EGUNA: 2024/03/03
ABIAPUNTUA: Central Electrique du Baralet (703m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Igoera: 3 ordu
- Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Urdos herrira ailegatu baino lehen, eskuinetara, Baraleteko zentral elektrikora doan errepidetxoa hartu behar da. Guk puntu honetan elurra harrapatu genuen jadanik eta bertan utzi genuen autoa.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Hirugarren eguna Aspeko bailaran eta bezperan bezala eguraldi eskasa genuen. Gauez harana beheitiraino zuritu zuen elurrak, eta goizean oraindik hodeitsu eta prezipitazio aunitzekin argitu zen eguna. Eskiatzeko aukera bakarra basoak bilatzea zen beraz eta Baraleteko zentral elektrikotik goiti duela urte batzuk deskubritu genuen Cristallereko oihanera zuzendu ginen.
9:50 : Central Electrique du Baralet (703m)
Elurra zela eta, ezin izan ginen Baraleteko zentrala baino goitiago igan. Han berean prestatu eta errepidetik goiti abiatu ginen. Lehen bidegurutzean Aubise auzora igaten den bidea zuzen utzi eta ezkerretara hartu genuen Berat du Bas auzora doanetik.
Basotik atera eta goitixeago dauden pinuetara igan ginen. Hauek dira azken arbolak eta nahiz eta gailurra 50 metro eskasera egon, igoera bertan akitzea erabaki genuen.
Trantsizioa burutu eta beheiti abiatu ginen. Elur fresxko geruza arras lodia zen eta malda tenteenetan izan ezik, kosta egiten zen jaisteko adinako abiadura hartzea. Inoiz ez nuen hain elur sakonean eskiatu. Sobera zegoela eta guzi erraten ahal da.
Mendiaren azpiko zatian ez zegoen behar adina elur eta beraz eskiak bizkarrean genituela akitu genuen ibilaldia. Eguraldi eskaseko egunetan etxean ez gelditzeko aitzakia bat gehiago eskaintzen du Cristallerek.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina