik hura uzteko aukera izan arte. Lehenago uzteko aukera ere bada, baina rapel luzea eginez eta guk 30 metroko soka bakarrik genuen.
Behin zatirik korapilatsuena gaindituta trasteak bildu eta atsedenalditxoa hartu genuen ertzean berean.
Ondotik, arestian erran bezala, terrazatxo batetik ertzetik urrundu ginen Ramougn mendiaren ipar-aurpegiaren azpian kokatu arte.
Lakuan bainutxo freskagarria hartuz akitu zen ateraldia, mendi bakarti eta ikusgarri hau ezagutzeko ibilbide zirkular ederra!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina