EGUNA: 2024/02/17
ABIAPUNTUA: Cabane de l'Araille (1725m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Cabane de l'Araille - Canal Roya : 2 ordu
- Canal Roya - Baigt de Houer : 30 minutu
- Baigt de Houer - Col d'Aneou : Ordubete
- Col d'Aneou - Cabane de l'Araille : 30 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Goiti ailegatu baino kilometro inguru lehenago dago gure abiapuntua.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Larunbat eguzkitsu bat elurtetxo baten gibeletik eta Portalet ez dira konbinazio onegia mendian ez badugu jende aunitz harrapatu nahi. Alabaina, aukeratzeko leku sobera ez daudenetan dagoenarekin konformau behar da eta hala inguru honetara hurbildu ginen pasaden asteburuan. Canal Roya eta Peña Blanca mendien ipar magalek eskiatzeko adina elur gordetzen zuten eta Biouseko bailararekin konbinatuz zirkular polita egin ahal izan genuen.
9:10 : Cabane de l'Araille (1725m)
Aparkalekura ailegatu ginelarik bertako jendetzarekin harrituta gelditu ginen. Bagenekien ez ginela bakarrik ibiliko, baina hainbertze jende ere... Gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen laino nagi batzuen azpitik.
Erran bezala, lepotik ezkerretara biratu behar da gailurrera ailegatzeko.
Azken metroak...
10:40 : Canal Roya (2347m)
Lehenak ailegatu ginen gailurrera eta minutu batzuz bakar-bakarrik egon ginen bertan. Ez da ohikoa hoir mendi honetan. Jendea fite hasi zen ailegatzen eta guk trantsizioa eginda beherakoari ekin genion.
Ingurua ikusita goitirakoan bide beretik itzuliko ginela pentsatzen genuen. Gailurretik Biouseko bailara aldera elur dezente zegoela ikusten zen, ordea; eta probatzea erabaki genuen. Zuzenean Houerreko lepoa gure eskuinetara utzita bailaran beheiti eskiatzen hasi ginen. Elurra zati aunitzetan arras egoeran onean zegoen, uste baino aise hobe egia erran.
Zuzen eskiatu genuen argazkian ikusten den bailararaino.
11:41 : Baigt de Houer (1857m)
Inguru honetan duela urte batzuk ibilia nintzen Astundik abiatuta zirkularra egin genuelarik. Leku arras polita da eta eskiatzeko aukera aunitz ditu. Berriz foka-larruak paratu eta Portaletera Aneouko lepotik itzuliko ginela erabaki genuen.
Erreka gurutzatu eta malda eztietatik argazkian ikusten den leporantz jo genuen. 200 metro inguruko igoera zen eguneko bigarren hau.
Gibelean Larry eta Ayous inguruak utziko genituen, elurtuta zein elurrik gabe paradisu txiki bat!
12:28 : Col de Aneou (2083m)
Hala lepoan azken jaitsierarako prestatu ginen. Bagenekien orientazioagatik jaitsiera honetan elurra justu samar harrapatuko genuela, baina azpian belarra izanik arazo handirik gabe jaitsi ahal izan ginen.
Aneouko lautadara egindako zatia polita izan zen jaisteko; hortik aitzin, berriz, maldatxo bat igan eta Canal Royako bidera aterako ginen arrasto zapatuari autoraino segitzeko.
13:30 : Cabane de l'Araille (1725m)
Gustura akitu genuen itzulia, egindakoarekin kontent. Zegoen elurrari zukua atera genion!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina