Orriak

2025/10/31

Montagnon d'Iseye (2173m) eta Montagnon de Besse (1797m)

EGUNA: 2025/10/19

ABIAPUNTUA: Goust (850m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta Eaux Chaudes herria pasatuta eskuinetara errepidetxo bat hartuko dugu Goust auzora ailegatzeko.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azken urteetan ezaguna bilakatu den mendia da Montagnon d'Iseye. Duela zenbait urte jende gutik ezagutzen zuen, baina sare sozialek eragin handia dute guregan eta Montagnoneko lakura kaskotik dagoen ikuspegia argazki famatua da gaur egun. Lehen aldiz 2014 izan nintzen bertan, Besseko etxolan gaua pasatuta udazken goiz ederrean. Orduan ez genuen inor ere ikusi. Orduko bide bera egin dugu oraingoan ere, berez gailurrera ailegatzeko ohiko bidea ez dena, baina nire ustez politagoa dena.

9:18 : Goust (850m)
Bide bazterrean leku bakan batzuk bertzerik ez daude autoa uzteko, baina zorionez bide hau ez da hain ezaguna eta lekua harrapatu genuen. Bi belairen arteko pistatik hasi ginen ibiltzen, Ossau bailararen itzulia egiten duen bideari segituz.


Pista zati batek bidexkari uzten dio lekukoa fite. Lehen zatia arras tentea da eta Goust auzoa kokatua dagoen zelaitxoa fite gelditzen da beheitian.


Atsedenik gabe egiten du bideak goiti...


Lusqueko zelaitxoan dago lehen zati honetan harrapatuko dugun atsedengune bakarra. Metro lauago batzuk eta bidexka berriz ere tentetzen da.


Lusqueko zelaitxotik goiti pagopean barneratzen da bidea. Ordura arte gurutzatutako mendizale bakarrak honako hauek izan ziren. Bide arruntarekin elkartu arte bizpahiru pertsona bertzerik ez genituen ikusiko.


Altuera irabazi ahala pagoen koloreak gero eta ederragoak ziren. Urriaren 20 ingurua gorriz markatua izaten dugu egutegian udazken koloreez disfrutatzeko ateraldia egiteko Pirinioetan, eta aurtengoan ere ez digu hutsik egin egutegiak.


Lusqueko lepoa basoaren erdian dagoen lepo zabala da. Hortik aitzin beheranzko joera hartzen du bideak.


Besseko zirkuan barneratuko ginen eta basoak larreei lekua uzten hasiko ziren.


Inguru honetatik Escala mendia (eskuinean) ikusten da. Haren ezkerretik beheiti zuzenean eginen genuen jaitsiera ordu batzuk geroago.


10:36 : Cabane de Besse (1572m)
Zirkuan bihurgune zabal bat marraztuta norabidez aldatzen da bidea eta Besseko etxolaren ondotik pasatzen da. Bertan pasatu genuen gaua duela 11 urte Enekok eta biok. Orduan bezala, orain ere egoera onean dago: bi ohatze, lurreko sua, mahai bat...


Leku zinez ederra da, eta lasaia!


Etxolatik goiti bertze baso zati bat zeharkatu genuen.


Zoragarri zegoen hau ere!


Basotik aterata fite Besseko lepoan izanen ginen...


Gure gibelean bailarako erregea...


10:58 : Col de Besse (1711m)
Lepoan Ossauko itzulia egiten duen bidearen marka hori eta gorriak utzi eta ezkerretara biratuko ginen. Kaskoz kasko argazkian ikusten den Montagnon d'Iseye aldera eginen genuen.


11:06 : Montagnon de Besse (1797m)
Bizkar gaineko bidea gailurtxo honetatik pasatzen da eta pixka bat beheiti egiten du segidan.


Montagnoneko mendigunea gero eta hurbilago ikusten genuen.


Zati bat jaitsi eta berriz goiti egitean bizkar estua zabaldu egiten da. 


Bideak eskuinetara egiten du puntu honetan, eta Aspe bailaratik Montagnonera igaten den bide arruntarekin elkartzen da.


Behin bide arruntarekin elkartuta, harri xehezko malda tentea gainditu behar da lakura ailegatzeko.


Argazkian ageri den bizkar guzia zeharkatua genuen.


Laku inguruan akitzen da malda tentea.


Sobera gelditu gabe lakua inguratu eta gailurrerantz segitzen duen bide jarraitu genuen.


Azken malda tentea gainditu beharko genuen gandorrera ateratzeko.


Eta Mardas eta Montagnon d'Iseye arteko lepora aterata, eskuinetara biratu eta kaskorako azken metroak egin genituen.


12:01 : Montagnon d'Iseye (2173m)
Kaskoan haizeak eta Montagnon lakurako ikuspegi ezagunak eman ziguten ongi etorria.


Bakarrik ginen momentu horretan eta tartetxo bat hartu genuen ikuspegiaz gozatzeko.


Mendebaldean aspalditik agendan dauden Bergon eta Marere mendiak gelditzen dira.


Goitian haizea zela eta ezin izan ginen aunitz egon eta beheiti abiatu ginen luze gabe. Jaitsiera ez genuen igoerako bide beretik eginen. Lakuraino itzuli eta eskuin biratuta hegoalderantz egin genuen zelai berdeetatik. Argazkian ikusten den lakutxoaren ondoan ezkerretara biratu eta Escala mendiaren oinean dagoen lepotxo gisako batera zuzendu ginen.


Argazki honetan ikusten den lepotxora, hain zuzen ere. Hortik zuzenean Besseko zirkura jaitsiko ginen.


Bide argirik ez dago zati honetan. Goitiko partean puntu urdin batzuz markatutako bidexka gisako zerbait harrapatu genuen. Hari segituz lehen harresi bat jaitsi genuen.


Behin harresia jaitsita, haren azpitik eskuinetara jo genuen. Belar luzez estalitako malda tente deserosoak jaitsi behar izan genituen azken zatian berriz ere puntu urdinak harrapatu arte.


Behin zirkuaren sakonean hegoaldera jotzen duen bidexka batetik paretaren azpiko zeharkaldia egin...


...eta belardi leunetara ailegatuta zuzen jaitsiko ginen igoerako bidea harrapatu arte.


Hortik beheitiraino ordu batzuk lehenago ibilitako bidea jaistea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.


14:07 : Goust (850m)
Udazken egun haizetsu eta goibela ederki aprobetxatu izanaren sentsazioarekin ailegatu ginen autora. Montagnonera igaten den bide honek duena izena baino izan handiagoa duela erakutsi zigun. Zoragarria!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina