2022/08/31

Mont Fortin (2750m)

EGUNA: 2022/08/14

ABIAPUNTUA: Val Veny (1572m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK (oinez):
  • Igoera (Chavanneseko lepotik) : 4 ordu
  • Jaitsiera (ipar-ekialdeko aurpegitik) : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Chamonixetik Mont Blanceko tunela zeharkatu eta Courmayeur inguruan Val Venyko bailarara eramanen gaituen errepidea hartu behar da. Bailara honetan barneratuko gara errepidea hetsia dagoen puntura arte. Hantxe dago aparkalekua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA: 
Batzuetan ate bat hestean bertze bat irekitzen da. Hori da aterladi honekin gertatu zitzaiguna. Monte Rosatik bueltan, bezperan ginen Mont Blanceko tuneletik pasatzekoak, baina ikaragarrizko auto-ilara batek Courmayeurren gelditzera bultzatu gintuen. Kasualitate honek eraman gintuen Mont Blanceko hegoaldeko aurpegipean irekitzen den haran polit hau eta bertarako begiratoki bikaina den mendia ezagutzera.

7:47 : Val Veny (1572m)
Hutsik zegoen aparkalekua bertara ailegatu ginelarik. Jende aunitz ibiltzen den lekua da, baina gu izan ginen abiatzen lehenetarikoak. Goiz erditik aitzinera iragarritako euriak mugitzera behartu gintuen.


Aparkalekutik goiti, bertara ailegatzeko hartu genuen errepide bera segitu behar da zati batean. Combal laku ingururaino ailegatzen da errepide hau, baina udan behintzat ezin dira autoak bertatik pasatu.


Val Venyko bailara politean ginen... Desberdina Pirinioetakoekin konparatzen badugu. Eta iparraldera 4000 metrotik goitiko menditzarrek mugatzen dutena...


Errepidez hiru kilometro eta erdi egin ondotik, inguru honetan pista bat hartuko genuen.


Lac Combal lakuaren inguruan ginen, Miageko glaziarraren azpian eta Mont Blanceko hegoaldeko Peuterey orratzak ikusgarri ageri ziren bertatik.


Errepide zatian altuera pixka bat irabazi genuen, baina Combal lakuaren ondoko lautada erabat laua da. Bigarren igoera lautadatxo honen akabailan ikusten den bidetik eginen genuen.


Pista gibelean utzi eta bigarren igoerari ekin genion. Mont Fortinera Chavanneseko lepotik igatea luzea da eta igoerak zati zelaiekin tartekatzen dira. Eskuinetara Elisabetta Soldini aterpea utziko genuen.


Eta aterpe inguruko malda gaindituta bertze zelaitxo honetara aterako ginen. Hemen bide nagusiak Seigneko lepora jotzen da, Mont Blanci itzulia ematen dion bide ezagunak hain zuzen ere. Gu, ordea, ezkerretara joaten den bidexka ttikiago batetik iganen ginen.


Lautada polita zangopean utzi eta Chavanneseko lepora igaten den 400 metroko maldari ekin genion. Ziztu bizian igan genuen zati hau, gorputzei efurra emanez.


Azken malda lepora ateratzeko...


9:30 : Col de Chavannes (2603m)
Hogei minutu pasatxotan gainditu genituen lepo azpiko 400 metroak. Eta hori printzipioz gure atseden eguna zela...


Lepotik ezkerretara biratu eta bidexka eroso eta lautik lasterka segitu genuen. Metro batzuk egin eta ezkerretara bertze bidexka ttikiago bat hartu behar da, Mont Perceko lakutik pasatzen dena, bide nagusia Thuile aldera jaisten baita.


Aipatu bidexkak Mont Perce eta Mont Fortin arteko gandorrera eramanen gintuen, azken gailur honetatik hurbil...


10:02 : Mont Fortin (2750m)
Hankei berotu ederra emanda ailegatu ginen kaskora. Hegoalderako ikuspegi ederra eskaintzen du mendi honek. 


Mont Blanceko hego aurpegia da ikusgarriena, Peutereyko orratzekin batera...


Ekialderago Dent du Geant zorrotza, Rochefort ertza eta Grandes Jorasses...


Gailurrean haize fina ibilki zen eta zerua gero eta tapatuago zegoen. Sobera luzatu gabe mendiaren ipar-ekialdeko magaletik jaisten den bidexkatik beheiti abiatu ginen lasterka.


Denbora gutian jaitsi genuen mendia eta TMBko bidera atera ginen, gero handik berriz ere Lac Combal ingurura jaisteko eta goizean ibilitako errepidetik autora itzultzeko.



10:57 : Val Veny (1572m)
Tontorretik ordubete baino gutiagotan berriz ere autoan ginen. Handik gutira hasi zuen euria, baina gu goiza ongi baliatua genuen ordurako...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina