2019/01/05

Haboura (1628m), Casque du Lheris (1595m)

EGUNA: 2019/01/05

IRTEERA: Pont de Manau (753m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Pont de Manau - Haboura (Ordincedetik): 2 ordu
  • Haboura - Casque du Lheris : Ordu bat
  • Casque du Lheris - Pont de Manau (Teilhetetik): 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Pirinioak zeharkatzen dituen A64 autopista hartuko dugu eta bertatik segituko dugu Tarbes hiriraino. 12.irteeran, Tarbesen bertan, aterako gara autopistatik eta une oro Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleei segituko diegu. Behin herri hau gibelean utzita Campan bailaran goiti igoko gara, errepide nagusia utzi gabe. Sainte Marie de Campan herrira ailegatu baino lehen, hainabt auzotxo gurutzatu behar dira. Hauetako batean, Cayres de By izenekoan (ez dago senaleztatuta), ezkerretara Ordincedeko seinalearekin markatuta dagoen pista bat hartzeko erne egon behar da. Pista horretan sartu eta zubira ailegatu baino lehen, bidearen ezkerraldean, aparkatzeko 3-4 leku daude.



ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bezperan Pibesteko ertzean malabareak egin ondotik, bailaraz aldatu eta Campan aldera hurbildu ginen. Itxaron zerrendan zegoen bertze mendi bat helburu, inguru arras polita ezagutu genuen bigarrenez. Ez dago 3000 metrora igo beharrik Pirinioez gozatzeko, ez horixe!

9:29 : Pont de Manau (753m)
Zubia eta errepidearen arteko bide bazterrean aparkatu genuen autoa. Egia erran leku gutxi dago, hiruzpalau autorendako gehienez ere. Baina ez du jende sobera ibiltzen denik ematen eta beraz nahikoa da. Gauzak prestatu eta zubia zeharkatuta dagoen bide bakarrari segika abiatu ginen.


Bezperan bezala egun eguzkitsua genuen aitzinetik, baina goiza ez zen hain hotza. Kristoren mendi eguna izanen genuen!


Lehen zatian bidegurutze batzuk pasatu genituen eta Ordincedeko etxoletara doan bidean segituko genuen momenturo. Gero, beheitirakoan, bidegurutze hauetako batean itxiko genuen gure ibilbide zirkularra.


Lehen metroak irabazita, Campango bailara bukolikoaz gozatzen hasi ginen. Bere herrixka txiki, zelai berde eta inguruko mendi zurituekin. Denen gainetik Midi de Bigorre.


Malda handiko bidea da hasmentan honetan...


Ordincedeko etxolak begi bistan...


10:33 : Courtaou d'Ordincede (1324m)
Ordubetean 600 metroko desnibela eginda, etxoletan geldialditxoa egin genuen parajeaz gozatzeko.


Magalaren bizkar batean eraikitako etxola multzoa bertze garai baten lekuko isila da. Batzuk lurrean daude jadanik, onenak pasatuta dituztela bistan dago.


Etxoletatik gailur zabala bistan genuen. Ipar-mendebalderantz biratu eta baso eta larreenb arteko mugatik egiten da bertarainokoa.


Gibelean Campan eta Gripp bailara elkartzen diren puntua ikusten da, eta ikuskizuna itxiz Arbizon handia bertze mendien artetik nabarmenduz.


11:20 : Haboura (1628m)
Hala, eguneko lehen gailurrean ginen. Zerbait jan eta eguzki goxoaren berokian, egonalditxoa egin genuen.


Gailurretik, ondoko helburua zen Casque du Lheris mendia hurbil ikusten da.


Aitzinera segitu baino lehen, tontorreko argazkia...


...eta leku lasai honi adio erran genion.


Larre maldatsutik zuzenean jaitsi ginen Lheriseko lepora.


11:50 : Col du Lheris (1387m)
Behin lepoan, bide arruntetik igo ordez, argazkian ikusten den hego-mendebaldeko kanaletik zapalduko genuen bigarren mendia.


Bertara ailegatzeko lepotik gailur aldera zuzen igo behar da paretak duen arrakala nabarmenerantz.


Kanala erraza da, edonork igotzeko modukoa. Hori bai, malda ederra dauka!


Kanalaren zatirik pikoena gaindituta, gailurrak hurbil egon behar zuen. Urrunean, Midi de Bigorre eta Montaigu handiak zelatari genituen.


12:50 : Casque du Lheris (1595m)
Horrela zapaldu genuen Piemont inguruko gailur apal baina ezagun hau. Erran beharrik ez da, bere kokapena dela eta izugarrizko ikuspegia duela lautada zabaletara.


Bazkaldu ondotik, sobera entretenitu gabeko beheitirakoari ekin genion. Jaitsiera luzea genuen aitzinetik, igotako bidetik jaitsi ordez, itzulia ematea pentsatua baikenuen.



13:16 : Cabane du Lheris (1300m)
Bide arruntetik jaitsi genuen Lheris mendia, baina bide hori utzi eta larreetatik zuzen segituz izen bereko etxolara ailegatu ginen. Hemendik, Pla d'Espeteko parajera eramanen gintuen bidexka hartu genuen Lheris eta Haboura mendiek inguratzeko duten leku polita utziz.


Pagadi zati eder bat zeharkatu genuen. Egun ederra izanda ere, itzalean hotz egiten zuen.


Pla d'Espet zeharkatu genuen Teilheteko etxoletarantz.


Txoko liluragarria iruditu zitzaigun honako hau. Lasaia, gibelean mendi elurtuek apaindua.


Iparraldean Bagneres de Bigorre herria ageri zen.


Teilheteko etxolek ere onenak emanak dituzte eta bakarrak irauten du zutik.


13:54 : Courtaou du Teilhet (1245m)
Inguru honetan Campanera jaisten den bidexka hartu behar da. Seinalen bat dago justu etxolaren azpian eta handik jaitsi behar da.


Bide zaharra, garai bateko mugimendurik gabea. Harriak solastatuko balira...


Hortik jaitsi ginen Campan herria bistan genuela Montaigu mendiaren azpian.


Zati bat jaitsita, ipar-ekialdeko norabidean, haboura mendiaren magal luzea zeharkatu genuen autora itzultzeko.


15:10 : Pont de Manau (753m)
Ia sei orduko itzuliaren ondotik, ibilbide eta txoko politak deskubritu izanaren sentsazio onarekin akitu genuen eguna.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina