EGUNA: 2022/08/26-28
ABIAPUNTUA: Pont du Prat (1261m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD+). Ondokoak dira punturik erranguratsuenak:
- Bellocen ertzak: Belloc mendira mendebaldetik igaten den ertza (II) eta ekialdera segitzen duena (III- ertzetik segituta pauso batean) espoziodunak dira.
- Jean Arlauden igoera: Port d'Ootik kaskora igateko III. graduko tximinia bat gainditu behar da.
DENBORAK:
- Pont du Prat - Refuge de la Soula : Ordu eta erdi
- Refuge de la Soula - Breche Belloc : Hiru ordu eta erdi
- Breche Belloc - Belloc - Spijeoles - Gourdon - Col des Gourgs Blancs : Bi ordu eta erdi
- Col des Gourgs Blancs - Refuge de Portillon : Ordu eta erdi
- Refuge de Portillon - Port d'Oo : Bi ordu
- Port d'Oo - Gourgs Blancseko ertza - Saint Saud : Bi ordu eta erdi
- Saint Saud - Pont du Prat : Lau ordu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoa gure eskuinetara utziz. BagnEuskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoagure eskuinetara utziz. Hemendik bailararen akabailara segitu behar da, Loudenvielle herrira hain zuzen ere. Herritik Pont de Prateko norabidea erakusten diguten seinalei segituko diegu.
KRONIKA:
Udako opor intentsoak akitzeko aurtengoan falta zitzaigun aktibitate mota bat egiteko gogoa nuen. Maupas eta Crabioules arteko gandorra zeharkatzeko aste bat lehenago genuen plana bertan behera gelditu eta gero, iduriko zerbait egitea bururatu zitzaidan. Mendigune berean antzinako Gourgs Blancseko glaziarrak osatutako zirkuko 3000ko guziak gainez gain zeharkatzea zen plan berria, Soula eta Portillongo aterpeetan gaua pasatuta zirkula bikaina burutuz. Pirineismoa alde guzietatik darion aktibitatea.
2022/08/26
15:06 : Pont du Prat (1261m)
Loudenvielleko atsedengune batean bazkaldu eta herrian kafe goxoa hartuta hurbildu ginen abiapuntura. Arratsaldea ilun zegoen eta lehen egun horretarako ekaitzak iragarriak zeuden. Gauzak prestatu eta bizi-bizi abiatu ginen goiti...
Azkenean busti gabe ailegatu ginen lehen eguneko helmugaraino. Berezia da Soulako aterpea. Bere garaian (eta agian orain ere bai) zentraleko langileak egoteko eraikia izanen zela ematen du eta zentrala eramaten duen enpresak sos batzuk ateratzeko aterpe gisa ireku duela. Auskalo! Gure irudipena bertzerik ez da! Kontua da leku aunitz duela, baina ez sobera modu eraginkorrean banatua: geletara joateko kanpotik pasatu behar da, gela batzuetatik bertze batzuetara pasatzen ahal da, jantokia arras ttikia da...
Hori bai, bertako arratsaldea aunitz gozatu genuen garagrdo eta mahai-joko artean, eta arras ongi eman ziguten afaltzen.
2022/08/27
7:01 : Refuge de la Soula (1695m)
Larunbat arratsalderako ere ekaitzak iragarriak ziren eta argia hasi orduko utzi genuen aterpea. Caillauaseko lakura doan bidea hartuko genuen lehen zati honetan.
Bideak zeta ugari marrazten ditu igoeran eta erosoa da igateko. Gorputza beroan sartzeko aproposa...
Salamandra bat hasmentako zatian...
Artzain etxola bat ere ezkerretara utziko genuen. Beheitiago ikusten dena aterpea da, zentralaren eraikintzarren artean galduta...
Bidea Callaiuaseko errekaren ezkerreko aldetik igaten da amildegi estuan zehar.
Behelaino gibelean utzia genuen ordurako eta egun ederra aitzinetik, gandor hauetan ibiltzeko beharrezko baldintza.
Amildegiaren zatirik estuena gaindituta zelaitxo honetara atera eta asteburuan iganen genituen gailurrak ikuskatzen hasi ginen: Gourdongo piramidea parean; eta eskuinetara eguzkitan Camboue eta Saint Saud, zapalduko genituen azkenak.
8:09 : Lac de Caillauas (2159m)
Eguneko lehen lakura ailegatu ginen hala. Laku artifiziala da eta inguruan abandonatutako eraikin batzuk ditu, baita hetsia zegoen aterpe libre bat ere.
Eskuineko aldetik inguratu eta errekan goiti segitu genuen.
9:05 : Lac des Isclots (2398m)
Malda bat igan eta bigarren lakua ezkerretik inguratu genuen.
Hau beheitikoa baino aise politagoa da, eta naturala...
Hemendik goiti amildegia ireki eta lakuz osatutako zirku zabalean barneratuko ginen.
9:18 : Lac du Milieu (2528m)
Ttikiagoren bat goitibeheiti, hiru laku nagusik osatzen dute zirkua: beheitiko Isclots, erdiko Milieu eta goitiago dagoen ttikiago batek. Gourgs Blancs deitzen dira laku hauek, zirkuko mendirik altuena bezala.
Milieuko lakua ere gibelean utzi genuen eta antena honen ondotik pasatu ginen. Aipatu behar da Milieuko lakuan bidexka desagertzen dela eta harri-mukuruek Gourgs Blancseko leporako HRP bidea erakusten digutela. Beraz guk bide hori utzi eta antena honen ondotik pasatuta IGN mapetan 2672 metrora dagoen laku aldera jo genuen.
Gure ezkerretara genuen Belloc mendia, baita bertara ailegatzeko zeharkatu beharko genuen arrakala ere: Breche Belloc. Erreferentzia gisa erabili genuen bertara ailegatzeko.
Malda tente eta deseroso bat gainditu eta Belloceko arrakala parez pare bistaratu geneun. Oraindik harri eta hareazko bertze malda deseroso eta irristakor bat igan beharko genuen bertara ailegatzeko. Puntu horretan jadanik kaskoak paratu genituen, etengabe harriak gure zangopetik beheiti abiatzen baitziren.
10:25 : Breche Belloc (2912m)
Beheitiko lakuak utzi eta iruditzen zitzaigun bidetik egin genuen aitzinera.
Hala ailegatu ginen goitien dagoen lakura. Lakuaren azpiko puntutik ezkerretara biratu eta kanal zabal eta harritsu bat igateari ekin genion. Kanal horrek Belloc arrakalaren azpian utziko gintuen. Erran bezala, harritsua eta hauskorra da eta ezkerreko paretaren ondotik igaten da hobekien.
Haize finak eman zigun ongi etorria harkaitzen arteko lepo estuan. Arropa jantzi eta arnesak soinean paratu genituen. Gandorrari ekiteko prest ginen...
Lehen arrakala ttiki batera ailegatu ginen horrela eta parean genuen orratza eskuinetik inguratzen hasi ginen harri-mukuruei segika. Orratza inguratu eta kanal erraz batetik ertzera itzuliko ginen.
Baina ertzetik segitu ordez, mugarriek mendiaren bertze magalera eraman gintuzten, iparraldekora. Hortik erlaitz errazak segituz altuera irabaziko genuen azkenekoz ertzera atera arte.
Azken mugarria ertzean berean zegoela ikusita, azken zatia ertzetik egin beharko zela bistakoa zen. Bi aldeetara zuen erorketa ikusita, puntu honetan soka atera eta gailurrerainoko zatia aseguratu genuen. Esposizioa badu zati honek, baina nahiko aise igaten da (II).
11:11 : Belloc (3008m)
Lepo edo arrakalatik eskuinetara biratu eta ertzetik beretik egin genituen lehen metroak, irudikoa bezalako irtengune bertikalagoren bat gaindituz (II).
Kaskora ateratzean ertz ospela utzi eta eguzki izpiak eskertu genituen. Gure aitzinean Spijeoles mendiraino segitu beharko genuen gandorra ireki zen bat-batean.
Luze gabe paratu ginen martxan eta zatirik arriskutsuena Belloc ingurukoa zela irakurria nuenez sokekin segitu genuen. Ertz estu samarretik metro batzuk egin eta mozketatxo batera ailegatu ginen. Metro eta erdi inguru izanen du mozketak(III), baina bi aldeetara amildegia du eta soka erabiliz gainditu genuen pausoa. Hala ere, hobe da mozketa baino metro batzuk lehenago eskuineko aldera jaistea, gero ohartu ginen bezala.
11:41 : Belloc Sud (3006m)
11:29 : Belloc Central (3007m)
Hegoaldeko magaletik metro batzuk egin genituen eta berriz ere gandorrera aterata segidan ailegatu ginen bigarren tontorrera. Hortik hirugarrenerakoa paseo bat da...Mtero batzuk jaitsi, bertze batzuk igan eta Belloc osatzen duen hirugarren puntan ginen. Parean genituen Jean Arlaud eta Gourgs Blancs, biharamuneko helburuak.
Belloceko trilogia akituta altuera gehiago galdu behar da gandorretik Spijeoleseko azken zatiari heldu baino lehen.
Zaitasun handirik ez du Belloc eta Spijeloes artekoak, eskuak erabili beharreko pausoak baditu (I+), baina ertza zabalagoa da eta aise egiten da.
12:09 : Pic de Spijeoles (3065m)
Goizean abiatu eta bortz ordu pasatxora eguneko punturik altuena zen Spijeoles mendian ginen. Geldialdi luzeagoa egin genuen eguneko zailena pasatua genuela jakinda.
Ordu batzuk lehenago pasatutako lakuak: Gourgs Blancs lakuak. Urrunean Bachimalako gandorra ageri da, abiapuntu beretik duela hiru urte zeharkatu genuena.
Eta hegoaldera Gourdon mendia lehen planoan, gibilean Jean Arlaud eta Gourgs Blancs dituela. Alde horretara zuzenduko ginen segidan...
Lac Glace aspalditik ez da hormatua egoten udan eta inguruko glaziarrak ere azkenetan dira. Duela hamar urte bertan ibili nintzenetik eta ederki murriztu dira ordutik.
Spijeoleseko jaitsiera bide normaletik abiatu genuen, harri-mukuruei eta bidexka zatiei segituz.
Metro batzuk galduta, bide nagusia ezkerretara utzi eta Gourdon eta Spijeoles mendien arteko arrakala sakonera zuzendu ginen.
Bertara zuzenean ailegatzeko ezinezkoa da ordea, pareta bertikal batek mozten du bidea. Ezkerretara kasu emanez pareta inguratu behar izan genuen
12:39 : Breche Gourdon (2920m)
Arrakala estutik berriz ere goizean inguratutako lakuak parean genituen. Urdin argiena da inguratu genuena azkena.
Gourdonen hegoaldeko ertza entretenigarria da arras (II): eskaladatxoak han eta hemen, zati estuak eta zabalagoak...
Eskuinetara amildegi handia du tarteka, baina ezkerretara ez hainbertze. Horrek konfidantza ematen du. Gibelean Belloc Sud punta eta Spijeoles utzi genituen...
Azken zatia...
13:19 : Pic de Gourdon (3034m)
Solasaldi bat azken ertz zatiarekin hasi baino lehen...
...eta berriz ere goiti!
Azken metroetan ertza pixka bat tentetzen da, baina helduleku onak ditu (I+). Argazkian ikusten da lakua zein behera gelditzen den.
Aunitz disfrutatu genuen Gourdoneko ertzean eta kontent ailegatu ginen kaskora. Bagenekien gainera zailtasunak hor akitzen zirela. Materiala bildu eta atsedenaldi ttiki bat hartu genuen.
Handik heldu ginen. Horrenbertzez, Gourgs Blancseko zirkuaren erdia egina genuen. Biharamunean bigarren zatia...
Gourdonetik Gourgs Blancseko leporako jaitsiera plaka etzan batzuk pasatu behar dira, helduleku guti dituztenak eta beraz, zangoetan konfidantza izan behar da.
13:42 : Col des Gourgs Blancs (2877m)
Behin lepoan kasik desagertua den izen bereko glaziarra eskuinetara utzi eta ekialdeko norabidea hartu genuen.
Azpiko lautadatxo harritsu horretara jaitsi beharko ginen eta osorik zeharkatu. Lepotik aterperainoko protagonista izanen ziren harri madarikatuak egia erran... Garai batean inguru hau estaliko zuen glaziarraren falta sumatu nuen...
Lautada harritsura jaitsita parean genuen lepo ttiki batera zuzendu ginen. Harri-mukuruak daude alde guzietan bidea erakusteko eta lepoaren ezkerreko bizkarrean plubiometro bat.
Gibelean biharamuneko menua: lehen platera Jean Arlauden ekialdeko pareta ikusgarria eskalatzea.
14:14 : Col de Pluviometre (2880m)
Berez izenik ez duen eta ondoko bizkarrean dagoen plubiometroagatik ezaguna den lepo honetara igoeratxo bat egin behar da. Hortik segidan aterpean izanen ginela uste genuen, baina luze eginen zitzaigun azken zatia.
Portillongo laku aldera jaisten hasi ginen, baina sobera jaitsi eta ezkerretara hartu behar izan genuen harrizko bloke artetik ibiliz. Azkenean "bide" itxura zuen zerbait harrapatu eta erosoago egin genuen jaitsieraren hondar zatia.
14:59 : Refuge de Portillon (2568m)
Zortzi orduz ibili ondotik akitu genuen lehen etapa nekatuta eta gosetuta. Arratsaldea aterpean lasai egoteko eta atseden hartzeko baliatuko genuen. Aterpe ederra da Portillongoa eta bertze aunitzei ez bezala, goi-mendiko aterpe usaina dario.
2022/08/28
7:08 : Refuge de Portillon (2568m)
Hirugarren egunean, bezperan bezala, goiz utzi genuen aterpea. Egun horretarako ez zegoen ekaitzik iragarrita, baina Gourgs Blancseko gandorra zeharkatu behar genuen, autoraino jaitsi eta etxera bueltatu.
Portillongo zirku basatiaren azpitik eman genituen lehen pausoak. Gailurretan bezperako gauean botatako kazkabar hondarrak ageri ziren.
Eguneko lehen eginbeharra bezperako azken zatitik Plubiometroaren lepora itzultzea zen. Kasu honetan mugarriei segitu genien Tusse de Montarque aldera, baina gailur horretatik pasatu gabe azpitik inguratu eta bezperakoa baino bide erosoagotik ailegatu ginen lepora.
8:09 : Col de Pluviometre (2880m)
Lepotik, oraindik ere bezperako bidetik, metro batzuk galdu beharko genituen lautada harritsuraino.
Harrizko labirinto honetan biderik erosoena bilatzen saiatu ginen, eskuinetara Gourgs Blancseko lepora doan bidea utzi eta Jean Arlaud mendiaren azpian ikusten den Ooko leporantz.
Lepoaren azpiko zatia tentea da eta harri xehezko malda irristakorra. Hala ere, Jean Arlaud mendiaren paretaren kontratik pasatu ginen eta uste baino aiseago irabazi genituen metroak.
8:48 : Port d'Oo (2908m)
Lepoan geldialdi teknikoa eta gandorrean murgiltzeko prestatu ginen: arnesak, kaskoa, soka...
Bigarre erlaitz horretatik pareta motz bat gainditu eta terraza zabal batera ateratzen da bidea. Hor mugarriei segituz ezkerretara jo genuen, plaka etzan batetik pasatu eta ertzera ateratzeko.
Ertzetik ailegatu ginen Jean Arlaud edo Oo gailurrerako.
9:51 : Pic Jean Arlaud / Pic du Port d'Oo (3065m)
Gandorraren zatirik konplexuena lehena izanen zen, hori uste genuen behintzat. Azpitik Jean Arlaud mendiaren ekialdeko magalak inpresio handia eragiten du. Hala ere, behin igaten hasi ez da ematen duena bezain bertikala. Lepotik goitixeago belarrezko erlaitza hartuko genuen eskuinetarantz. Bertatik tximinia baten azpian kokatu ginen. Tximinia erraza da identifikatzeko, erdian belarra baitauka. Ez genekien nolakoa izanen zen tximinia eta sokarekin luze bat egitea erabaki genuen. III. graduko pausoren bat izanen du gehienera ere eta behin iganda bertze erlaitz batera atera ginen.
Ez ziren hamarrak ere eta printzipioz eguneko zatirik zailena gainditua genuen, Kontent ginen kaskoan!
Argazki batzuk eta mendebaldera segitu genuen, aitzinean ikusten genuen Gourgs Blancs ikusgarria igateko intentzioarekin.
Eskuak erabili beharreko zatiren bat jaitsi beharko genuen...
...eta beheitiko zatian II. graduko tximinia bat jaisteko zinta batzuekin prestatutako rapel bat egin genuen. Berez nahiko aise jaisten ahal da tximinia sokarik gabe ere, baina praktikatzeko aprobetxatu genuen.
Behin Jean Arlaud eta Gourgs Blancs arteko lepoan, azken mendi honetarako ertz harritsu baina errazetik goiti segitu genuen.
Jean Arlaud beheitian gelditzen da segidan...
10:52 : Pic des Gourgs Blancs (3129m)
Hamar urte badira gailur honetan egon nintzenetik, eta urtebetetze borobil honetan izen bereko gandor osoa zeharkatuko nuen.
Kaskotik bezperan igandako mendiak parez pare genituen: ezkerretik eskuinera Belloc, Spijeoles eta Gourdon.
Egonalditxoaren ondotik, gandor gainetik segitu genuen mendebalderantz.
Metro eskas batzuk egin genituen gandorretik eta segidan hegoaldetik altuera galduko genuen mugarri batzuei segituz. Hemendik aitzin gandorretik hurbil segitu nahi izanak, bide zailagoa hautatzera eraman gintuen. Berez biderik errazenak metro dezente galtzen ditu hegoaldeko isurialdetik, ondotik Torre Armengaud inguruan gandorrera itzultzeko
Guk gandorretik hurbilago segitu genuen eta pauso zailagoak (III) gainditu behar izan genituen eta esposizio gehiagorekin. Horrek berriz ere soka ateratzera behartu gintuen, tartean rapel bat ere egin genuen, eta denbora aunitz joan zitzaigun.
Zatirik teknikoena gaindituta, bide errazenera atera eta bertatik segitu genuen gelditzen zen zatian.
Berriz ere ertzera ateratzen da biderik errazena den hori, baina aise zati errazagoan.
11:56 : Torre Armengaud (3114m)
Sokaren erabilera tarteko, ordubete behar izan genuen Gourgs Blancs eta Armengauden arteko zatia egiteko.
12:06 : Pointe Lourde Rocheblave (3104m)
Minutu gutti batzuetan laugarren gailurrera ailegatu ginen gandor zati errazetik. Bertatik Armengaud alderako ikuspegia ederra da.
Ertzaren zatirik handiena egina genuen jadanik eta soka gordetzea erabaki genuen. Mendebaldeko norabidea segitu genuen, baina jadanik gandorrak magal zabalei utzi zien lekua.
12:23 : Pic de Camboue (3043m)
Eguneko bortzgarren tontorra magal zabaletik altxatzen den puntatxo hori da. Inolako zailtasunik gabe ailegatu ginen bertara.
Hainbat pauso erraz gainditu behar dira poliki-poliki jaisten den ertzaren gainetik...
Aitzinean genuen Saint Saud mendia, ibilbide ikusgarritik.
Bi lepoen arteko punturik baxuenera hurbiltzen...
Tontorrerako azken zatia oinez eginen genuen...
12:45 : Pic de Saint Saud (3003m)
Camboue eta Saint Saud arteko gandor zatia bertzerik ez zitzaigun gelditzen gailur guziak igateko. Bi aukera daude bi mendiak lotzeko: bata, ertza azpitik inguratuz eta bertzea, ertzetik beretik. Guk bigarrena hautatu genuen...
Azken igoerari heldu aitzinetik bavaresa eran zeharkatu beharreko zati bat gainditu genuen. Gandorra aunitz zorrozten da zati honetan eta esposizio pixka bat badu. Hala ere, zati hau azpitik inguratzen ahal da.
Eta horrenbertzez, asteburu gailurrak akituak! Hamaika 3000ko igan genituen guzira bi egunetan.
Gailurretik Clarabide mendiak ez dira urrun ikusten, baina ez dira sobera eskura gelditzen gure jaitsiera eskuinetara ikusten den lakutik pasatzen baitzen.
Eta baita beheitiago dagoen Pouchergueseko lakutik ere...
Ekialdean Camboue, Lourde Rocheblave eta enparauak...
Gailurretik hegoaldeko magala hartu eta hareazko bidexenda batetik irudiko laku ttikira jaitsi ginen.
Lakutxora ailegatzean ezkerretara biratu beharko ginen mugarriei segituz. Zuzen segituz gero amildegi bat harrapatuko genuke.
Segidan malda harritsu batetik Clarabideko laku aldera jaitsiko ginen. Zati hau, uste ez bezala, nahiko erosoa da eta bidexka zatiak ere badira harri artean.
Clarabide mendiak laku ingurutik... Arras itxura desberdina dute alde honetatik ikusita, aise alpinoagoa...
Clarabideko lakutik larre berdeetan barrena jaitsiko ginen mendiz inguratutako zirku bakarti eta ikusgarrian.
Pouchergueseko laku aldera...
Iparraldean zeru argia zegoen, baina gu zaparrada batek harrapatu gintuen. Bailara horretatik jaitsi beharko ginen minutu batzuk geroago...
Baina Poucherguesetik bideak itzuli ttiki bat ematen du Prat Cazeneuveko etxola ingurutik pasatuz. Duela hiru urte leku zoragarri honetan pasatu genuen gaua Bachimala aldera abiatu aitzinetik.
Etxolara ailegatu gabe, Soulatik bertara ailegatzeko igaten den bidea hartuko genuen, Aygues Torteseko bailaran beheiti.
Polita da bailara hau, Pirinioetako altxor ttiki bat...
15:44 : Refuge de la Soula (1695m)
14:23 : Lac de Pouchergues (2108m)
Jaitsiera tentearen ondotik, lakua inguratzean gure izterrek hats pixka bat hartu zuten. Justu momentu horretan jadanik tapatua zegoen zerua euri tanta lodi batzuk isurtzen hasi zen...
Bailara luzea zeharkatu eta pinu arteko malda bat jaitsita Soulako aterpera ailegatu ginen. Aparkalekua ordubete ingurura genuen...
Berriz Clarabideko arroila zeharkatuko genuen...
Inguru hau agurtu...
16:54 : Pont du Prat (1261m)
10 ordu eman genituen oinez hirugarren egun honetan eta horrela hetsi genuen asteburu bikaina, eta baita udako oporraldia ere. Uda bera bezalakoa izan zen ateraldi hau, zoragarria!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina