2018/08/22

Mendaur (1131m)

EGUNA: 2014/08/21-22

IRTEERA: Arantza (271m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORA: 
  • Arantza - Mendaur : 2 ordu eta erdi
  • Mendieder - Arantza : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Arantza Nafarroa iparraldean kokatua dagoen herritxoa da, zehazki, Bortziriak eskualdean. Bertara ailegatzeko Irun eta Iruñea elkartzen dituen N-121A errepidea hartu behar da eta bertatik bidegurutzeraino joan.

KRONIKA:
Eskualdeko mendi ezagun honetara egiten dudan bigarren aldia izan da, lehendabizikoan bezala Arantzan irakasle modura egindako barnetegiaren harira. Kasu honetan ordea, berez interesgarria den igoerari, bertze puntu bat eman diogu gailurrean kokatua dagoen Trinitate ermitan gau zoragarria pasatuta.

2018/08/21
16:22 : Arantza (271m)
Berez Arantzako barnetegian urtero egiten den mendi ateraldia goizean ateratzekoa zen, egun pasa egiteko helburuz. 16 laguneko taldetxo batek ordea, iaz egin zuten gisara, bezperako arratsaldean hartu genuen bertarainoko bidea.


Egonaldia pasatzen ari ginen Aratzako Aterpea utzi eta herriaren zati bat zeharkatuz ekin genion bideari.


Herritik ateratzean, hilerriaren ondoko bidetxo bat hartuko genuen. Bero handia eta hezea izan genuen lagun (edo etsai) ibilbidearen lehendabiziko maldetan.


Galtzerik ez duen bidea da eta ongi seinaleztatua dago marka zuri-gorrien laguntzaz.


Azkar irabaztan da altuera, lehen zatia nahikoa aldapatsua baita. Arantzako herria arras beheitian utzi ginuen segidan.


Bizkarrak ongi kargatuak gaua pasatzeko beharrezkoak eta ez hain beharrezkoak ziren gauzekin. 


17:30 : Bulatxiki (578m)
Lepotxo honetara ailegatuta, zatirik maldatsuena akitua zegoen. Eskuinetara biratu (mendebaldeko norabidean) eta Mendieder mendira doan ertz-lerro zabalari helduko genion.


Ez ginen Mendiederra igo ordea. Bidexka batek bere hego-ekialdeko malda zeharkatzen ditu eta horri segitu genion Bustitzleporaino.


18:17 : Bustitzlepo (921m)
Toki honetan taldea elkartu (gehienak behintzat) eta ur-botilak bete genituen ondoko iturritxoan. Goitiago ez dago ura betetzeko aukerarik.


Eta horrela ekin genion gailurrerako azken maldari, Mendieder erdi lainopean gibelean utzita.


Dena den, arratsaldearen zatirik handienean inguratuta izan gintuzten lainoak saretzen hasi ziren azken zati honetan. Gailurrean primerako eguraldia izanen genuen.


Gaua pasatuko genuen ermita agertu zen laino artean. Gutxi falta zen jadanik gailurra zapaltzeko...


Azken eskailerak gailurrera ailegatzeko...


19:07 : Mendaur (1131m)
Erritmo arras lasaian igota ere, hiru orduz azpitik kaskoan ginen, Malerreka guzia gure oinetan genuela.


Eta arestian erran bezala, primerako eguraldiarekin! Aupa talde!


Gailur inguruak eguneko azken eguzki izpitan...


Edari erreserbak prestatzen...

Hortik aitzinera, ilunabar eta gau zoragarriaz gozatzeko aukera izan genuen, nekez ahanzten diren horietakoa. 


2018/08/22
Gaua nahikoa luzatu zen gitarra eta patxaranaren laguntzaz, egiteko egiteko asmoa nuen gaueko argazkiak egin gabe gelditu ziren. Goizeko eguzkiaren ateratzera ere pixka bat berandu ailegatu ginen, baina egunsenti ikaragarria bizi izan genuen hala ere.


12:53 : Mendaur (1131m)
Goiz pasa luzearen ondotik, egunean bertan igo ziren ikaskideen zai egon eta denek elkarrekin ekin genion jaitsierari.


13:14 : Bustitzlepo (921m)
Berriz ere azpiko lepoan ur deposituak bete eta igoerako bidetik jaitsi ordez, mendebalderantz jota Mendieder inguratu eta Ekaitza aldera segitu genuen.


Ekaitza mendira ailegatu aitzineko lepoan, eskuinetara biratu eta Arantza aldera jaisten hasiko ginen. Horren aitzinetik, azken begiratua Mendaur eta Mendieder mendiei.


19:00 : Arantza (271m)
Arratsalde apalean ailegatu ginen hasmentako puntura, baina aldez aitzinetik ehiza etxola batean bazkari ederra eta Putzubeltz putzuan bainu freskagarria hartuta. Ateraldi ederra, konpainia bikainean, ezin gehiago eskatu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina