EGUNA: 2019/07/16
ABIAPUNTUA: Arantzazu (731m)
ZAILTASUNA:
Erraza (F+). Aizkorri eta Arbelaitz lotzen dituen ertza entretenigarria da, baina ez da zaila. Zailtasun handiena Aitxuri mendia igotzean aurkitu genuen, trepada bertikalagoren bat egin behar baita (II). Gainerantzekoan tarteka eskuekin lagundu beharreko pausuak (I), baina erraza eta esposiziorik gabekoa.
DENBORAK:
- Arantzazu - Aizkorri : 2 ordu eta erdi
- Aizkorri - Arbelaitz (ertzetik) : Ordu eta erdi
- Arbelaitz - Arantzazu : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Arantzazura ailegatzeak ez dauka misterio handirik, behin Oñati herrira ailegatuta bertara igotzeko seinaleak argi paratuta daudelako.
KRONIKA:
Urteak mendian ibiltzen eraman eta Aizkorriko mendilerroa ez ezagutzeak barkamenik ez duela aitortu behar dut. Aspalditik nuen gogoa inguru hau ezagutzeko eta ertz erraz eta polit hau egiteko, baina bateko eta bertzeko, beti agendan gelditzen zen plana. Dudarik gabe, Euskal Herriko handietako bat, derrigorrezko bisita.
9:12 : Arantzazu (731m)
Gaua santutegi ondoko aparkalekuan pasatu eta goizeko lainoen argitzeko astia emanda abiatu ginen oraindik ezagutzen ez nuen leku ezagun honetatik.
Santutegi inguruko aparkalekuak baino goitiago bertze leku pare batean ere uzten ahal da autoa. Guk ez genekienez, beheititik abiatu ginen. Bigarren aparkalekuaren ondoan ataka bat zeharkatu eta pista zabaletik abiatu ginen.
Pista pagadi artean bidexka bihurtzen da poliki-poliki.
Eta pagadiak ere gibelean uzten ditu Urbia inguru zelaietara hurbiltzen denean.
Hemen lepotxo batera atera eta paisaia erabat aldatzen da. Oihanak larre berde eta zabalei uzten die lekua.
10:14 : Urbia (1134m)
Erritmo onean egin genuen Urbiako Fondarainokoa. Arantzazun ordu bat eta 40 minutu daudela jartzen du karteletan eta gu ordubete eskasean han ginen.
Aizkorriko ertz aldera segitu genuen pista zabaletik. Aizkorriko kaskoa eskuinen gelditzen dena da eta handik hasiko genuen ezkerrean ikusten den Arbelaitz mendiraino doan ertzeko bidea.
Fonda eta baseliza dauden inguruak gibelean utzi genituen. Leku ederra egonean egoteko.
Mendiak erreferntzia bisual izanda, pista segitu eta artzain etxola batzuk osatutako herritxo gisako batean Aizkorrira eramanen gintuzten marka horiak ikusten hasi ginen. Markei segika ertzaren azpitik goranzko joera duen zeharkaldi luzea egiten da.
Zeharkaldian...
Aitxuri eta Aizkorriko puntak begi bistan...
Lainoek tarteka Aizkorriko tontorra tapatzen ziguten.
Lepotxo honetara jaitsi, irudian ageri den Aitxuriko punta polita bidexkatik inguratu eta minutu gutxian eguneko lehen gailurrean ginen.
11:15 : Aizkorri (1523m)
Azkenean Euskal Herriko mendi ezgun honen gainean nintzen. Hau da mendilerroko gailurrik ezagunena, altuena ez izanda ere. Kuriosoa...
Gailurrean pixka bat egon eta baseliza eta aterpea bisitatu ondotik, ertzarekin hasteko momentua zen. Lainoak gelditu gabe sartzen ari ziren eta ez genuen argi egin nahi genuen guzia eginen genuen edo ez.
Hasteko, berriz bidexkaren azken zatia jaitsi eta Aitxuriren oinean jarrita zuzenean igo ginen bertara.
Horretarako eskaldatxo bertikal samar batzuk egin behar dira, baina helduleku onak daude eta ez da zaila.
11:35 : Aitxuri (1508m)
Arbelaitzekin batera, gailur hau irditu zitzaigun ertz guziko politena, bere trepadagatik eta beheko lepotik duen itxura politagatik. Aipatu izenekin nahaste pixka bat dagoela, gailurreko etxetxoan Aitzabal izena jartzen baitu. Interneten hainbat lekutan begiratu eta Aitxuri izenez agertzen da ordea punta hau. Auskalo!
Aizkorri aldera begirada ertzarekin segitu aitzinetik...
Eta gure ondoko helburuak...
Arabako lautadak eta Agurain gailurretik...
Arazorik gabeko bide errazetik lepora jaitsi eta belardi batetik eginen genituen ondoko metroak Aitxuri eta Aizkorri gibelean uzten genituela.
Berriz ere arrokaren lurraldean sartuta Aketegi aldera.
11:50 : Aketegi Erpina (1548m)
Aitzineko mendiaren gertatu bezala, hemen ere izenarekin nahasteak daude. Gailurrean Aketegi jartzen du eta bertze hainbat lekutan Aketegi erpina.
Aketegi Erpinetik, Aketegi hurbil gelditzen da.
Iparraldean Zegama laino artean...
Eta lainoen gainetik Txindoki eta Aralar...
Paseotxo bat eta mendilerroko punturik altuenean ginen!
12:01 : Aketegi (1551m)
Kasko honek ere izen bat baino gehiago ditu, nik beti altuena Aitxuri zela aditua bainuen. Gailurrean ere hala jartzen du.
Hamaiketakoa egin eta aitzinera segitu genuen ertz osoan lagun genituen marka horiei segika. Hodeiek ondoko bi helburuak tapatzen zituzten eta haietara ez igotzea erabaki genuen, ez zuela merezi.
Metro batzuk jaitsita ordea Irauleko tontorra agertu zen laino artetik eta bi aldiz pentsatu gabe bertara zuzendu ginen.
12:31 : Iraule (1507m)
Eguneko bortzgarren gailurra eta azken aitzineko. Aketegiren itzala gibelean.
Eta lainoak uzten zigunez azken gailurra ere egitea erabaki genuen. Horretarako, gure ustez entretenigarriena izan zen ertz zatia gainditu genuen.
Disfrutatzen, batzuetan marka horiei segika eta bertzeetan pausu politak bilatuz...
Azken metroak tontor polit honetara...
Gailur ingurutik goizean ordu batzuk lehenago Aizkorrira bidean pasatu genuen artzain etxolaz osatutako herrixka polita.
12:46 : Arbelaitz (1506m)
Eta horrela ailegatu ginen eguneko azken mendi tontorrera. Aizkorrin izan ezik, bertze guzietan bakar-bakarrik ibili ginen eta anitz gozatu genuen.
Arbelaitzen marka horiak alde batera utzi eta Urbiako zelaietara zuzenean jaisten hasi ginen.
Di-da batean harkaitz grisa gibelean utzi eta belar berdean ginen.
Gibelean ibilitako ertza...
13:17 : Urbia (1134m)
Berriz Urbiara bueltan, goizeko bidea hartu eta autora itzultzeko.
14:11 : Arantzazu (731m)
Eta hala akitu zen Aizkorriko mendilerroa deskubritzeko egindako ibilbidea.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina