2022/08/23

Lustou (3023m), Thou (2743m), Bocou (2714m)

EGUNA: 2022/08/02

ABIAPUNTUA: Ens (1200m)

ZAILTASUNA: Erraza (F+)

DENBORAK:
  • Igoera (Consaterreko lakuetatik): 6 ordu
  • Jaitsiera (Lustou haranetik): 4 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Pirinioen paraleloa den A64 autopistan barrena joango gara 15. irteeraraino, hau da, Lanemezango irteeraraino. Hemen hegoalderantz, Arreau eta Saint Lary herrietara joango gara Vallee d'Aure haran ederrean gora. Saint Lary herria gibelan utzi eta segidan ezkerretara Azeteko mendatean goiti igotzen den bidea hartuko dugu. Lehen herrira ailegatzean (Sailhan), eskuinetara Ens herrira igotzen den errepidea hartu behar da. Herriko plazan uzten ahal da autoa, edo elurrik ez badago herritik goiti pista bat metro batzuz igota dagoen aparkalekuan.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
2010eko uda zen. Aure bailarako kanpin batean hartu genuen ostatu uztaila hartan, bertzeak bertze Neouvielle mendia igateko. Egonaldi hartan egunero kanpinetik parez pare genuen piramide itxurako mendi dotore batek atentzioa deitu zidan. Lustou mendia zen, ipar aurpegiko elurtegi handiarekin haran guzia menperatzen zuen mendi tentea. Urte batzuk pasatu dira ordutik eta azkenean izan dut Bachimalako mendigune mendi bakartuena den hau zapaltzeko aukera.

7:23 : Ens (1200m)
Iragan negutik ezaguna genuen herria baino goitixeago kokatua dagoen aparkalekua eta bertan eman genuen gaua. Iratzargailuak bezperan baino goizago jo zuen, egun luzea genuen aitzinetik...


Aparkalekura eraman gintuen pista bera segitu genuen metro batzuz argazkiko seinaleak Consaterreko lakuetarako bidexenda erakutsi zigun artio.


Ibilaldiaren lehendabiziko igoera ezaguna genuen. Gutxi gorabehera neguan egin genuen bera zen. Bidexka markatutik segituko genuen Laubereko leporaino.


Elur hautsak estaltzen zuen orduan inguru eder hau. Oraingoan, idorte luzea izanik ere, berde-berde ageri ziren larre eta basoak.


Montagne de Bastereren ipar magala alderik alde zeharkatuko genuen...


...eta bait argazkiko magal hau ere. Neguan hortik goiti segitzen da Laubere aldera.


Udan aldiz bidexendak Cupeyroudeko ertz panoramikora eramanen gintuen. Paisaia zoragarria da inguru honetan eta eguna ere halakoa genuen.


Ertzetik jaitsieran zeharkatuko genuen Lustouko harana aitzinean genuen, baita kaskoa bera ere. Urrun ageri zen puntu horretatik...


Guk larre leunetatik eguneko lehen igoera akituko genuen Laubere menditxoaren eskuineko lepora segitu genuen.


9:00 : Col IGN 2179 (2179m)
Bederatziak ziren eta jadanik lehen igoera akitua genuen izenik gabeko lepo honetan. Bertze aldean Neouvielleko mendigunea agertu zitzaigun parez pare.


Lepotik beheranzko joera duen zeharkaldia eginen genuen oraindik itzaletan zeuden maldetatik. Ondoko helburua Consaterreko lakuak ziren.


Eskuinetara utzi genuen Consaterreko etxola. Leku bakartia da artzain eta ardiak kentzen baditugu...


9:45 : Lacs de Consaterre (2344m)
Laku zoragarri hauen bazterrean eguneko lehen atsedenaldia hartu genuen. Oraindik bertze hainbertze gelditzen zitzaigun gailurreraino...


Pirinioetako laku anitz ezagutuak gara, baina bereziki ederrak dira Consaterrekoak. Ur geldoak belardi eztiz inguratuta, denbora gelditu dela ematen du han. Hantxe etzanda gelditzeko gogoa ematen zuen.



Geldialtxoaren ondotik goiti segotu genuen oraindik ere nabarmena zen bidexendatik. Eskuinetara ikusten den mendi luzexka zen eguneko lehen tontorra: Thou mendia. Horretarako, lehendabizi pareko lepora igaten da bidea.


Lepotik bigarrenez Lustou bistaratu genuen, oraingoan hurbilago...


Eskuinetara biratuko ginen harri-mukuruei segituz kaskora ailegatzeko.


10:47 : Pic de Thou (2743m)
Hiru ordu eta erdi eskasean eguneko lehen tontorra zapaldu genuen. Bertatik agerikoa da Lustouraino segitu beharreko gandorra. Bi gailurren artean Bocou mendia ere iganen genuen.


Hala bada, luzatu gabe Thou utzi eta ertz erraz baina hautsitik beheiti abiatu ginen Thou eta Bocou arteko lepoaren bila.


Zailtasunik gabe egiten da lehen jaitsiera hau...


11:01 : Col IGN 2578 (2578m)
Izenik gabeko lepora jaitsita, parez pare genuen Bocou mendirantz abiatuko ginen. Zuzenean ertzetik igan daiteke bertara, edo guk egin genuen bezala ezkerretatik inguratuz.


Harri askeak Bocourako igoeran, baina zailtasun berezirik gabe... Gibelean Thou menditik jaitsitako ertza ikusten da.


Azken metroak...


Gailurra eta gibelean Lustou...

 

11:23 : Pic de Bocou (2714m)
Bigarrena sakelara... Hemen ere sobera egon gabe gandorraren azken zatiari ekin genion.


Bertze jaitsiera motz bat...


11:33 : Col de Lustou (2643m)
...eta Lustouko lepoan Fredançon aldetik igaten den bide normalarekin bat egin genuen. Oraindik kasik 400 metroko gainditu beharko genituen gailurreraino.


Ertz zabal eta errazetik egiten da igoera honen zatirik handiena...


...eta 2900 metrotik goiti ertz pixka bat estutu eta zailtzen da. Eskuak erabili beharreko pausuren bat (I), baina zailtasun handiegirik gabekoa harkaitza idor dagoelarik behintzat.


12:21 : Pic de Lustou (3023m)
Eta azkenean, autotik atera eta bortz ordura, Lustouren gailurrean ginen. Gailur batera ailegatzeko egin dudan biderik luzeenetarikoa dudarik gabe...

3000 metrotik goitiko mendia izanda ere, nahiko lasaia da Lustou eta ez genuen ia inor harrapatu bide osoan zehar. Gainera erabilitako bidea ez da arruntena eta horrek edertasuna eta lasaitasuna gehitzen dizkio bere horretan dotorea den mendi honi.


Egonaldi luze samarra egin genuen jan-edanean eta beheiti abiatu ginen mendiaren ipar aurpegi malkartsutik. Hemen inolako erreferentzia eta bidexkarik gabe egin behar izan genuen bidea Lustouko lakuraino. Zati arras harritsua da goitikoa eta kasu emanez jaitsi behar da. Laku horretatik beheiti jadanik bidexkak harrapatuko genituen.


Lakuan bainutxoa hartu eta bidexka arrastoetatik Lustouko bailaran barneratu ginen.


Etxola horretan uda ematen duten artzain bikoteak eta beren ardiek hausten dute bailara honetako bakardade eta isiltasuna. Mendizale guti ailegatzen dira inguru honetara...


Alta lekua aski ikusgarria da. Goitian ikusten den mendia da Lustou, hortik heldu ginen...


Bailararen sakonera ailegatuta eskuineko aldetik jaisten den bidexka bat hartu behar da. Puntu honetan erne ibili beharra dago, errekaren ezkerretik ere bidexkaren bat baitoa, baina gero galdu amildegi artean galdu egiten da.


16:25 : Pla d'Arsoue (1170m)
Lustouko bailara osorik jaitsita zelai zabal honetara ailegatu ginen. Bederatzi ordu generamatzan oinez eta nekatzen hasiak ginen ordurako.


Zelaitxotik Ens herrira eramanen gintuen pista ibiltzea bertzerik ez zitzaigun falta ibilaldia akitzeko.


17:13 : Ens (1200m)
23 kilometro ibilita eta 2250 metroko desnibela igan eta jaitsita akitu genuen mendi dotore honetara egindako bidaia ikusgarria. Arras gomendagarria, baina gogorra aldi berean...

2 iruzkin:

  1. Erantzunak
    1. Yo tampoco encontré casi nada en internet. Sólo una reseña en camptocamp. Y partes del recorrido en Wikiloc. Pero es una ruta impresionante, muy variada y bonita. Aunque larga, eso sí...

      Ezabatu