EGUNA: 2025/01/31
ABIAPUNTUA: Bederet - Luz Ardiden (1680m)
ZAILTASUNA: S2
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Luz-Ardiden eski estaziora igotzen den errepidea hartu behar da eta estazioko aparkaleku nagusira ailegatu baino pixka bat lehenago eskuinetara Bedereteko sektorera igotzen den bidea hartuko dugu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Iaz bezala, aurten ere negua kolpeka dator Pirinioetara. Elurteak etortzen direlarik, aprobetxatu behar da, tenperatura igan eta elurra eraman baino lehen. Ateraldi honetan elurra egin eta ondoko egunean baldintza bikainak harrapatu genituen Luz Ardiden estazioaren iparraldean dauden menditxoetan. Duela bortz urte deskubritu nuen sektore hau, aproposa da elur-jausi arrisku handia dagoen egunetan elur freskoaz gozatzeko. Kasik 1700 metrotik abiatzen da eta magalak belarrezkoak izanda elur baserik gabe ere ibiltzen ahal da bertan.
9:57 : Bederet - Luz Ardiden (1680m)
Aparkalekutik beretik ateratzen den eski pista hartu genuen erdi lainopean.
Hiru ordu laurdenetan lehen mendiaren gainean ginen. Berez ez ginen kaskora ailegatu, metro batzuk beheitiago baizik, iparralderantz pasatzeko lepo gisakora.
Iparralderago bigarren iganen genuen Escalabor mendia ageri zen.
Bertara zuzendu baino lehen lehen jaitsieraz gozatu genuen. Pene de Bassots mendiaren ipar-ekialdeko malda zabala guretako bakarrik izan genuen eta elur bikainarekin.
1895 metro inguru arte jaitsi ginen. Berriz foka-larruak paratu eta Escalabor mendiaren ekialdeko bizkarretik goiti abiatu ginen.
Gure jaitsieraren arrastoa pareko magalean genituela...
...eta gibelean Neouvielle eta Pic Long inguruak!
11:27 : Escalabor (2054m)
Bigarreb igoera Escalabor mendiaren hegoaldeko tontorrean akitu genuen, 2048 metrora. Mendebalderantz Cauterets gaineko mendien ikuspegi polita dago bertatik. Moun Ne-ko malda ederrak gailentzen direla.
Bertze trantsizio bat eta berriz ipar-ekialdeko maldak hautatu genituen jaisteko. Aitzineko mendiko jaitsiera baino tentexeagoa da Escalabor mendiaren isurialde hau.
11:36 : Cabane de Conques (1774m)
Bigarren jaitsiera etxola honetan akitu genuen. Bertara estaziotik ateratzen den pista bat ailegatzen da eta erraketekin ibiltzeko prestatzen dute.
Hirugarrenez foka-larruak paratu eta Pene Nereren ekialdeko bizkarra hartu genuen, aitzinetik genuen eskiatzaile talde baten arrastoari segituz.
Malda errazetatik iganen ginen kaskoraino.
Escalabor mendiaren ipar-ekialdeko magal ederra parean ikusten genuen igoeratik, tartean gure arrastoak ere bai.
Izei batzuen artetik pasatuko ginen...
12:31 : Pene Nere (2058m)
Erritmo onean egin genuen eguneko hirugarren igoera eta kaskoan aunitzik luzatu gabe jaisteko prestatu ginen.
Mendebalderantz begiradatxo bat...
...eta beheiti! Igandako bide beretik jaitsi ginen berriz ere etxolaraino.
13:03 : Cabane de Conques (1774m)
Denbora aitzinera zihoanez, azken igoera estazio aldera eginen genuela erabaki genuen.
Etxolatik pasatzen den pista Riouko leporaino ailegatzen eta bertatik igatea erabaki genuen, gero lepotik estaziorantz azken jaitsiera egiteko.
13:34 : Col de Riou (1949m)
Lainopean ailegatu ginen GR10 bidea pasatzen den Riouko lepora. Azken aldiz foka-larruak kendu eta estazioko pistetarantz jaitsiko ginen. Jaitsiera hau ez zen aitzineko hirurak bezain ona izan, arrastoz betea zegoelako.
13:52 : Bederet - Luz Ardiden (1680m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina