2018/08/04

Albo Oriental (2109m), Albo Occidental (2071m)

EGUNA: 2018/08/04

IRTEERA: Alto de la Farrapona (1708m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Alto de la Farrapona - Albo Occidental (Cerveiriz lakutik) : Ordu eta erdi
  • Albo Occidental - Albo Oriental : Ordu erdi
  • Albo Oriental - Alto de la Farrapona (Calabazosa lakutik) : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun samar gelditu arren, kasu gehienetan joateko biderik hurbilena Burgos eta Leondik barrena pasatuz da. Leon inguruan Oviedorantz jotzen duen autobidea hartu behar da, Villablinoko irteera ikusi arte. Herri honetara doan errepidea segituko dugu, San Emilianoko bidegurutzera ailegatu arte. San Emiliano eta Torrebarrio herriak zeharkatu eta Ventana mendatera igotzen den bidea, Torrestio herrirantz doan errepidetxotik utziko dugu. Torrestiotik goiti 4 kilometroko pista batek Farraponako lepora eramanen gaitu.



ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ohituraz eta beren edertasunaz jakitun, gehienetan Pirinio aldera jotzen dugun mendira joan nahi dugunean. Behin bakarrik izana nintzen Kantauriar mendikatean, 2016an Picos de europan hain zuzen ere. Mendikate honetara egindako bigarren ateraldian, Picosez gain anitz dagoela ikusteko konturatu gara eta hain urrun ere ez dugun zonalde honek liluratuta utzi gaitu bere edertasun eta istorioekin. Hona hemen egonaldiko lehen ibilaldia...

9:08 : Alto de la Farrapona (1708m)
Presa handirik gabe ernatu ginen lepoan bertan dagoen aparkalekuan gaua pasatuta. Giro epela kanpoan, bero handiko eguna genuen zain. Gosaldu, prestatu eta aparkalekutik bertatik salienciako lakuen aldera abiatzen den pista hartu genuen.


Jaitsiera ezti batekin hasten da ibilaldia.


Lur gorrizko pistatik laster batean ailegatu ginen eguneko lehendabiziko lakura: Lago de la Cueva izenekora.


Lakuan akitzen da jaitsieratxoa eta pista zetak eginez igotzen hasten da nabarmen.


Laster genuen begibistan gure eguneko helburuetako gailurrik altuena, Albo ekialdekoa.


Lepotxo bat pasatuta eguneko bigarren lakua bistaratu genuen: Cerveiriz lakua. Bertze jaitsiera labur bat eta pista utziko genuen argazkian ikusten den zelai berdea zeharkatzeko.


Cerveiriz lakua gure ezkerretara utziko genuen.


Biderik gabeko zati erraz eta politean, belarrezko alfonbra goxotik ibili ginen.


Cerveiriz laku polita inguratu genuen eta hortik aitzin bidexka aldapatsutik igotzen hasiko ginen Albo mendien arteko leporantz.


Erran bezala lakua gibelean utzita maldak hasten dira, baina ez da luzeegia eta laster batean ailegatuko ginen gailurren arteko lepo edo zelaitxora.


Izenik gabeko lepo horretan, eskuinetara biratuko ginen mendebaldeko gailurra igotzeko.


 Igo bitartean, gure gibelean genuen ekialdekoa, bietatik altuena.


10:42 : Albo Occidental (2071m)
Horrela, aparteko zailtasunik gabe, eguneko lehendabiziko kaskoan ginen. Erran bezala bietatik apalena da, baina Lago del Valle lakura eta bertara doan bailarara duen ikuspegiagatik, guri politagoa iruditu zitzaigun.


Lehen tontorrean...


Argazki batzuk, zerbait jan eta asturiar batzukin hitzalditxoa izan ondotik bigarren tontorrera abiatu ginen. Metro batzuk jaitsi eta belarrezko malda errazetik harrapatuko genuen bigarrena.


11:37 : Albo Oriental (2109m)
Bigarren gailur honetan hamaiketakoa egiteko tarte zabala hartu genuen. Inguru ederra da, eta harritu ginen larunbata eta abuztua izanda zein jende gutxi zebilen zonaldean.


Egonaldi luzearen ondotik, gailurreraren hegoaldera jaitsi ginen harri mukuruei segika.


Gure asmoa, igoera bidetik jaitsi ordez, argazkian ikusten den Calabazosako lakua inguratuz ibilbide zirkularra egitea zen. Horretarako, bide zehatzik gabe belardi zabaletan barneratu ginen.


Gibelean igotako Albo mendia, ekialdekoa.


Larre berde eta zabalak, aziendaren paradisua.



Ibili eta ibili, bidexka batera ailegatu eta berari segika inguratu genuen Calabazosako lakua, hau ere gure ezkerretara utziz. Urrunago, ordu batzuk lehenago inguratutako Cerveiriz lakua ageri da.


Ibiltzeko egun eta leku bikainak, beroa pasa arren.


Lakua utzi eta Horcada Calabazosa lepoa zeharkatu genuen.


Handik goizeko lehen lakua bistan genuen, bertaraino jaitsiko ginen bainu bat hartzera eta handik goizeko pista hartuta berriz autora.


Somiedo inguruko etxola tipikoa laku ertzean. Zoragarria eta misteriotsua da zonalde hau.


14:33 : Alto de la Farrapona (1708m)
Hamaiketakoak eta bainuak tarteko, denbora dexente pasatu genuen baina berez ibilaldi, motz, polit eta erraza da. Behin autora bueltan, Torrestio herriko taberna gomendagarrian otordutxoa egin eta biharamuneko ateraldiaren hasmenta puntura abiatu ginen.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina