EGUNA: 2012/01/14-15
IRTEERA: Pleta d'Estallo (1510m)
ZAILTASUNA: Nahiko errexa (PD). Berez egindako ibilbideak ez dauka zailtasun handirik, baina elurra dela eta ertzean kontuz ibili behar da irrist egin gabe. Ertza nahiko aereoa da.
EGURALDIA: Eguzkitsua.
DENBORAK (Geldialdiak barne):
- Pleta d'Estallo - Angel Orus aterpea: 1 ordu eta 5 minutu.
- Angel Orus aterpea - Posets: 3 ordu eta 5 minutu.
- Posets - Pleta d'Estallo: 3 ordu.
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemendik Biescasen barrena Cotefabloko mendatetik Brotoko harana gurutzatuko dugu. Ainsara ailegatuta Campo herrira doan errepidetik Benasqueko haraneraino joanen gara. Benasqueko haranean Eriste herrira iritsiko gara. Hemen Angel Orus aterpera ateratzen den pista bat hartuko dugu, bukaeran dagoen aparkalekuan kotxea utziz.
SARRERA:
Pirinioetako bigarren tontorra, Anetoren itzalean gelditzen da. Hala ere, bere gailurretik dugun ikuspegia ikaragarria da.
Inguruan dituan hiru aterpetako edozeinetik igo daiteke: Angel Orusetik, Biadosetik edo Estosetik. Bide normalez gain, ezaguna da Jean Arlaud korridorean barrena igotzen den bidea edota Las Espadaseko ertza zeharkatzen duena.
DESKRIBAPENA:
Mendebaldeko Pirinioetako elur apurraren baldintza eskasak zirela eta izotzarengatik, Benasque aldera jo genuen asteburu ederra aprobetxatu asmoz. Elur gutxi han ere, baina behintzat baldintza hobeak harrapatzea zen asmoa eta Posets mendira igotzen saiatzea erabaki genuen. Aterpean erreserba egin (leku faltagatik baino gehiago irekia zegoela ziurtatzeko) gauzak prestatu eta larunbat goizean goiz abiatu ginen gogotsu.
Lau ordi inguruan Eristen ginen ogitarteko bat bazkaltzen igoerari ekin aintzinetik. Ondoren Pleta d'Estalloraino igo eta gorantz abiatzeko prestatu ginen.
2012/01/14
0 h 00min: Pleta d'Estallo (1510m).
Eguerdiko bi laurden gutxiagotan iritsi ginen aparkalekura eta gauzak prestatu genituen.
Aparkalekuaren bukaeratik pista bat irteten da aterpe aldera. Hortik abiatu ginen. Seinaleek argi uzten zuten zein zen hartu beharreko bidea.
Ezkerretara Espigantosako ur-jauzi dotorea utzi genuen.
Bidexkak Eristeko haranean gora eramanen gintuen, goikaldean kokatzen den aterperaino. Hasi eta laisterrera Posetseko mazizoko mendi elurtuak ikuskatu genituen.
Bidea zuhaitz artean igotzen den aldapa handirik gabe hasieran, marka hori eta txuriek gidatzen gintuztelarik bide markatuan barrena.
Presenteko lautadatxoak eta ur-jauzia atzean utzi eta gero, ezkerretara aldapa tentean igo ginen haranaren goikaldera ateraz.
1h 05min: Angel Orus edo Forcau aterpea (2115m).
Motxila pisuak izan arren erritmo onean igo ginen eta Forcau Baixo mendiaren azpian dagoen aterpe handia bistaratu genuen oihanetik ateratzean.
Vall de Grist edo Eristeko harana azpian gelditzen zen jadanik.
Behin aterpera iritsita erreserba baieztatu genuen eta gauzak takiletan utzita arratsalde pasa hasi genuen. Aterpea ikaragarria da, hotela dirudi. Gela asko ditu, nahiko txikiak eta komunak bakoitzean, ur berodun dutxarekin. Jangela handia, Wifi eta guzti. Pena ordenagailu portatila etxean utzi genuela! Terraza ere tamainakoa eta bista ederrekin.
Arratsaldean zazpi eta erdia arte ordu mordoa genuen eta irakurtzen egon ginen. Aterpean denetara zazpi pertsona geunden, gu bi eta bortz valentziar. Gauean bertze lau pertsona ere iritsi ziren, baina horiek Posetsetik bueltan zetozen, beraz biharamunean zazpi pertsona bakarrik igoo ginen gailurrera.
Jangela zabala.
Ilunabarrean eguzki sartzeak irudi polita utzi zizkigun.
Angel Orus aterpea atzean Perramo mendia duela. Eguzkia sartuta afaldu eta bederatzi eta erdietan logelara igo ginen. Biharamunean seietan iratzarrio ginen.
2012/01/15
0h 00min: Angel Orus aterpea (2115m).
Erran bezala seiak pasatxotan ernatu eta gosaltzera jaitsi ginen. Gauzak prestatu eta frontalak jarrita gora abiatu ginen zazpiak aldera. Gaua ez zen oso hotza izan eta egun biaina zetorren gainera. Aterpetik atera eta laister seinale honek norabide onean gindoazela ziurtatzen zigun.
Lehenengo metroak ilunpean egin genituen, aterpearen gainean dagoen Forcau Baixo mendia inguratuz ipar ekialderako norabidea duen bidexka markatuan. Tarteka bidexkako izotxa harrietatik joatera behartzen gintuan, ez baikenuen oraindik kranpoiak jartzeo asmorik. Eguna poliki-poliki ernatzen hasia zen...
Baina ilargiak oraindik hor segitzen zuen.
Forcau Baixo inguratuta, momenturen batean bidea galdu eta trepadaren bat egin ondoren, Vall de Llardaneta zabalunean sartu ginen. Hemen jadanik elurra ukitzen hasiak ginen eta kranpoiak jartzera gelditu ginen. Zabalune hau zeharkatzea zen hurrengo pausua, irudian ikusten den tontor harritsuaren azpian dagoen kanalaren bila.
Eguzki izpiek lehen mendiak olore gorriz janzten zituzten.
Eguzkia Cerlerreko mendien gibeletik aterako zen. Eskuinean Forcau Baixo mendia.
Ilargia azken hatsetan, eguzkiak argitutako mendi magalen gainean. Zenbait magalek itxura ona zuten eskiekin jaisteko. Hala ere, horretarako hiru orduz bizkrrean eraman beharko lirateke eskiak...
1h 30min: Canal Fonda (2638m).
Honela inguruez gozatuz, aipatu kanalaren sarrerara ailegatu ginen. Hemendik gailurrera etenik gabeko aldapa tenteak genituen.
Kanalean bi zati daude: lehena, nahiko motza da eta malda eramangarria du; bigarrena aldiz, atsedenaldi baten ondoren dator eta malda 35-40 gradukoa izatera ailegatzen da. Zati hau zeta batzu eginez pasa genuen poliki-poliki. Hala ere elurra oso baldintza onetan zegoen eta ongi aurreratzen zen.
2h 15min: Collado del Diente (3012m).
Kanala gainditu ondoren, lepo batera ailegatu ginen eta ikuspegia Posetseko zirkura zabaldu zen. Parean genuen Posets-Espadas ertz ikusgarria. Lepoan zerbait jateko eta edateko aprobetxatu nuen, nahiko nekatuta bainindoan. Irudian, aipatutako lepoa eta Diente de Llardana mendia.
Lepotik gora, metro batzutan malda oso piko eta motza gainditu behar, erresalte antzeko bat, eta ondoren Posetseko Bizkarra deituriko malda igo genuen azken ertzaren bila. Zati hau luze xamarra egin zitzaigun jadanik eta malda nahiko tentea du. Irudian, gainean eskuinean ageri den harkaitzeraino igo ginen.
Behin Posetseko Bizkarra igota azen pausua bertzerik ez zen gelditzen. Tontorra bistan genuen, baina aurretik ertz elurtua gainditu behar. Beraz ertza ez da zaila, baina pausu esturen bat edo bertze dauka eta bi aldeetara erorketa handiak. Ezkerretara Forau de la Neuko sakonunea eta eskuinetara Posetseko glaziarra.
Irudian Imanol ertzean gora. Ikuspegia ikaragarria zen bertatik.
Ertza kontuz gainditu ondotik, gailurra harrapatu genuen!
3h 05min: Posets edo Tuca de Llardana (3375m).
Ederki kostata baina gurea zen gailurra eta bakar-bakarrik geunden gainera! Irudian Espadas mendia eta bertarainoko ertza.
Gailurreko bertizea.
Monte Perdido eta Vignemaleko mendiguneetara hedatzen zen ikuspegia. Behean berriz Biadoseko Bordak eta aterpea.
Gailurreko argazkia!!! Tenperatura bikaina genuen gailurrean, beroegia urtarrilaren 15ean 3000 metrotik gora egoteko.
Ipar Gailurra eta bere ertza, Estos eta Biadosetik igoz gero hortik etorriko ginateke.
Batisielleseko lakuen zonaldea eta Aneto-Maladeta mendigunea.
Bertze argazki bat gailurrean...
...eta beherakoari ekin genion, bide luzea baikenuen kotxera eta gero etxeraino.
Ertzetik berriz Posetseko Bizkarrera bueltan
Zatiri estuenean. Argazkian ez da ikusten baina bi aldeetara dagoen eroreta ikaragarria da. Hala ere, elurra ongi zegoen eta nahiko seguru pasa genuen ertza.
Ertza bukatuta, arrisku handienak pasata genituen eta eroso jaitsi ginen Posetseo Bizkar zabalean behera.
Collado del diente lepoan geldialdi bta egin genuen, edan eta arropa pixkat kentzeko. Gezurra zirudien arren, beroa eta guzti egiten zuen.
Honen ondoren, berriz ere Canal Fonda kanalean behera jaisti ginen. Elur onarekin ziztu bizian jaitsi genuen kanalea.
Kanalren erdiko atsedengunean, bigarren malda tentea ikusten da.
Vall de Llardanetan behera Llardaneta erreka zeharatzen duen zubira ailegatu ginen. Atzean Perramo mendia ageri da.
Elur zatiak ahal genuen heinean aprobetxatu genituen, ahalik eta beheren jaisteko era erosoan.
Behin elurra bukatuta, kranpoiak eta polainak gorde eta ordu batzuk lehenago ilunpean pasatako zatitik jaitsi ginen.
5h 10min: Angel Orus aterpea (2115m).
Aterpean bueltan, takiletan utzita genuena hartu, zorrak kitatu zerbait jan eta edan eta beherakoari ekin genion gehiegi luzatu gabe.
Eristeko haranean behera ziztu bizian sartu ginen.
Eta Posetseko mendigunea agurtu genuen!
Atzera begirada...
Azken metroak aparkalekura ailegatzeko.
6h 30min: Pleta d'Estallo (1510m).
Horrela, autora ailegatu eta itzulerako bideari ekin genion, asteburu bikaina pasa eta gero.
Izugarria eta ederra benetan!!!!!!
ErantzunEzabatuPena da hain elur gutxi izatea paraje horietan, ea negua noiz ailegatzen den mendi horretan gauzatxoren bat pendiente dugu eta.
Ba bai!
ErantzunEzabatuHarrigarria da zein elur gutti dagoen! Baina behintzat dagoena baldintza onetan aurkitu genuen eta tira...