2018/07/12

Gran Paradiso (4061m)

EGUNA: 2018/07/11-12

IRTEERA: Pont (1952m)

ZAILTASUNA:
  • Alpinismo zailtasuna: PD. Glaziarrak ez dauka aparteko zailtasunik, baina glaziarra den heinean urtetik urtera baldintzak aldatzen ahal dira. Bertzetik, gailurrera ailegatzeko erorketa handia duen II mailako pausua gainditu behar da. Pausu honetan parabolt batzuk daude soka pasatu ahal izateko. Komeni da express batzuk eramatea pausua pasatzean babesteko.
DENBORAK:
  • Pont - Rifugio Vittorio Emanuele II : Bi ordu
  • Rifugio Vittorio Emanuele II - Gran Paradiso : Lau Ordu
  • Gran Paradiso - Pont : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:



KRONIKA:
Alpeetan pasatutako oporralditxo laburra Italiako 4000ko mendi ezagun hau egiteko baliatu dugu. Nire Alpeetako lehen gailurra.

2018/07/11
12:06 : Pont (1952m)
Chamonixen hartua genuen kanpinetik atera eta Mont Balnceko tunel ezagun eta garestia gurutzatuta Aostako bailaran sartu eta Ponteraino hurbildu ginen. Bertan genuen egina hitzordua Aguraingo bi sherpekin, Iker eta Ikerrekin. Gauzak prestatu eta goiti...


Valsavarencheko bailara ederraren bukaeran geunden eta mendi elurtuak begibistan genituen hasmentatik.


Lehen zatia pista zabal eta lautik eginen genuen...


...segidan pinu artean pista bidexka bilakatu eta altuera irabazten hasten da.


Bidexka ona da aterperaino eta erraz egiten da bidea. Erritmo bizia hartu eta ia gelditu gabe igo ginen.


Paraje zoragarrian.


Aterpera ailegatzen...


Ordu eta erdiren buruan, Vittorio Emanuele aterpe zaharra bistaratu genuen. Lehen etaparen akabaila hurbil zegoen.


13:39 : Rifugio Vittorio Emanuele II (2723m)
Aterpera ailegatu eta terraza gustura bazkaldu ondotik, erreserba baieztatu eta gelan instalatu ginen.


Arratsaldea batzuk siestan eta bertzeek paseoan pasatuko genuen, afaltzeko ordura arte...


Vittorio Emanuele aterpe zaharra da eta 120 lagunendako lekua du. Gran Paradiso igotzeko aterperik aproposena izanik, jendetza egoten da normalean bertan. Gela ttiki anitz ditu dena den, eta guri bortzondako gela bakarra tokatu zitzaigun.


Zazpietan afaldu eta bederatzietarako lotara sartuak ginen denak, ondoko egunean iratzargailuak lauretarako joko baitzuen.


2018/07/12
5:33 : Rifugio Vittorio Emanuele II (2723m)
Lau eta erdietarako hartua genuen gosaria. Hauek dira Alpeetako ordutegiak, lo egitea kostatzen zaigunondako ez sobera egokiak. Gosaldu, prestatu eta bortz eta erdiak inguruan martxan ginen aterpe gibeleko bidexka hartuta.


Elurra 2900 metro inguran harrapatu genuen. Goizeko ordu ttikietan gogor zegoen oraindik eta kranpoiak jarri genituen segituan.


Bideak ez du misterio handirik. Arrasto zapalduan goiti eta goiti egitea da, atsedenik gabe 1300 metroko desnibela bete arte. Bitartean gibelean mendiak eta mendiak agertzen hasten dira. Ez geunden Pirinioetan eta nik behintzat Mont Blanc eta Barre des Ecrinsez gain ez nuen batere identifikatzen.


Iker beti bezala kameraren aitzinean. Zenbat gustatzen zaion argazkietan agertzea. Ah, eta bere gibelean Mont Blanc.


Malda tente batzuk igota gailurra eta bertako Ama Birjinaren irudia bistaratu genituen. Azken zati honetan Chabodeko aterpetik datozenekin egiten da bidea, argazkiaren eskuineko partetik igoz ezkerrekoan dauden serac handiak saihesteko.


Aterpetik atera eta hiru ordu eta erdian ertz estuan ginen, gailurretik 10 bat metrora. Ez zegoen dena eginda ordea, eta gailurra harrapatzeko zeharkatu behar den pasabidea gurutzatzeko ordubete inguru egon ginen zain, jendez lepo baitzegoen.


9:56 : Gran Paradiso (4061m)
Pazientziaz zain egon ondotik (ez bertze anitz bezala), pasabidea sokekin babestuz zeharkatu eta hamarrak inguruan besarkatu genuen Madonna famatua. Ez pop izarra, gailurrekoa baizik...


Denbora gutti egon ginen bertan. Zain egoten ez dakiten mendizale uholdeen artean pasabidea berriz zeharkatu eta beheitirakoari ekin genion.


Harategiko jende lerroak gibelean utzita gustura eta erritmo bizian egin genuen glaziarrean beheiti.


Schiena d'Asino bizkarrean beheiti. Hemen elkartzen edo bereizten dira Chabod eta Vittorio Emanuele aterpeetako bideak.


12:46 : Rifugio Vittorio Emanuele II (2723m)
Glaziarra gibelean utzi eta materiala motxilara bilduta aterperainoko azken zatia egin genuen.


Bertan mokadutxoa eta aterpea agurtuta autorako bidea hartu genuen.


Ziztu bizian bidexenda erosoan beheiti...


14:55 : Pont (1952m)
Eta bederatzi ordu eta erdiren ondotik, Alpeetan egin dudan lehen mendia jaitsita. Leku ederrean eta konpainia onean, ezin gehiago eskatu...


BIDEOA:


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina