2024/03/08

Barlagne (1797m)

EGUNA: 2024/03/01

ABIAPUNTUA: Pont de l'Arpet (901m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko Lourdios-Ichere herrira joko dugu mendate ttipi bat zeharkatuz eta hemendik iparraldera doan D341 errepide estua hartu. Kilometro batzuk iganda, bidegurutze batean La Pierre Saint Martin eski estaziora doan bidea hartuko dugu eskuinetara. Metro batzuk eginda ezkerretara ateratzen den pista zabal baten ondoan aparkatu behar da. Azken zati honetan errepidea ez dute garbitzen eta posible da elurtua egotea.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren aldia izan da niretako baso magiko honetan. Eguraldia onegia ez den egunetan edo elur-jausi arriskua handia denetan, Barlagneko basoa jostaleku aparta da. Pinuen arteko elur maldek birak egiteko tarte nahikoa uzten dute eta elur egin berriarekin parajea arras ederra da.

9:32 : Pont de l'Arpet (901m)
Goizean goiz abiatu ginen etxetik eta autoa zubi zaharraren ondoan utzi genuen. Aitzineko aldian hemen izan ginelarik, pista abiatzen den puntuko zelaitxoan utzi ahal izan genuen, baina oraingoan elurra zela eta ezin izan genuen. Horrenbestez, Labayseko lepora doan errepidetik metro batzuk eskiak eskuetan genituela egin behar izan genituen.


Errepidea ezkerretara ateratzen den lehen pistan utzi behar da. Pista malda honetan eskiak paratu ahal izan genituen eta goiti egin genuen. Elur sobera ez dagoelarik, pista hau jaitsiieran eskiatzea zaila izaten da eta hobe izaten da eskiak bizkarrera eramatea.


Pistak malda galtzen duen puntu batean hau utzi, pinu zati estu bat zeharkatu eta Barlagneko maldetara aterako ginen. Hemen hasten da Barlagneko baso magikoa, 1100 metro inguruan. Hortik goiti pinuen arteko malda politetatik 700 metro igoera eta jaitsiera izanen genituen gozatzeko.


Pinuen arteko lehen soilgune bat igan eta eskuinetara eginda tarte gutiago duten malda batzuetatik pasatzen da bidea.


Tarte estuago hau zeharkatuta bigarren soilgune bat dago.


Bigarren soilgune honen erdian guti gorabehera bide osoan aurkituko dugun zati lau bakarra dago. Segidan bigarren baso zati trinkoagoan barneratuko ginen. Hala ere, erran behar da baso zati trinkoenek ere birak lasai ederrean egiteko tartea eskaintzen dutela.


Bigarren baso zati trinkotik ateratzen... Behin zati hau gaindituta berriz ere maldak zabalagoak dira.


Mendiaren gaineko zatian ginela ordura arte izandako zeru hodeitsua pixka bat argitu egin zen eta inguru eder honetaz gozatzeko aukera utzi zigun. Aitzineko aldian bertan izan ginelarik aise egun tapatuagoa izane genuen.


Honela, gure aitzinetik zihoan eskiatzaileak irekitako arrasto erosotik sasigailurrera fite ailegatu ginen. Metro guti batzuk galdu eta benetako Barlagneren kaskoa hurbil genuen.


Azken metroetan...


11:25 : Barlagne (1797m)
Barlagneko kaskoaren hegoaldean Pas d'Azun eta Tourelles de Camplong inguruak agertzen dira. Estilo bereko parajea da hura ere, baina altuera gehixeago duena.


Inguru horretan zeharkaldi polita egin genuen iaz...


Kaskoan zerbait jan, argazki batzuk atera eta fite ekin genion beheitirakoari. Elurra nahiko heze harrapatu genuen, baina goitiko partean eskiagarri zegoen, gozatzeko moduan. 1400 metrotik beheiti, aldiz, aise pisuagoa zen eta ez zuen bira aunitz egiteko aukerarik ematen.


12:32 : Pont de l'Arpet (901m)

Hiru orduren buruan berriz ere autoan ginen. 900 metroko desnibela duen ateraldi motza da Barlagnekoa, baina aho zapore arras ona uzten duena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina