EGUNAK: 2022/08/11-13
ABIAPUNTUA: Punta Indren (3275m)
ZAILTASUNA: Erraza (F)
DENBORAK:
- Punta Indren - Capanna Gnifetti : Ordu bat
- Capanna Gnifetti - Piramide Vincent : 2 ordu
- Capanna Gnifetti - Zumsteinpitze - Capanna Margherita : 4 ordu
- Capanna Margherita - Ludwigshohe - Balmenhorn - Punta Indren : 4 ordu
NOLA AILEGATU:
Italiako Aosta haranera joko dugu Chamonixetik Mont Blanceko tunela zeharkatuta. Aosta Turingo norabidean zeharkatzen duen autopistatik eginen dugu Gressoneyko bailararako sarrera harrapatu arte. Bailara hau goitiraino iganen dugu, bertan baitago Staffal herrixka. Staffaldik Punta Indrenera hiru telekabina hartu behar dira. Edo oinez igan, doike!
ARRASTOAK:
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Urteak dira blogetan kuxkuxeatzen ari nintzela Monte Rosako mendiguneko erreportai batek atentzioa deitu zidala: 4500 metroko gailur batean kokatuta zegoen aterpe hura, glaziar zabalak eta igateko zailegaiak ez ziruditen mendiak... Alpeetako udan egindako egonaldian inguru hartara joateko aukera izan dut, glaziar zabal horiek zeharkatzekoa, aterpe horretan lo egitekoa...
2022/08/11
8:15 : Punta Indren (3275m)
Castorreko igoeraren ondotik 9 ordu loa egin eta goizeko lehen telekabinak hartuta Indreneko kaskora ailegatu ginen di-da batean. XXI. mendeko mendizaletasuna da...
Baita eskailera bertikal bat ere...
Colle Vincent lepora ailegatu gabe eskuinetara biratu eta Piramide Vincent mendiaren azken malda errazari ekin genion. Ongi gindoazen, erritmo bizian eta mendia igan eta goiz jaisteko astia izanen genuen.
Bi ordu eta berrogei minutu eman genituen gailurra harrapatzeko. Gainetik hegoaldera ikuspegi ederra genuen...
Bertze aldera berriz Lyskammera joaten ziren begiak... Tenperatura ona genuen goitian eta haizerik ez. Hala ere, bidearen azpiko arrakalak ikusita ahal bezain fite jaitsi beharko ginela bagenekien.
Ziztu bizian ekin genion beheitirakoari arrakalen zatia kasu emanez zeharkatuz.
11:45 : Capanna Gnifetti (3647m)
Eta eguerdia baino minutu batzuk fiteago harkaitz gainean kokatua dagoen Gnifettiko aterpeko eskailera igaten ari ginen, jadanik lur "seguruan".
Arratsaldeak (edo egunak) ordu aunitz ditu Alpeetako aterpeetan. Goize ailegatzeak hori du. Bazkaldu, kuluxka egin, garagardo batzuk hartu... Afalondoan goiz lotara...
2022/08/12
6:52 : Capanna Gnifetti (3647m)
Iragarpenek erran bezala garbi baina haizetsu ernatu zen abuztuaren 12a. Presa handirik gabe gosaldu eta azkenetakoak izan ginen aterpea uzten. Egun horretan ez genituen arrakalak jaitsi beharko eta horrek lasaitasuna ematen zigun.
Bezperako arrastotik goiti egin genuen...
Arrakalen zubiak hala ere gogorrago zeuden ordu horretan eta segurtasun handiagoa ematen zuen zeharkatzeak.
Azken arrakalako zubia zeharkatzen..
Arrakalen eremua gibelean utzi eta eguzkitara atera ginen. Gaineko lautadara ateratzean haizeak gogorrago jotzen zuen eta eskertzen zen eguzkiaren goxatu nahia.
Bezperan igandako Vincent mendirako arrastoa eskuinetara utzi eta arrasto nagusiari segitu genion iparraldeko norabidean.
8:36 : Colle del Lys (4248m)
Malda etzan batetik Lyseko lepora atera ginen. Aho bete hortz gelditu ginen inguruaren edertasunarekin. Parrotspitzen eta Ludwigshohe mendiak leporaren eskuinetara gelditzen dira.
Gu haratago dauden Zumsteinpitze eta Signalkuppe mendietara gindoazen. Ezkerretara Dufour mendia dago, mendiguneko altuena 4632 metrorekin. Inguruan zoragarria da.
Mendizale aunitzen pausalekua da Lyseko lepoa, inguruko mendietara joateko bidegurutzea. Haize gogorrak eta hotzak, ordea, ez zuten toki liluragarri horretan luze egiten uzten eta aitzinera segitu genuen.
Metro batzuk galdu genituen iparraldera eta Parrotspitze mendiaren mendebaldeko magalaren babespean sartu ginen.
Arrasto zabaletik bizi segitu genuen goiti. Haizeak ez gintuen hainbertze zigortzen inguru horretan eta gozatzen ari ginen. Hala ere ez genekien parean genuen Zumsteinpitze mendia igaten utziko zigun.
Baina haizea pixka apaldu zela ikusita Zumsteinpitze mendira abiatu ginen. Gailurraren azpian motxilak utzi eta ertz errazetik goiti iganen ginen.
Alpeetako bortzgarren mendirik altuena dena zapaldu genuen hala. Kristoren poza! Han goitian, bakar-bakarrik eta gainera kasik haizerik gabe.
Parean bederatzi metro gutiago dituen Signalkuppe, ondoko helburua eta etaparen akabaila. Zer parajea!
Mendiaren bertze aldean Cervino, Dent d'Herens, Dent Blanche, Weisshorn... Zein den zein ez dakit...
Lyskamm North Face. Latza! Eta batzuk eskiz jaisten dira hortik!
Gailurreko eskultura... Arras altu ginen sentsazioa lautadetara begiratzean sortzen zen.
Egonaldi goxoa egin genuen kaskoan, baina jende gehiago hurbiltzen hasi zelarik haiei lekua utzi eta ertzetik beheiti egin genuen. Erdiko zatian esposizioa du iparraldera ertzak...
10:11 : Colle Gnifetti (4454m)
Motxilak hartu eta lepotik pasatu ginen Signalkupperako bidean. 100 metrora genuen aterpea...
Gibelean utzi genituen Zumsteinpitze, Dufourpitze eta Nordend... Azken bi horiek dira mendiguneko altuenak...
10:29 : Signalkuppe - Capanna Margherita (4554m)
Arrasto zabaletik malda tente bat igan eta eguneko bigarren tontorrean ginen, hainbertze desiratutako Margherita aterpean. Han egonen ginen 20 ordu baino gehiagoz...
Zer erran Margheritari buruz... Lehen sentsazioa da nori demontre bururatu ote zitzaion han gainean aterpe bat eraikitzea. Gaur egungo zibilizazio ero honen ideia bat dela ematen du, baina bere jatorria 1893an du, orduan eraiki baitzuten hor goitian etxola bat, gaur egun aterpea denaren enbrioia.
70 bat lagunendako lekua du eta barnean ez du ematen 1000 metro baino gehiago dituen amildegiaren ertzean eraikitako etxe batean zaudenik. Erosoa da, jantoki atsegina, gela ttipiak...
Hain goiz ailegatuta egun osoa genuen egoteko, solastatzeko, edateko, lo egiteko eta afalondoan ilunabar ederraz gozatzeko.
2022/08/13
Altuerari dagokionez, erran behar dut eguna (eta gaua) nahiko ongi pasatu genuela. Errana ziguten han goitian buruko mina etortzen zela, bihotza fite ibiltzen zela, tripa nahasiak izaten zirela, baina guk sintoma arinak bertzerik ez genituen izan zorionez. Garagardoak ere ez duela beheitian baino gehiago jotzen konprobatu genuen.
6:59 : Signalkuppe - Capanna Margherita (4554m)
Europako aterperik altuenean lo pixka bat egitea lortu genuen eta presa handirik gabe gosaldu genuen. Kanpoko aldean haizeak gogor jotzen zuen eta sentsazio termikoa -15 gradukoa zen. Jendea aterpearen azpiko maldan sufritzen ikusten genuen aterpearen goxotasunetik eta eguzkia atera arte ez ginela handik mugituko erabaki genuen. Harritu ere egin ginen beheiti jaisteko intentzio soilarekin hain goiz abiatu zen jendea ikustean, edota batzuk goizeko sei eta erdietarako beheititik ailegatzen zirela ikustean...
Gu bitartean egunsentiaz gozatzen ari ginen pasiloko leihotik... Cervino aldea...
Lyskammak sutan...
Dufour eta Nordend eguzki gorritan...
Halako batean abiatu beharko genuela erabaki genuen. Azkenak ginen, baina ez genuen inolako presarik. Haize horrekin beheiti jaistea eta pasan mendiren bat igatea ziren gure asmo xumeak...
Babesa utzi eta haizetzarraren atzaparretan murgildu ginen. Gogor jotzen zuen iparretik, elur partikula aurpegira jaurtitzen zizkigun, eskuak hoztu... Pirinioetan udan ere ez dugu horrelako hotzik pasatzen.
Agur Margherita!
Hasmentako intentzioa beheitirakoan pareko Parrotspitze mendiko gandorra zeharkatzea zen, baina haize horrekin ertz estuetan ibiltzeko gogo guti genuen.
Hortaz, mendiaren azpitik pasatu ginen Lyseko lepo aldera.
Cervino eta kuadrilla parean...
7:32 : Colle del Lys (4248m)
Lyseko lepotik Parrot mendia haizeak nola astitzen ikusten genuen bitartean, ondoko Ludwigshohe mendira zuzendu ginen.
Mendiaren hego aurpegira pasatu eta ondoko Corno Nero ikusgarria bistaratu genuen. Haren azpira ere hurbilduko ginen beranduago, baina azken zati bertikala hormatua zegoen eta ez genuen igan.
Ludwigshoheren azken metroak...
7:44 : Ludwigshohe (4342m)
Erraz igan genuen atalaia bikaina den mendi hau, eguneko lehena...
Bide beretik jaitsi eta Zurbriggen lepotik pasatuta beheiti egin genuen...
Beheitirakoan Balmenhorneko puntatxoa bisitatuko genuen. Glaziarretik ateratzen den harkaitz bat da, gainean aterpetxo bat duena.
8:46 : Balmenhorn (4167m)
Mendiaren azpian plantatu eta bertara igateko eskailera eta soketan trabatuta zeuden mendizaleen zain egon ondotik di-da batean harrapatu genuen gailurra.
4000tik goitiko gailurren bigarren mailako zerrenda dagoen hau izanen zen mendigunean iganen genuen azkena.
Gailurreko etxolan ere sartu ginen. Ongi estututa 7-8 lagunendako lekua izanen du eta egoera onean dago. Gaua pasatzeko leku ona izaten ahal da.
Eskailerak jaitsi eta glaziarrean beheiti egin genuen Indren aldera jaisteko arrastoaren bila.
Ordu onean zeharkatu genuen arrakalen zatia eta Gnifetti aterpea eskuinetara utzi beheiti segitu genuen.
10:20 : Punta Indren (3275m)
Indreneko glaziarrean berriz kranpoiak jantzi behar izan genituen, baina halere goiz ailegatu ginen telekabinara. Horrela akitu genuen mendiguneko eder honetako egonaldia, 4000ko andana bat zapalduta eta garrantzitsuena leku eder hartaz aunitz disfrutatuta. Beti oroituko garen egonaldia!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina