2018/07/09

Erroilbide (837m)

EGUNA: 2018/07/09

IRTEERA: Arritxulo Aterpea (420m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (F+). Erroilbideraino ez dago zailtasun handirik, I graduko eskaladatxoak bertzerik ez. 

DENBORAK:
  • Arritxulo - Erroilbide : Ordu bat eta erdi
  • Erroilbide - Arritxulo : Ordubete inguru
NOLA AILEGATU:
Nire kasuan, Baztan aldetik joanda Lesakara joan eta handik Oiartzungo bidea (NA-4000) hartu behar da, Aritxulegiko leporaino. Lepoko tunela zeharkatu eta ezkerretara Arritxulo aterperako bidea hartu behar da bertan autoa uzteko. Oiartzun aldetik berriz, Lesaka aldera abiatu eta leku berera ailegatuko gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bada errana goiz ibiltzen denari jainkoak laguntzen diola. Ez dakit jainkorik baden edo ez, baina niri behinik behin, gaurkoan ez dit anitzik lagundu goiz ibiliagatik.

9:03 : Arritxulo Aterpea (420m)
Zazpiak pasatuxean ernatu naiz, lehen orduan Arritxulon egoteko, bazkaltzera etxera itzuli aitzinetik Aiako Harriko tontorren zeharkaldia egin nahi bainuen lehen aldiz. Aterpe ondoan aparkatu eta goiti abiatu nahiz erritmo bizian.


Lehen metroak marka zuri-berdeei segika egin ditut, baina lepotxo batera ailegatuta marka zuri-gorri-horiak hasten dira. Bideak atsedenik gabe goiti egiten du hasmenta honetan.


Baztan eta Bortzirietan eguraldi garbi-garbia izanda ere, Gipuzkoa alde arras ilun ageri zen lehen ordu horietan. Hori gutxi balitz, lainoak justu Aiako Harrietan harrapatuta zeuden, mendiguneak atxikitzen zituela.


Berehala ailegatu naiz tontorretara hartu behar den bidera. Nire asmoa tontorrak igota, Elurretxera jaitsi eta bidegurutze honetara ibilbide zirkularra itxiz ailegatzea zen.


Baita metroak irabazi ahala lainoa ixten ari zen. Paisaiari halako itxura mistikoa ematen zion behelainoak.


Nafarroa aldean eguzkitsu...


Baina nire bidea gero eta ilunago, pena ez baitzidan ikuspegiaz gozatzen uzten.


Erroilbideko pareten azpitik zeharkaldia eginda, bideak berriz goiti egiten du, trepada erraz batzuk tartekatuz. Gailurra laino eta eguzki arteko borrokaren erdian...


9:53 : Erroilbide (837m)
Hala lainopean uste baino lehenago harrapatu dut gailur polita, Aiako Harrietako altuena. Eguzkiak argitzen gailurreko apaingarria. Inguru guzia ordea lainoak estaltzen zuen.


Eta laino artetik jarraitu beharreko ertza agertu zait bat-batean. Hara abiatu nahiz baina lainoak berriz inguratu eta buelta hartzea erabaki dut.


Endarako urtegia lainoak ikusten uzten zidanean...


Eta uste nuena gertatu da, jadanik zati eder bat jaitsia nuenean lainoak desagertzen hasi dira...


...eta Aiako Harri ikusgarriak agertzen.


10:48 : Arritxulo Aterpea (420m)
Beranduegi argitu du niretako hala ere, eta bertze batean izan beharko du. Barneko amorrutxoarekin egin dut etxerako bidea...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina