EGUNA: 2025/09/28
ABIAPUNTUA: Ur-putzu ondoko aparkalekua (625m)
ZAILTASUNA: 6a, 260m
IRAUPENA:
- Hurbiltzea: 45 minutu
- Eskalada: 3 ordu
- Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Pirinioetako Autobidea deitzen denetik barrena Jaka aldera abiatuko gara. Puente La Reina De Jaca herrian utziko dugu autobidea eta bertatik Huesca aldera doan errepidea hartuko dugu Murillo de Gallego herriraino. Herri sarreran errepide nagusia utzi eta eskuinetara igaten den errepide bat hartu behar da, herriaren gaineko aldera eramanen gaituena; baina bertara sartu gabe eskuinetara bertze errepidetxo batetik eraikin baten ondoraino iganen gara. Eraikin honen kontratik abiatzen den pista hartuko dugu, 2 kilometro inguru eginda ur-putzu baten ondoko aparkalekuan utziko gaituena.
KRONIKA:
Peña Rueba Riglosen ahizpa ttipia dela erraten ahal dugu. Ez du azken honen bertikaltasunik, ezta halako famarik ere, baina inguratzen duten paretetan askotariko eskalada bideak harrapatzen ahal ditugu. Horietako batzuk fama hartzen ari dira eta zaila izaten da bakardadea harrapatzea: Sendero Limite, Los Terceros Tambien Existen... Mendigunearen ekialdean dagoen Mallo Varella punta, aldiz, aise lasaiagoa da eta bertze mota bateko eskalada eskaintzen du. Gu bertako La Reina de los Mallos bide berrian izan gara oraingoan.
Hurbiltzea:
Aparkalekutik beretik Peña Rueba parean ikusten dugu. Autoarekin aparkalekura igan garen pistatik goiti hasiko gara ibiltzen harik eta seinale gorri batek Peña Ruebarako norabidea erakusten digun arte. Bide horri segituz mendiaren hegoaldeko paretaren azpira ailegatuko gara. Mallo Varellara joateko paretaren azpitik segituko dugu sokaz ekipatutako zati bat pasatuta amildegi baten sakonera ailegatu arte. Bertan hasten da La Reina De Los Mallos bidea.
![]() |
Hasmentako pistatik |
![]() | ||||
Bidexkak pareten azpira garamatza |
![]() |
Bideen azpiko zeharkaldia ekialderantz |
Eskalada:
Behin bidearen azpian eskalatzeari ekin genion. Bide berria izan arren, krokis batzuk aurkitu genituen interneten eta haietako bat erabili genuen gidatzeko. Honela joan zen eskalada luzez luze:
- 1. luzea (5b, 25m): Paretan irekitzen den amildegiaren sakonetik beretik hasten da eskalatzen eta bertatik segitu behar da zuhaitz baten azpian dagoen bilgune erosoraino. Erraza.

- 2. luzea (6a, 35m): Bide osoari gradua ematen luzea da. Bilgunetik atera eta pareta bertikal bat eskalatu behar da, Riglos eta Peña Rueban hain ezagunak diren "sabelak" dituena. Sabel hauetako batek ematen dio luzeari zailtasuna. Zati hau gaindituta pareta etzan egiten da bilgunera ailegatu aitzin berriz ere pixka bat tentetzeko.
- 3. luzea (4b, 35m): Trantsizio luzea da parean ikusten dugun paretako tximinian sartzeko. Bilgunea zuhaitz batzuetan dago.
- 4. luzea (5b, 35m): Laugarren luzean azpitik parean ikusten genuen tximinian sartzen da bidea. Zuhaitz eta lur zatien artean zati eskasen bat badu luze honek. Gainera, azken zatia putre kakaz zikindua harrapatu genuen. Bilgunea kobazulo polit batean dago, putreen kabiaren ondoan. Erne beraz!
- 5. luzea (5c, 25m): Tximinia mantendua da, pausu politak dituena. Segur aski bideko luzerik politena izanen da, baina guk putre kakaz zikindua harrapatu genuen eta edertasuna kentzen zion horrek.
- 6. luzea (6a, 25m): Tximinia utzi eta haren ezkerreko ezproia eskalatzen du luzeak. Bertako sabel batean dago zailtasunik handiena. Azken zatian ezkerretara eginda harrapatuko dugu bilgunea.
- 7. luzea (5c, 35m): Bilgunetik goit metro batzuk eskalatu eta eskuinetara belarrezko kanal bat zeharkatzen da pareta bertikal teknikoago bat eskalatzeko. Bertatik aterata metro erraza bilguneraino.
- 8. luzea (4c, 25m): Harkaitz eskasagoa duen luzea da, zailtasun apalekoa eta ez sobera polita. Metro batzuk zuzen eskalatu eta ezkerretara zeharkaldia egiten du Mallo Varella puntatik hurbil dagoen bilkuraraino.

Jaitsiera:
Mallo Varella puntatik mendebalderantz metro batzuk egin eta kablez ekipatutako ertz bat jaitsi behar da lepo bateraino. Lepo inguruan Peña Ruebako gailur nagusitik hegoalderantz jaisten den bidea harrapatuko dugu. Bide honetatik jaitsiko gara, tarteka oinez eta tarteka ekipatutako ferrata bidetik. Paretaren azpian goizean ibilitako bidexka desegitea bertzerik ez zaigu geldituko.
![]() |
Mallo Varellatik mendebalderantz kablez ekipatutako ertz motza |
![]() |
Puntatto hori da Mallo Varella |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina