EGUNA: 2011/12/03
IRTEERA: Les Especieres eski estazioa (Gavarnie)
ZAILTASUNA: Errexa (F/S1).
EGURALDIA: Lainotsua.
DENBORA: Igoera 2 ordu eta jaitsiera ordu bat.
NOLA IRITSI: Lourdes hiritik iparralderuntz Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara. Azken honetatik Gavarnie herrira igoko gara, herria atzean utzi eta eski estazioraino ailegatuz.
SARRERA:
Pistetan eskiatzeko asmoz, Luz Saint Sauveur aldera hurbildu ginen lagun talde bat, baina aurtengo negu hasiera kaxkarrak ez du ia elurrik ekarri eta pistak itxita topatu genituen. Hala elur pixkat topatzeko asmoz Gavarnieko eski estaziora jo genuen. Bertatik abiatuta Entre Les Ports mendia igo nuen. Mendi nahiko ezezaguna da, eta misterio handiegirik gabea. Hala ere, egokia da mendi eskian hasten direnentzat eta elur jausi arriskua dagoenean. Bistak ere ederrak ditu.
DESKRIBAPENA:
Eski pistak itxita zeudela ikusita, Gavarnieko estaziora abiatu ginen eta 11ak aldera ailegatu ginen bertara. Hemen, lagunek autoz bide elurtutik Tenteseko lepora igotzea lortu zuten, errepidean behera eskiatzeko eta beste batzuk oinez buelta bat emateko aprobetxatu zuten. Nik, eskiak jantzi eta gorakoari ekin nion, aparkalekutik ikusita Entre Les Ports mendiko ekialdeko malda zuri ageri baitzen eta jende nahiko bertatik jaisten.
0h 00min: Les Especieres eski estazioa (1900m)
Errepidean gora igo nintzen, zentimetro gutxi batzutako elurra aprobetxatuz. Ezkerretara Taillon eta inguruen bista ederrak nituelarik.
Plateau de Saint Andre izeneko lautadara ailegatzean, errepide utzi eta Entre Les Portseko maldara abiatu nintzen zuzenean. Arrasto ugari zegoen eta horiei jarratituz malda tentea igo nuen sasigailurrera ailegatuz. Sasigailurra 2454 metroko altueran dago. Bertatik gailur nagusira ertz errez bat zeharkatu behar da eta minutu gutxitan ailegatu nintzen, eskirik gabe noski.
2h 00min: Pic Entre Les Ports (2476m)
Argazki kamararik ez neraman, beraz ateratako argazki gutxiak, gailurrean ezagututako bi frantziarrek eginak dira.
Nere atzean sasigailurra eta ertza ageri dira.
Jaitsieran elur ona harrapatu nuen sasigailurraren azpiko malda tentean, gero ordea oso elur gutxi eta harri asko. Azkenean berriz errepidean sartu nintzen eta bertatik jaitsi nintzen eski estazioraino.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina