EGUNA: 2025/10/11
ABIAPUNTUA: Col de Tentes (2207m)
ZAILTASUNA: 6a, 270m
IRAUPENA:
- Hurbiltzea: Ordu bat eta 45 minutu
- Eskalada: Hiru ordu
- Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) iganen gara eta hau ere gibelean utzita errepidea bukatzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2207m).
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Sarradets mendia 3000 metrotik goiti dituzten menditzarren artean kokatua dago, eta nolabait atzendua dagoela ere erraten ahal da. Eskalatzaileen artean, aldiz, leku nahiko preziatua da eta haren hegoaldeko pareta bidez josia dago. Erregeletazko eskalada eskaintzen du, plakak dotoreekin eta paisaia ikaragarriaren erdian. Biderik ezagunenetarikoa Face Sud Directe da, eta Brecha de Ronaldo bidearen lehen bi luzeak gehituta egun pasa ederra eskaintzen du.
7:48 : Col de Tentes (2207m)
Zazpietan jeiki ginen gaua aparkalekuan berean pasatuta. Gosaldu eta martxan paratu ginen egunsenti freskoan.
Lepoan norantza aldaketa eta ekialderantz hartuko genuen Taillon mendiaren azpitik egiten den zeharkaldi luzeari ekiteko.
Altuerarik ez da kasik irabazten zati honetan.
Parean Sarradets mendia hasi ginen ikusten. Haren hegoaldeko aurpegian eskalatuko genuen.
Taillonen ipar-aurpegi ezaguna azpitik inguratuta eskuinetara biratzen da bidea eta glaziarretik jaisten den erreka zeharkatzen du.
Erreka zeharkatuta, malda tenteago bat igan eta Taillongo glaziarraren ingurura atera ginen.
Gibelean aparkalekua eta Vignemaleko mendigunea genituen.
9:14 : Col des Sarradets (2589m)
Sarradetseko lepoan eman zigun eguzkiak lehen aldiz eta eskertu genuen egun fresko baitzihoan ordu arte. Puntu honetan Breche de Roland eta Taillon aldera igaten den bide arrunta utziko genuen...
...eta ezkerretara Sarradets mendiaren hego-paretaren kontratik altuera galtzen hasiko ginen. Berez Face Sud Directe bidea ez da paretaren azpian hasten, tartean dagoen terraza batean baizik. Guk eskalada luzatzeko Brecha de Ronaldo bideko lehen bi luzeak eskalatuko genituen eta terrazatik goiti Face Sud Directe bidearekin segitu. Brecha de Ronaldo pareta gehien jaisten den puntuan hasten da. Argazkian ikusten da puntu hori.
Bertarino jaitsi eta bidea markatzen duen gezi bat ikusi genuen, baita mugarri bat ere bidearen oinean.
Gibelean arnasa kentzeko moduko parajea genuen Gavarnieko zirkuko mendiekin eta ur-jauziarekin.
14:19 : Pic des Sarradets (2741m)
Hala bada, trasteak prestatu eta eskaladari ekinen genion:
- 1. luzea (4c, 47m): Bidearen azpitik ez genuen metro batzuetara dagoen soka ikusi eta hura baino eskuinerago hasi zen Lorea eskalatzen. Lehen metro errazak eskalatuta pareta tenteago bat eskalatu eta berriz etzaten zen luzea. Goitiago harrapatuko zuen lehen parabolta. Bertze bi gehiago daude bilkuraraino (soka 1, 3 parabolt).
- 2. luzea (5c, 35m): Bilgunetik atera eta lehen metroak dira luzeko zailenak. Hiru parabolt daude zati honetan. Hortik bukaeraraino ez dago deus gehiago, baina errazagoa da. Hala ere, burua hotz mantendu beharrekoa da. Eskalada nolakoa izanen zen ideia bat egiteko balio izanen ziguten bi luze hauek. Bilgunea belarrezko terraza zabalean dago (3 parabolt).
- 3. luzea (4c, 47m): Dudarik gabe bideko luzerik ederrena da Face Sud Directe bidearen lehen hau (gure hirugarrena). Plaka ikusgarria da, bertikala, baina erregeletaz osatua eta nahiko aise eskalatzen dena. Gezurra ematen du zailtasun hau duen luze batek hain mantendua eta dotorea izan behar duela. Bertze luzeetan bezala parabolten artean distantzia dago eta burua hotz mantendu behar da. Gainera, luze honetan ezin da deus gehiago sartu (4 parabolt, iltze 1).
- 4. luzea (4c, 30m): Bilgune deserosotik oraindik plakak segitzen du. Plakaren erdian sortzen den arrakalatik eskalatzen da hau akitu arte. Ondotik bilkuraraino bertze paretatxo bat eskalatu behar da (2 parabolt, iltze 1). Bilkura arras erosoa da, hortik goitiko guziak bezala.
- 5. luzea (6a, 35m): Bilgunetik goiti plaka fin bat eskalatu behar da. Hor dago bideko zatirik teknikoena. Ezker-eskuin ibili behar da plakan pausu fin eta politak eginez. Ikaragarri gozatu nuen zati honetan eta ongi ekipatua dago. Plakatik aterata, erlaitz batera ailegatu eta bertze plaka bat eskalatu behar da, arrakala aunitz dituena. Hau eginda oraindik bertze pareta bat dugu, bertikalagoa eta erdian arrakala bat duena (4 parabolt, 2 iltze).
- 6. luzea (4c, 35m): Asegururik gabeko metro batzuk eskalatu eta diedro batean sartzen da luzea. Diedro hau zati batean eskalatuta ezkerreko plakako parabolt batera joateko utzi behar da diedroa. Parabolt honen ezkerreko aldetik abiatzen den arrakala eskalatuz segitu behar da. Esposizio pixka bat du luze honek (parabolt 1, 2 iltze).
- 7. luzea (5b, 30m): Bilgunetik metro guti batzuk zuzen eskalatu eta eskuineko aldean ikusten diren paraboltetara zuzendu behar da. Parabolt hauek pilare batean daude. Eskalada zati dotorea eskaintzen du pilare hau eskalatzeak eta hor dago luzearen zatirik gogorrena. Behin pilarea akituta ertz gisako batetik eskalatzen segitu behar da bilguneraino (2 parabolt, 2 iltze).
- 8. luzea (4b, 30m): Ertz zatitxoa akitu eta parean ikusten den harkaitza eskalatzean datza. Behin harkaitz zatia eskalatuta bidea etzaten da gailur ingurura erdi oinez ailegatzen da. Bilgunea harkaitz batean zinta bat pasatuz muntatu genuen (bi parabolt, iltze bat).
Ikaragarri gustatu zitzaigun eskalada bidea. Ingurua dotorea da eta eskaladak berak ere zati arras politak ditu. Trasteak bildu eta gailurreraino ekialdeko ertz erraza zeharkatzeari ekin genion.
Eskalada akitzean geldialdia egina genuenez, gailurrean argazki bat atera eta beheiti jaisten hasi ginen.
Jaisteko kaskotik beretik ikusten diren mugarriak segitu behar dira mendiaren hegoalderantz.
Mugarri hauei segituz, kanal batera ailegatu ginen. Osorik jaitsi beharko genuen kanala.
II. graduko deseskaladaren bat egin beharko genuen, baina zailtasun handirik ez du kanalak oro har.
Bertze metro batzuk oinez egin eta rapelatzeko prestatua dagoen puntu batera ailegatu ginen. Toki honetan bi aukera daude. Lehena, pareta beheitiraino zuzen jaistea bi rapel eginda; eta bigarrena, rapeletik eskuinetara abiatzen den balkoi estuari segitzea. Balkoiaren aukera hartu genuen guk. Lehen zatian esposizio handia du, baina poliki-poliki galduz joaten da. Hala ere, kasu eman beharrekoa da.
Altuera handirik galdu gabe pareta zeharkatuz joaten da, beti zati errazena bilatuz. Hala ere, mugarri guti ditu bidea erakusteko eta intuizioz joaktu beharreko bidea da.
14:51 : Col des Sarradets (2589m)
Sarradetseko lepotik metro gutitara ailegatzen da balkoitxoa. Behin lepoan oraindik badaezpada jantzuta generaman arnesa bildu eta behiti segituko genuen.
Igoerako bide beretik eginen genuen jaitsiera. Hori bai, Breche de Roland aldera igaten ari ziren hamarnaka mendizale gurutzatuko genituen goizean ez bezala. Harrigarria da mendi eta inguru batzuek zenbat jende erakartzen duten ikustea.
15:37 : Puerto de Bujaruelo / Port de Boucharo (2271m)
Hiru ordu laurdenez berriz Bujarueloko lepoan ginen eta bertatik ordu laurden inguru gehiago beharko genuen autoraino. Ordubetean jaitsiera osoa beraz...
Pimene eta Astazu mendiak bidetik...
15:53 : Col de Tentes (2207m)
.jpg)








iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina