2020/02/26

Punta Ruego (2589m), Liena (2604m)

EGUNA: 2020/02/22

ABIAPUNTUA: Petramula (1920m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Petramula - Punta Ruego : 2 ordu
  • Punta Ruego - Liena : 45 minutu
  • Liena - Petramula : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemen  Formigal eski estazioko norabidea hartu. Biescas herrian eskuinetara bidegurutze bat dago Ordesako Parke Nazionalera. Errepide horretatik Cotefablon barrena Brotoko haranera ailegatuo gara eta errepide bera segituz Ainsara. Ainsatik Bielsako norabidea hartu eta herri hau atzean utzita, Parzanen ezkerretara Chisagües herrixkara igotzen den bidea ikusiko dugu. Herrixkatik gora, errepidea pista bihurtzen da. Pista honetatik igoko gara, bihurgune itxi baten ondoan aparkatu arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Asteetako idortearen ondotik, Pirnioetan elur arras gutxi dugu. Hala, otsailean egonda ere, apirilean eginen liratekeen planak egin behar dira. Apirilean ez bezala ordea, ipar aurpegiek ez dute eguzki handirik ikusten eta elur ona harrapatzeko hego magalak bilatu behar dira. Gauzak honela, Sobrarbe inguruan izan gara bertako pistak altuera handira igotzen baitira. Lehen bidea udatik ezaguna dugun Petramulatik egin dugu, Liena eta Punta Ruego inguruko malda zabaletan.

9:22 : Petramula (1920m)
Gauez ailegatu ginen bertara eta lo Borda Brunedeko lautadatxoan pasatu ondotik, goizeko argitan Petramula ondoraino autoz ailegatu ahal izan ginen. Aparkatu, gauzak prestatu eta eskiak bizkarrean Lienara igotzen den pistan goiti abiatu ginen.


Jende gehiena Peña Blanca aldera igotzen zen bitartean, gu bakar.bakarrik gindoazen gure helburuaren bila. Hasierako metroetan ikusten genuen panoramak eskiatuko ote genuen zalantzak izatera eraman gintuen.


Refugio de los Barbietos inguruan, 2050 bat metrotko altueran, eskiak jantzi ahal izan genituen.


Eta handik goiti elur baldintza onak harrapatuko genituen. Metroak irabazi ahala, inguruaren edertasunaz gozatzeko aukera ere izan genuen Monte Perdido, Añisclo, Cilindro eta enparauak begibistan izanez.


Eremu zabal honetan eski estazio bat egiteko proiektu bat egon zen mende hasieran. Leku bikaina da egia erran eta pena izanen litzateke horrelako proiektu bat gauzatzea.


Malda zabaletan goiti Monte Perdido inguruak, Chinipro, Robiñera, Sobreesplucas eta Espluca Ruego mendien begiradapean.


Zerua, elurra eta gu...


Las Tres Marias izeneko mendiak gure gibelean...


Lehen gailurrera ailegatzen.


11:15 : Punta Ruego (2589m)
Bi ordu eskasean ailegatu ginen gailurrera, erritmo lasaian igoz elurrari guritzen uzteko. Gailurretik Barrosa mendiaren hego malda ia elurrik gabe ikusten zen...


Tarte zabala eman genuen tontorrean eta hegoaldera lehendabiziko jaitsiera egin genuen 2440 metro ingurura dagoen lautadatxora. Bertan berriz foka larruak jarri eta Liena aldera abiatu ginen.


12:44 : Liena (2604m)
Bertze igoeratxo batek eguneko bigarren kaskoan utzi gintuen, pixka bat lehenago igotako tontorra eta Monte Perdido eta Muniako 3000ko gailurrak parez pare genituela.


14:17 : Petramula (1920m)
Udaberriko elur bikainean egindako jaitsiera ederrak berriz ere azpiko pistan utzi gintuen eta bertatik eskiak bizkarrera eramanda autorainokoa egin genuen.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina