Orriak

2025/09/25

Harrigorri - Gogol (6a, 80m)

EGUNA: 2025/09/14


ABIAPUNTUA: Elorrietako lepoa (831m)


ZAILTASUNA: 6a, 80m


IRAUPENA:
  • Hurbiltzea: 25 minutu
  • Eskalada: Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 20 minutu

 

NOLA AILEGATU:

 

ARRASTOA:

Powered by Wikiloc

 

KRONIKA:

Etxe ondoan egonda ere, duela guti hasi gara sektore honetan eskalatzen eta zer egina badenez berriz ere bueltan gara. Bigarren egun honetarako Harrigorriko paretetan ireki zituzten lehen bi bideetako bat hautatu dugu: Gogol. Berriz ekipatu dute estilo modernoan eta eskalada polita eskaintzen du ezproi nagusiaren iparraldean gelditzen den bertze ezproi batean. Paretako harkaitz zati politena igaten du, belar zatiak saihestuz eta bigarren luzea segur aski Harrigorri osoko luzerik politena izanen da.


Hurbiltzea:

Elorrietako lepoan autoa utzi eta lepotik goiti hegoaldera igaten den bidexka hartuko dugu, GR-aren marka zuri-gorriak dituena. Malda tenteak iganez, oihan zati bat zeharkatu, zati ireki batera pasatu eta berriz pagopean sartuko gara. Bigarren pagadi honetan goiti goazela erne egon behar dugu parean ikusiko dugun Harrigorriko haitza erreferentzia gisa hartuta. Haren iparraldeko muturrean ezkerretara basotik atera eta belardi batera ailegatuko gara. Belarditik harkaitzaren kontratik jaisten den bidexka ahula hartu beharko dugu. Mugarri bat dago bidexka honen hasmentan. Bidexkak harkaitzaren ekialdera eramanen gaitu, soka-finkoren bat lagun. Bertan Harrigorriko sektoreak markatzen dituen harritxoa ikusiko dugu. Bidexkatik lehenik Gogol sektorera ailegatuko gara eta sektore honetan izen bereko bidea bilatuko dugu. Hau ere harritxo batean idatzita harrapatuko dugu.

Oihan arteko soilgunetik Harrigorri ikusten da. Bideen hasmenta ikusten den harkaitz zatiaren azpiko aldetik harrapatuko dugu

Bidearen hasmenta

Eskalada:
Hona hemen eskalada luzez luze:

  • 1. luzea (5a, 24m) : Irtenguneak eta zati errazagoak tartekatzen dituen eskalada da. Helduleku guziak kolatuta daudela ematen duten harritxoak dira. Hasmentan ez du konfiantza handirik ematen, baina mantso-mantso ohitzen hasten zara. Lehen bilkura ez da sobera erosoa.

  • 2. luzea (6a, 25m) : Luze hau Harrigorri osoko luzerik polit eta mantenduena izanen da beharbada. Bilkuratik goiti ezproi zabaleko plaka ederra eskalatu behar da. 6a pausu bat du zatirik bertikalenean. Bigarren bilkura plakan berean dago eta ez da batere erosoa.

 
 
  •  3. luzea (5c, 17m) : Bilgunetik atera eta metro erraz batzuk eskalatuta diagonalean igaten den erlaitz batera ailegatuko gara. Erlaitz horretatik zuzen ateratzea da luzeko zatirik zailena. Ezkerretara igaten den bertze erlaitz gisako batera igan eta hura utzita zati bertikala eskalatu behar da. Hor dago pausua, dezente pentsatu beharrekoa. Hortik bilkurara errazagoa da. Bilkura rapelatzeko prestatua dago. 60 metroko rapel batekin bidearen azpiko alderaino jaisten ahal gara.
 
 
  •  4. luzea (3c, 13m) : Bertze bideren bat eskalatu behar ez badugu, hobe da luze motz hau egin eta gainetik ateratzea. Belardi artetik oinez hasi eta pixka bat eskuinetara eginez harkaitz bat eskalatu behar da (bi parabolt ditu). Hau eskalatuta ihartutako zuhaitz baten ezkerreko aldean dagoen bilkurara ailegatuko gara.


Jaitsiera:

Azken bilkuratik iparraldera metro batzuk jaitsi eta Elorrietako leporaino joaten den GR-ra ailegatuko gara; igateko erabili dugun bidera, hain zuzen ere.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina