IRTEERA: Arruxia baserria (270m)
ZAILTASUNA: Erraza (F)
DENBORAK:
- Arruxia - Iguzkimendi (Itsusiko Harrietatik pasata) : 3 ordu
- Iguzkimendi - Arruxia (Aritzakundik pasata) : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Bertara ailegatzeko Nafarroa Beherako Bidarrai herrira jo behar dugu eta handik goiti ibilbidea abiatuko dugun baserrira doan errepidetxoa hartu. Hona hemen puntu zehatza. Baserriaren ondoan auto batzuk uzteko lekua dago.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Anitzetan kanpora jotzen dugu Pirinioetako mendietara etxe ondoan ditugun txoko ederrak ezagutu ere egin gabe. Hori gertatzen zait niri behintzat maiz.
Uda beteko egun zoragarria lagun, Baztango txokorik ederrenetarikoan izan naiz, Itsusiko Erreserba Naturalean hain zuzen ere. Merezi du paraje hauetan ibiltzea, bai horixe!
9:10 : Arruxia baserria (270m)
Bidarraitik pasatu ordez, Aritzakungo pistan barrena hurbildu naiz ibilbidearen hasmentara. Dena dela, onena edoizein eratako autoan joanda, Bidarraitik pasatzea da, funtsean Aritzakungo bidetik ezin delako bertakoa ez dena pasatu.
Leku malkartsuan dago baserria, abeltzaintza eta nekazaritzarako leku gogorra dudarik gabe. Hori dela eta, inguruko baserri anitz hustu dira azken hamarkadetan. Baserriaren azpiko aldean autoa utzi eta GR11 ibilbideko marka zuri-gorriak segituz hasi dut ibilbidea.
Metro batzuk irabazita segidan egun osoan lagun izanen dudan Alkaxuri mendi ikusgarria agertu zait begien parean.
Goiz beroa harrapatu dut eta lehen zati maldatsuan segidan hasi naiz izerditan. Argazkian autoa utzi dudan baserria ageri da.
Ibilbidetik Urritzate eta Aritzakungo erreken hasmentak ikusten dira, erdian Alkaxuri eta alde banatan Iparla eta Itsusiko Harriak dituztela. Eskuinean ikusten den punta zen nire lehen helmuga, bertan hasten baita Itsusiko Harriak zeharkatzen dituen ibilbidea.
Espaltzako lepora ailegatu baino lehen, erne egon behar da ezkerretara ateratzen den bidexenda hartzeko. irudian ikusten dena da, sasoi honetan iratze artean nahiko gordea dagoena. Iturburuko malda zeharkatzen du bidexendak.
Iturburuko maldatik, igo dudan GR11ko ibilbidearen ikuspegia ikusgarria da. Dena den, teknikoki ez dauka inolako zailtasunik eta leku estuenetan kable batzuk daude, nahiz eta ez beharrezkoak izan.
10:00 : Martikoenea (640m)
Honela ailegatu naiz Itsusiko Harrietako lehen kotara, Martikoenea izena hartzen duenera. Bertatik, ibilbidearen hasmentako puntua arras beheitian ikusten da.
Argazkiaren eskuinetik etorri naiz eta ezkerretara doan bidexkatik segituko dut.
Ikuspegi ederra lehen puntatxo honetatik, Iparla, Auza, Alkaxuri eta Gorramakil ageri direla...
Ibilbidea segitu dut Martikoeneako puntari bertze begiradatxo bat emanda. Pirinioetako Chipeta Alto edo Bizkaiko Tologorri mendien nolabaiteko antza du.
Ibilbidetik Bidegorrieta baserria, Urritzateko errekaren beheitiko partean.
Alkaxuri ikusgarria, batzuen erranetan Euskal Herriko mendirik politena omen dena. Ez dakit hala den, baina zoragarria da.
Ibilbidean aitzinera segituta, Iguzkimendi mendia ere agertu da. Puntu honetan pixka bat bidez nahastu eta Itsusiko Harria deitzen den kota pasatu egin dut. Bertara igotzeko asmoa nuen, baina ohartu naizenerako gibelean utzia nuen.
Amildegiaren ertzean doan bideak, oasi txiki batzuk ere baditu. Bordatxo hau dagoen lekua hain zuzen ere.
Amildegi gehiago...
Itsusiko Harrien zeharkaldi eder hau, Sistagorri deitzen den puntan akitu nuen. hemendik, gibelera ibilitako ibilbidearen ikuspegi bikaina dago. Zeharkaldia akituta, ondoko helburua Iguzkimendi mendia igotzea nuen eta bertara abiatu naiz.
11:00 : Bagaarreta (670m)
Amildegiak akitu eta larre berde eta zabalak hasten dira. Lepotxo honetatik aitzinean nuen Iguzkimendi.
Pista batetik egiten da zati bat eta azken zatian zuzenean igotzen da.
11:26 : Iguzkimendi (844m)
Erritmo bizian laster ailegatu nintzen Iguzkimendira. Iparraldeko lautaden ikuspegia irekitzen da bertatik, baita Larrun, Arranomendi eta Artzamendi mendietarako ere.
Gailurreko tripodea...
Hegoaldean Erratzuko "kolosoak"...
12:00 : Bagaarreta (670m)
Berriz Bagaarretara itzuli, eta ibilbide zirkularrarekin segitzeko eskuinetara ateratzen den pista hartu dut.
Metro batzuk bertzerik ez dira egin behar pista honetatik dena den eta segidan, harkaitz gorrixka kurioso bat inguratzen duen bidexenda hartu hartu behar da.
Bidexenda honetatik barneratu naiz Aritzakunen. Xendan aurkitu dudan lehen bidegurutzean berriz ere ezkerretara biratu eta iratze eta sasi artean ia galduta dagoen bidexkatik segitu behar da.
Matroak galdu ahala Itsusiko Harrien ikusgarritasuna gero eta handiagoa da.
12:30 : Itsusiko Borda (250m)
Sasi arteko bidexkan borrokan ibilita zibilizaziora atera naiz Itsusiko borda inguruan. Hemen, etxearen larrainetik bertatik ezkerretara hartu behar da Espaltzako erreka zeharkatu eta Arruxia aldera eramanen gaituen bidexenda.
Bidexenda berriz ere sasi eta iratze artean zailtzen da. Itsusiko Harrien azpitik zeharkaldi luzea egiten du.
Martikoteneko borda inguruan bidea nabarmen zabaltzen da eta autoa utzia nuen Arruxia baserria bistaratzen da.
13:35 : Arruxia (270m)
Honela, Bernateneko bordaren azpiko bidexkatik pasatu eta errepidetik goiti hasierako puntura ailegatu naiz.
Leku basatia, bakartia, ahaztua, miresgarria da Itsusi ingurua, etxe ondoko altxo handi bat.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina