SARRERA
Aspalditik buruan nuen gure Pirinio maiteak errepideko biziketaz eta ahalik eta mendate gehien igota zeharkatzeko ideia. Batean kidea falta eta bertzean jarraipena egiteko ibilgailua, plana gibelatzen joan zen, aurtengo uda arte. Haizea eta Garik turismoa egin bidenabar gure ibilbidea eginen zutela baieztatzea, eta Piris eta nire oporretan elkarrekin kointziditzen zuten egunak aurkitzea bat izan ziren. Ibilbidea prestatu eta martxan jartzea bertzerik ez zen gelditzen...
ANTOLAKETA
Puntu honetan guk bidaia hau antolatu dugun moduari buruz solastatuko naiz. Orain arte Pirisekin berarekin egindako bi bizikleta bidaietan ez bezala, pisurik gabe joatea erabaki genuen. Donejakue Bidea eta Colmarretik Amsterdamera udaberrian egindako bidaia mendiko bizikletan alforjak jarrita egin genituen. Nik honako hau ordea, ez nuen sekula horrela imajinatu. Alde batetik, bide osoa errepidetik eginda, mendiko bizikletarekion joateak zentzu gutxi duelako eta bertzetik, horrelako portu luzeetan bizikletaz eta inguruaz behar bezala disfrutatzeko, gibelean pisua eramatea oztopo handia delako. Zer erranik ez pisua eramateak bidea egiteko denboran duen eraginaz.
Gauzak honela, gure etapak autoz eta gaua pasatzeko beharrezko guzia eramanez eginen zituen norbait behar genuen. Gure kasuan, Haizea eta Gari izan dira pertsona horiek. Guk etapak egin bitartean haiek bertzelako planak egin dituzte eta etapa akabailako herrian elkartzen ginen. Mendizalea den norbait pertsona egokia izan daiteke horretarako, planak ez baitzaizkio faltako ibilbide osoan zehar. Bertze aukera bat, txirrindulari anitz bilduta, norbait horretarako kontratatzea ere izan ahal da.
Materiala furgonetan zihoan beraz, eta guk mailoteko sakeletan dirua, janari pixka bat, telefonoa, kamera eta kitto! Etapak akituta lo egiteko kanpinak erabili genituen. Egin ditugun etapa guzien akabailan kanpin bat dago beraz, gutxienez. Aukerak anitzak dira, eta zer erranik ez, etapak moldatuz gero ere kanpinak nonahi aurkitzen ahal dira. Garrantzitsua da dena den, etapak diseinatzean akituko den tokian kanpina dagoela ziurtatzea. Edo diru gehiago gastatuz gero hotela ere izaten ahal da. Guk autoan kanpin denda, koltxoia eta lo zakua sartuta funtzionatu dugu.
Azpiegitura kontrolatuta, ibilbideari jarri behar arreta. Gure kasuan, egin dugun bidea guk geuk diseinatua da. Zati gehienean Route des Col des Pyrenees deitzen den ibilbideari segitzen dio, baina aldaketa batzuk egin genizkion, mendate gehiago edo desberdinak igotzeko, errepide lasaienak bilatzeko eta Cap de Creus inguruan akitzeko. Erran behar da, ibilitako errepideak arras lasaiak izan direla eta trafikoa ez dela ia inon arazoa izan. Tarascon-Sur-Ariegetik Ax-Les-Thermeserako zatia izan da zentzu horretan trafiko handiko zati bakarra, 20 kilometro ingurukoa. Mendateei dagokienez, egunero oreka bat bilatzen saiatu gara, eta ahalik eta gehien igotzen.
Bertzerik gabe, hau da gure planaren emaitza!
EGUNEROKO KRONIKA
1. ETAPA: HENDAIA - ERRATZU (55 km)
LAPURDIKO KALAPITATIK ETXEKO LASAITASUNERA
Desnibel positiboa: 1111 metro Desnibel negatiboa: 853 metro |
Ailegatu da eguna. Goizeko zortziak aldera Piris Elizondon bildu eta Hendaiara eraman gaitu Uhainak. Giro hodeitsua baina sargoria dugu, bizikletarako ona. Kafe bat hartu eta abiatzeko prestatu gara. Hendaiako hondartza luzetik egin ditugu lehen metroak, Atlantikoa utzi eta Mediterraneoa helburu.
Hendaian abiatzeko prest |
Hendaiatik atera eta Kornisako bidea hartu dugu, uztaila izanik autoen joan-etorriak eragindako kalapitan. Donibane Lohitzunera ailegatu baino lehen utzi dugu bide zaratatsua eta errepidetxo lasai eta maldatsuetatik egin dugu Urruñarainokoa, hemendik Azkaine aldera hartzeko. Azkainetik goiti igoko dugu gure ibilbide guziko lehen mendatea: San Inazio mendate ttikia. Lepo inguruan berriz ere kalapita, Larrunera igotzen den trenaren karietara.
San Inazio, ibilbideko lehendabizikoa |
Jaitsieratxoa Sarara eta eguneko bigarren eta azken mendate Otsondoren bila abiatu gara, baina Dantxarineatik pasatu ordez, Zugarramurditik egin dugu bidea autoetatik ihes. Otsondo ezaguna erritmo lasaian erraz igo dugu eta Baztanen sartu gara, Erratzura ailegatzeko.
Otsondo 602 |
Erratzu mila petatzu |
2. ETAPA : ERRATZU - ARETTE (121 KM)
NAFARROA BEHEREA ETA ZUBEROAKO PARETAK
Desnibel positiboa: 3248 metro Desnibel negatiboa: 3222 metro |
Atzoko etapa lasai eta errazaren ondotik akitu dira txantxak. Gaur hasi da egiazko Pirinioa eta beraz egiazko portuak. Goibel ernatu da eguna, mendiak lainotuta eta tenperatura freskoa. Hasmentan ateri genuen behintzat eta horrela igo dugu gure bizikleta sehaska izan den Izpegi. Bizikletarako tenperatura bikainarekin.
Izpegitik afera beltz |
Jaitsiera azkarra eta Baigorri eta Donibane Garazi herrietan barrena jadanik ezagunak ditugun mendatetzarretara hurbildu gara. Ikaragarriak dira etxe inguruan ditugun mendate hauek, gogortasun eta edertasun aldetik enbidia gutxi diete Tourmalet eta Aubisque bezalako mendate ezagunei. Baina portuak ezagunak egiten dituen Frantziako Tourrak erabat atzenduak ditu. Haiendako kalte, guk ederki ezagutzen baititugu eta baita gure hankek sufritu ere.
Garazi |
Munhoa, Sorogain, Errozate, Lindus, Ahuzki, Arnostegi, Larraine... Luzea da kilometro bat baino gehiago %10etik goitiko maldarekin duten mendate hauen zerrenda. Gaurkoan guk Burdinkurutzeta, Bagargi eta Soudet pasatu ditugu.
Santa Grazin euripean |
Burdinkurutzetako lainoak, langarrari utzi dio tartea eta busti-bustita ginen Bagargiko lehen maldak igotzen hasterako. Bustita eta ni hustuta ere bai, aspaldi xamar bizikletaz ibili ez izanak faktura pasatu dit egunaren lehen zatian. Bagargi alde errazetik igotzen ari ginela, hotz eta hezetasun sentsazio hura duela ez aspaldi Irati Xtrem proban bizi izan genuela oroitu dugu. Bagargiko jaitsiera tente eta arriskutsuaren ondotik, Logibarreko aterpean egin dugu bazkaria, bustita eta hoztuta. Arratsaldean, eguna gero eta ilun eta bustiago eta guk maila bereziko Soudet mendatetzarra igo behar Santa Grazitik goiti. Lepoan bertan egon zaizkigu zain Haizea eta Gari, arropa idorra eta janari pixka bat eman ondotik Arettera jaisteko. Ea biharko hobetzen duen...
3. ETAPA: ARETTE - LUZ SAINT SAUVEUR (130 KM)
GURE BEARNO MAITEA
Desnibel positiboa: 2972 metro Desnibel negatiboa: 2594 metro |
Gau guzian bota eta bota aritu ondotik, goizean atertze aldera egin du. Eskerrak Aretteko kanpineko langileak Bungalow utzi digun lo egiteko, ez dakit zer eginen genukeen gure kanpin dendan. Arette utzi eta Lourdios Ichereko norabidea hartuta eguneko lehen mendatea igo dugu: Col de Lie. Baserri eta belagi artean paisaia eder eta lasaiak atzoko egunak hanketan jadanik utzi dizkigun ondorioak goxatzen lagundu digu.
Col de Lie |
Baretous bailara utzi eta gure Aspe maitera egin dugu salto. Neguan eta udan, mendia egiteko anitz gustatzen zaigun lekua da, baina mendate hauek ikusita, bizikletan ere maitatu dugu eskualdea. Lie jaitsi eta Lourdios Ichere herria zeharkatuta Ichere mendateari ekin diogu.
Lie mendateko jaitsieratik Ichere mendatea |
Aitzinekoaren iduritsua hau ere, bai edertasun eta baita gogortasunaren aldetik, izugarri disfrutatu dugu igoeran. Mendate guziak horrelakoak balira bai ongi!
Lourdios Ichere herritik pasatzen |
Ichere jaitsita errepide handiagotik iparralderako bidea hartu dugu Escot aldera. Bertan genuen zain Marie Blanque ezaguna. Frantziar txirrindulari taldetxo batekin konpartitu dugu, Quebrantahuesos probatik ezaguna nuen mendate hau. Berez 9 bat kilometroko igoera da % 7,7an, baina azken lau kilometroek egundoko tranpa gordetzen dute ezagutzen ez duenarendako.
Ichere, sorpresa polit bat |
%11 inguruko malda konstanteetan ipurdia ederki luzatu dugu lepora ailegatzeko. Are gehiago frantziarren jarrera harroputzaren ondorioz haiekin norgehiagoka igo eta gero. Jaitsiera politak Ossau bailaran utzi gaitu. Berez hemen gure plana Larunsera jo eta Aubisque handia igotzea zen, baina uholde batzuk errepidea moztarazi dute eta ibilbidean aldaketa bat egin behar izan dugu honen ondorioz. Louvie Juzon herritik Lourdes aldera doan errepidetik joan gara, Pirisen erritmo bizian, Asson herria hegoalderantz biratu eta Soulorreko iparraldeko igoera egiteko.
Marie Blanque |
Anitz gustatu zaigu igoera hau, nahiz eta lainoak inguruak tapatu eta ez digun behar bezala disfrutatzen utzi. Erreka zoko batetik hurbildu gara mendatera, leku politetatik pasatuz eta Ferrieres herritik goiti 12 kilometroko igoera gogorrari ekin diogu.
Soulor mendatera hurbiltzen bailara politetik |
Arestian erran bezala, azken kilometroak laino eta langarpean eginda, mendate polit hau zapaldu dugu. Argazkia eta Arrens aldera ziztu bizian abiatu gara hotza eta hezetasunari ihes egin nahian. Gure etapa ez da hor akitu ordea, oraindik Argeles Gazost herriraino jaitsi eta Luz Saint Sauveurrera eramanen gintuen sasi-ordeka igo behar izan ditugu merezitako atsedena hartzeko. Bihar Tourmalet handia dugu zain!
Soulorren lainopean |
4. ETAPA : LUZ SAINT SAUVEUR - SAINT LARY SOULAN (68 KM)
TOURMALET HANDIAREN ERRANETARA
Desnibel positiboa: 2191 metro Desnibel negatiboa: 2114 metro |
Tourmaleti ekiteko prest |
Gaurko honetan, etaparen hasmentan Gari izan dugu lagun, bere azken hilabeteetako helburua zen Tourmaleteko maldetan. Aitzineko bi etapa gogorren ondotik, gaurkoa Tourmaleten gogortasunera moldatua genuen agendan, kilometro gutxiago eta bertze portu bat bakarrik. Tourmaletek min egiten du.
Umore onean abiatu gara Luz Saint Sauveur herria utzi eta hain ezaguna den mendate honetako 18 kilometroak egitera. Tourmaletek bere lekuan uzten zaitu ordea, eta hasierako irribarreak kopeta zimur eta begirada galdu bihurtzen dira. Zerbaitengatik da hain ezaguna. Frantziako Tourraren historiako orrialde garrantzitsuak idatzi dira bere magaletan. Eta badu zerbait berezia, majikoa. Ez ditu bertze batzuk bezain malda tenteak, ez da bertze batzuk bezain luzea, baina poliki-poliki giharreetako indar guziak zurrupatzen ditu eta bere erranetara makurrarazten zaitu.
Tourmaleteko igoeraren azken zatia lepotik ikusita |
Behin kolosoa menderatuta, ez genekien guk menderatu dugun bera edo bera den gu menderatu gaituena. Goian ginen dena den, eta tabernan egonaldi luzearekin ospatu dugu igoera, lehendabizikoa Piris eta Garirendako. Ondotik, jaitsiera luzea Saint Marie de Campan herriraino eta jadanik Gari gabe, gure eguneko bigarren mendatera hurbiltzeari ekin diogu. Mendatea igo baino lehen ordea, otordu ederra egin dugu Payolleko laku inguruko zelai berde politean.
Tourmalet handian |
Eta bazkariaren ondotik postrea. Nagi pixka batekin abiatu gara Hourquette d'Ancizan mendatean goiti, baina beharbada ibilbide guziko mendate politena den honek, nagiak ederki kendu dizkigu. Malda lasaiak, larre berdeak, azienda nonahi... Zoragarria da Hourquette d'Ancizan. Jaitsiera estua eta lauan kilometro gutxi batzuk eginda, Saint Laryn plantatu gara, gaurkoan kanpinean igerileku eta guzi. Merezitako saritxoa!
Hourquette d'Ancizan, mendaterik politena agian |
6. ETAPA: SAINT LARY SOULAN - COL DE PORTET D'ASPET (108 KM)
FRANTZIAKO TOURRAREN USAINEAN
Desnibel positiboa: 3317 metro Desnibel negatiboa: 3088 metro |
Frantziako Tourraren giroan egin dugu gaurko etapa. Alde batetik, Frantziako Tourrak berak pasatuko bihar eta etzi pasatuko dituen bortz mendate igo ditugulako, eta bertzetik, Tourrean bertan etapa izan daitekeen ibilbide gogorra burutu dugulako.
Saint Lary Soulan eta Aure bailara |
Val Louron-Azet mendatean goiti giro paregabearekin |
Gailurretik bigarren oztopoa izanen zen Peyresourde ezaguna parez pare genuen. Aitzinetik ordea, izen bereko laku dotorearen ertzean altxatzen den Loudenvielle xarmangarriraino jaitsi behar izan dugu. Portuetan nabaria izan da egun osoan Tourreko giroa. Jende anitz, karabanak, margoketak...
Val Louron eski estazioa eta urrunean Peyresourdeko lepoa |
Peyresourde gainean eguneko lehen geldialdia egin dugu crepe bana jateko eta ondotik jaitsiera azkarra eginda Bagneres de Luchon herrian sartu gara. Hemen ere, nabaria zen Tour usaina, hurrengo bin etapek bertan izanen baitute hasmenta eta akabaila.
Peyresourdeko azken zuzengunea |
Hemendik goiti, jadanik eguzkiaren beropean, eguneko hirugarrena: Portillon. Gogorra egin zaigu, batez ere azken lau kilometroetan malda dexentea baitu. Bossostera jaitsita, ogitartekoa eta atsedenaldia genituen zain.
Portilloneko lepoan |
Bazkalondoan, Bossostetik Saint Beaterainokoa egin dugu. Berez hemen genuen akitu beharra etapa, baina oraindik goiz zenez eta batez ere, biharkoari porturen bat edo bertze kentzeko asmoz, Menteko maldetan barneratu gara. Gogorra da Col de Mente. 9 kilometro %9ko batazbertzeko maldarekin. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ordurako gorputzak modu automatikoan funtzionatzen hasiak zitzaizkigula nabaritzen hasi gara eta uste baino errazago egin dugu.
Fabio Casartelliren omenezko oroigarria Portet d'Aspeten |
Menteren jaitsiera politak Portet d'Aspeten maldatzarren azpian utzi gaitu. A zer nolako etapa! Eta portu hau ere igo behar kanpin hurbilenera ailegatzeko. %14-15eko maldei ekin aitzinetik ordea, Fabio Casartelliren omenez portuaren azpiko aldean jarrita dagoen oroigarrian egin dugu geldialdia. Casartelli 1995eko Tourrean izandako eroriko baten ondorioz zendu zen, Portet d'Aspet mendatea jaisten ari zela. Omenalditxoa egin ondotik, 4 kilometro gogorrak igo ditugu, lepoan bertan dagoen kanpinean eguna akitzeko.
Etapako erregina burutua |
6.ETAPA : COL DE PORTET D'ASPET - USSAT LES BAINS (117 KM)
ARIEGE EZEZAGUNA
Desnibel positiboa: 2644 metro Desnibel negatiboa: 3193 metro |
Col de la Core |
Atzo gastatu genituen indarrak faltan, nekatuta eta motel igo dugu Core etzana. Baita gero, Seix herrira jaitsi ondotik, Latrape mendate motza ere. Agian ibilbide osoan okerren igo dudan mendatea hau izan da.
Latrape, agian okerren pasatu nuen mendatea |
Aulus les Bains herrian, udako ekaitzpean, egindako bazkariak indarrak berpiztu dizkigu dena den eta arratsaldeko saioa aldarte hobean egin dugu. Bazkalondoan Agnes gogor eta polita. %9-10 arteko maldekin eta elur-lausoak begibistan, zoragarria iruditu zaigu mendate hau.
Aulus les Bains |
Jaitsiera laburrak Port de Lers mendatearen azken maldetan utzi gaitu. Lau kilometro bertzerik ez eguneko igoerak akitzeko eta jaitsiera polit baten ondotik, Vicdessos herrian Tourreko etapako azken kilometroak ikusteko garagardo batekin hidratatuz. Berez hemen genuen akitzeko eguna, baina etaparen ondotik kilometro batzuk egin ditugu Ussat les Bains herriko kanpin bateraino. Gaurko ikasgaia biharamunerako indarrak gorde behar direla! Ikasi dugu, ongi ikasi ere...
Agnes, ederra eta gogorra |
7. ETAPA : USSAT LES BAINS - PRADES (112 KM)
TRANSIZIOA
Desnibel positiboa: 2745 metro Desnibel negatibia: 2891 metro |
Pailheresen azken metroak |
Eta igoera anitz gustatu bazaigu zer erranik ez jaitsiera. Lehen zatia ikusgarria da, agian egin dugun politena. Estua, bihurgune anitzekin... Pasada bat! Jaitsi bezain laster, Moulis eta Garabeil mendateak igotzen hasi gara, bien artean 13 bat kilometroko igoera, baina arras etzana. Garabeil gainean sorpresatxoa egin digute Haizea eta Garik, tomate eta saltxitxazko ogitarteko goxoak prestatuta. ez da horrelako barrita eta gelik.
Garabeil mendatean goiti, urrunean Pailheres ageri delarik |
Bertze jaitsiera bat, jadanik aldatzen hasi den paisaian, eta arbola arteko igoera luzeari ekin diogu Jau mendatea igotzeko. Hemen sartu gara Katalunian. Bertze jaitsiera bat eta etapa akabaila Prades herrian. Mediterraneo usaina nabaria da bai tenperaturan eta baita paisaian ere. Bihar bertako uretan bainatuko gara!
Jau, Kataluniako atea |
8. ETAPA : PRADES - PORT DE LA SELVA (156 KM)
GUREA DA GARAIPENA
Desnibel positiboa: 2526 metro Desnibel negatiboa: 2843 metro |
Berez 8 egunetan genuen aurreikusia Mediterraneoa harrapatzea eta hala izan da, nahiz eta akitzeko maratoi bat egin behar izan dugun. Goiz ernatu gara, inoiz baino goizago, bagenekien eta etapa luzea genuela aitzinetik. Ez genekiena zen, bidez tronpatu eta aurreikusia genuena baino luzeagoa izanen zela. Izan ere, Pradesetik abiatu eta Google Mapsari jarraiki, ustez Amelie les Bains herrira ailegatzeko laburrena zen bidea hartu dugu. Laburrena ez da beti onena izaten ordea.
Eguzkiaren lehen izpiak Prades inguruan |
Ohartu orduko 20 kilometro inguruko mendatearen maldetan goiti barneratuak ginen, Canigo mendiaren magalean. Ez dugu berehalakoan harrapatu lepoa. Ezta jaitsiera luzearen ondotik Amelie les Bains ere. Basoak eta basoak begibistan, bazirudien inoiz ez ginela zibilizaziora ailegatuko. Ameliera ailegatu orduko etapa Mediterraneoan akitzeko esperantzak txikituak ziren. Bero latza ari zuen, eta oraindik 70 bat kilometro bakarrik genituen eginda, ia 100 falta beraz. Geldialdia egin dugu herriam¡n zerbait hartu eta fruta pixka bat erosteko. Aitzinera segitzea jarri dugu helburu, helmuga finkorik jarri gabe gure buruari.
Palomere mendatea, eguneko sorpresatxoa |
Eta hala igo dugu bigarren mendatea, Coustouges etzana. Tartean erreka batean freskatzeko geldialdia eginda, Ipar Kataluniatik Hego Kataluniara egin dugu salto. Mendateak akituak genituen, Port de la Selva aitzinekoa salbu, baina oraindik kilometro anda genuen egiteko. Maçanet de Cabrenys herrian bazkaldu eta arratsalde kiskalgarrian kilometroak erretzen hasi gara. Bat, bertzea, bertzea...
Mediterraneoa begibistan Sant Pere de Rodestik |
Villajuiga herrira ailegatu garenerako bagenekien Port de la Selvaraino ailegatuko ginela. Sant Pere de Rodeseko igoera bakarrik gelditzen zen Mediterraneoaren goxotasunera ailegatzeko. Igoera ederra, ibilbide zoragarriari amaiera bikaina emateko. Eta jaitsiera zer erranik ez. Oilo larruarekin ailegatu gara, hondartza bazterreko kanpinera. Helburua betea zegoen, Mediterraneoan ginen!
9. ETAPA : PORT DE LA SELVA - CAP DE CREUS (20 KM)
POSTREA
Desnibel positiboa: 386 metro Desnibel negatiboa: 325 metro |
Eguzkia ateratzen Mediterraneoan |
Helburua betea zegoen. Atlantikotik Mediterraneora Pirinioak zeharkatuak genituen. Baina pastelari gerezia jarri nahi izan diot eta gaur Cap de Creuseraino joan naiz. Leku berezia da hau, bertzeak bertze Pirinioak oinez zeharkatzeko egiten den GR10 ibilbidearen muturretako bat delako. Horregatik, lasai jaiki eta bertzeek gure azken aitzineko kanpamendua biltzen zuten bitartean Port de la Selvatik goiti gainditu behar den mendatetxoari ekin diot. Igo, jaitsi eta Cadaquesen nintzen. Kilometro eskas batzuk bertzerik ez Cap de Creuseraino, Iberiar Penintsulan ekialdeen dagoen punturaino. Gorabehera batzun ondotik harrapatu dut itsasargia... Amets txiki horietako bat betea, gehiago amesten hasteko...
Cap de Creuseko itsasargian |
BIDEOA
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina