EGUNA: 2022/08/20
ABIAPUNTUA: Larraitz (401m)
ZAILTASUNA:
- AD. Eskalada erraza izan arren, IV. graduko hainbat pausu gainditu behar dira.
Bidearen krokisa |
DENBORAK:
- Larraitz - Mendebaldeko Ertzaren hasiera : Ordu eta erdi
- Mendebaldeko Ertzaren eskalada : Bi ordu
- Txindoki - Larraitz : Ordu eta erdi
70 metroko soka (40 metrokoa ere aski izaten ahal da), 10 express, zintak, mosketoiak, errebersoa.
NOLA AILEGATU:
Gizpuzkoaren erraietan dago Larraitz. Gure kasuan Donostia aldera joan eta gero Gasteizera doan A1 autobidea hartu dugu, hortik jarraituz Alegiako irteeraraino. Alegiatik Amezketara segituko dugu eta hemendik, Aralarreko bidea iragartzen dute seinaleek. Abaltzisketa zeharkatu eta laster izanen gara gure irteera puntuan.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Bigarren aldia niretako Euskal Herriko eskaladaren ertz klasiko honetan; baina aitzinekoan ez bezala, oraingoan nik ireki beharko nuen bidea eta horrek zirrara berezia eragiten zidan. Mendi ezagun honetara igateko modurik ederrenetarikoa dudarik gabe!
8:59 : Larraitz (401m)
Bezperan mantso ailegatu ginen abiapuntura eta egunari presa handiegirik gabe ekin genion. Aparkalekutik beretik ateratzen den pista hartu genuen behelaino artean.
Behin 0 bilgunean plantatuta presarik gabe prestatu ginen, gure aitzinean zihoan bikoteari tartea uzteko intentzioarekin. Egia erran eskalada osoan zehar orpoz orpo segitu genituen eta horrek pixka bat motelarazi gintuen, baina astia bagenuen beraz...
- 1. luzea (IV): Irudian ikusten den diedroa da. Nahiko erraza eta ongi babestua. Diedrotik ezkerretara atera eta lehen bilera dago.
- 2.luzea (II+): Luze arras erraza, tartean txaparik ez duena (guk behintzat ez genituen ikusi). Dena den, erraz egiten da. Arrakala batean akitzen da.
- 3. luzea (III+): Arrakalatik hegoaldeko paretara atera eta tximinia bat igo behar da. Hor dago luzearen pausurik zailena. Hortik aitzinera ertzetik bertatik metro batzuk egiten dira eta akitzeko iparraldera kokatua dagoen III. graduko plaka bat eskalatu behar da.
- 4. luzea (III+): Lehen metro erraz batzuen ondotik luzeari gradua ematen dion hego-tximinia bat eskalatu behar da. Tximinia gaindituta metro batzuk ertzetik eta bilera hegoaldera orientatutako plaka baten azpiko balkoitxoan dago.
- 5. luzea (IV): Eskalada bileratik Plaka Polita deitzen dena igoz hasten da. Plaka hau gaindituta ertzetik metro erraz batzuk eta punta ikusgarri batera ailegatzen gara. Puntu jaitsi eta arrakalan dago hurrengo bilera.
Plaka Polita gainetik ikusita |
Orratz ezagunaren gainean, 5. bilkurara ailegatzen |
- 6. luzea (IV+): Hau da bideko luzerik zailena, nahiz eta ez zaila izan. Guk berezko 6. eta 7. luzeak elkartu genituen. Lehen metro batzuen ondotik iparraldera orientatutako diedro bat igo behar da. Guk diedroa blai eginda aurkitu genuen eta horrek pixka bat zaildu zuen igoera. Dena den, ongi babestua dago hiru txaparekin. Pausoa gainditu eta balkoi estu batean dago azken aitzineko bilera. Agian bertikalena eta ikusgarriena. Hor txapatu eta goiti segitu nuen ondoko bilkuraraino III- zailtasuna duen luzetik. Belar arteko luze zikina da, pixka bat deserosoa eta heze egoten dena.
4c graduko pausoa gaindituta |
Berez 7. luzea dena akitzen |
Motz egin zitzaigun eskalada. Berez gure intentzioa luze gehiago elkartzea zen, baina aitzinekoei itxoiten aritu ginenez bakarrean bertzerik ez genituen elkartu. Eta eskerrak, bertzenaz sobera motz eginen baitzitzaigun. Zerbait jan, trasteak bildu eta gailurrerantz abiatu ginen...
Harkaitz zatiak gaindituta, gailurrera bidean puntatxo honetatik pasatzen da bidea. Larrunarriren mendebaldeko sasigailurra edo da.
13:01 : Txindoki / Larrunarri (1346m)
Minutu gutian ertzeko bakardadetik gailurreko kalapitara pasatu ginen. Bigarren aldia nuen Txindokin eta bietan ertzetik iganda... Argazki bat eta beheitirakoari ekin genion.
Mendiaren hegoaldera jaisten den bidexka hartu genuen hasteko, baina azpiko lepora ailegatu baino lehen bide nagusia utzi eta ezkerretara biratuko ginen Muitzeko bidetik jaisteko.
Aralarko larreak beti bezala ikusgarri zeuden uda arras idorra izanda ere...
Bide nagusiko jendetza utzi eta ekialdera biratuta kasik inor ibiltzen ez den bidexenda politetik jaitsiko ginen. Hasierako metroak alfonbra berdetik...
Gero poliki-poliki iparraldera biratzen da bidea mendia inguratuz...
Eta ipar aurpegi hezean barneratzen da...
Amezketa aldera ikuspegi ederra eskaintzen du bideak arbola artean galdu baino lehen.
Ondotik malda tentetu eta baso artetik pasatzen da bidexka.
Berriz ere larreetara Larraitz inguruan ateratzen da, autotik hurbil.
14:25 : Larraitz (401m)
Hiru urteren buruan berriz ere Txindokiren ertz polita eskalatuta kontent itzuli ginen autora. Noizean behin bueltatu beharreko lekua, zalantzarik gabe!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina