Orriak

2026/03/31

Sommet du Jambet (2121m), Sommet deres Heches (2084m) eta Sommet de l'Aigle (2078m)

EGUNA: 2026/03/15

ABIAPUNTUA: Cazaux Dessus (1289m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Cazaux Dessus - Sommet du Jambet : Hiru ordu
  • Sommet du Jambet - Lac de Bareilles : Ordu erdi
  • Lac de Bareilles - Sommet deres Heches : Ordu eta erdi
  • Sommet deres Heches - Coume de Baque : 20 minutu
  • Coume de Baque - Sommet de l'Aigle : 40 minutu
  • Sommet de l'Aigle - Cazaux Dessus : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoa gure eskuinetara utziz. Bagneres de Luchongo norabidea segitu behar dugu, Peyresourde mendate ezaguna igotzen hastearekin batera ezkerretara Cazaux-Frechet herrirako norabidea hartuz. Hemendik goiti segituko dugu Cazaux Dessus herrixkaraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bezperako elurtearen eta egunerako iragarritako haizearen ondorioz, fin aritu behar ginen elur ona harrapatuko bagenuen. Hala, ipar haizearen eraginetik eskapo, Pirinioen iparraldeko mendi apalagoetara jo genuen eta bete-betean asmatu genuela erraten ahal da. Balencous, Bareilles eta Bourg d'Oueil bailaren artean altxatzen diren mendi borobiletan itzuli ederra burutu genuen, orientazio guzietan elur ona harrapatuz. 

9:47 : Cazaux Dessus (1289m)
Eguraldi eskasarekin argitu zuen egunak, baina iragarpenean fede itsua genuen eta argitu zuela bagenekien. Hala, aparkalekutik abiatu ginenerako ostarte batzuk irekitzen hasiak ziren zeruan.


Cazaux Dessus herritik goiti igaten den pistatik pixka bat iganda, Lourongo bailararen ikuspegi ederra genuen. Elurra beheitiraino egina zuen.


Fite paratu ahal izan genituen eskiak zangoetan. Hala ere, zati honetan beheitirakoan elurra urtua harrapatuko genuen.


1400 metro inguruan pista eskuinetara biratu eta Balencous-eko bailaran barneratzen da. Normalean puntu honetatik aitzin harrapatzen da elurra, eta erran behar da ospela izanik nahiko luze mantentzen dela bertan. Aldi honetan pista argazkiko puntuan utziko genuen. Zuzen segitu ordez, ezkerretara doan hirukote horrek bezala zubia zeharkatu eta Jambet mendiaren hegoaldeko magaletik goiti eginen genuen


Hortik kaskoraino 600 metroko desnibela duen malda zabala igatea izanen zen gure eginbeharra. Bezperako elurrarekin igateko adina bazen, baina ez jaisteko. Elurra fite urtzen den magal eguzkitsua da honakoa, baina eskiatzeko moduan dagoelarik jaitsiera ederra eskainiko du.

 
Sigi-saga altuera irabazten hasi ginen...


Egunak hodeitsu segitzen zuen, baina tarteka eguzkia eskapatzen hasia zen hodeien artetik eta bisibilitate nahikoa bagenuen


Goitiko partean jadanik basea zegoen elur kantitatea aise handiagoa zen. Arrastoa irekitzea gero eta lan zailagoa zen.


Azken metroak kaskora ailegatzeko...


11:47 : Sommet du Jambet (2121m)
Kaskoan haize boladaren batek jo gintuen eta segidan metro batzuk galdu genituen trantsizioa lasaiago egiteko gerizan.


Jambet eta Tech mendien hegoaldeko maldek itxura ederra zuten eta momentu batez zalantza ere egin genuen. Baldintza onean zeuden malda haiek eskiatu edo hasmentan pentsatua genuena ibilbidea egin?


Azkenean hasmentako planari eutsi genion. Jambet menditik pixka bat ekialdera eskiatuta, mendi honen eta Tech mendiaren artean irekitzen den lepotxotik "salto" egin genuen iparraldeko isurialdera. Hodi formako malda politetatik jaitsi ginen...


Paisaia dezente aldatzen da iparraldeko isurialdetik hegoaldekora. Zati honetan maldak ez dira hain leunak, eta izeiz inguratuak daude han-hemenka.


Elur-hautsezko malda politak eskiatuz Bareilleseko lakuraino jaitsiko ginen.


12:15 : Lac de Bareilles / Borderes (1766m)
Laku bazterrean akitu genuen eguneko lehendabiziko jaitsiera. 


Ur pixka bat hartu, inguru eder hartan zerbait jan eta goiti abiatuko ginen luze gabe.


Hasmentako plana hego isurialdera Liongo lepotik itzultzea zen. Hala ere, planez aldatzea erabaki genuen. Argazkian ikusten den bizkarrera iganen ginen bertatik Hourgue de Fousserette izeneko gaineraino.


Lehen igoeran bezala, arrastoa irekitzea tokatuko zen honetan ere.


Gibelean Bareilleseko bailara polita utziko genuen. Pinu artean etxola polita dago inguru horretan, eta egia erran ingurua egun batzuk pasatzeko modukoa da


Bizkarrean goiti altuera hartu genuen poliki-poliki...


Gaineko partera ailegatuta, Hourgue de Fousserette mendiak baino jaitsiera hobea Heches-eko gainak zuela ikusi genuen eta bertara zuzendu ginen bi aldiz pentsatu gabe.


Iparraldeko ertz zabaletatik berehala ailegatuko ginen kaskora. Gure gibelean Hourgue de Fousserette eta Mont Ne mendiak ageri dira.


13:25 : Sommet deres Heches (2084m)
Hegoaldera begiratuta aldiz Luchon inguruko 3000ek erakartzen zuten gure begirada.


Foka-larruak kendu eta ekialdeko malda ederrak eskiatu genituen. Eguzkia atera arren, eguna freskoa zen eta elurra ongi mantentzen zen orientazio horretan ere.


Gure jaitsierari begiratua aitzinera segitu aitzin...


13:45 : Coume de Baque (1888m)
1900 metro ingururaino jaitsi ginen, argazkian ikusten den Lourongo lepoa baino 100 bat metro beheitiago. Igoera motz batek bertan utziko gintuen.


14:07 : Col du Louron (2001m)
Lepotik ezkerretara biratu eta Pouy Louby mendia inguratuko genuen Aigle kaskoaren bila. Asmoa haren ipar-mendebaldeko maldetan azken jaitsiera egiteko elur ona harrapatzea zen, oraindik eguzkiak guti ukitua izanen zuelako.


Hala bada, Sahiestreko lepoaren azpitik pasatu eta Aigleko azken malda igan genuen.


14:24 : Sommet de l'Aigle (2078m)
Kasko honetan jende gehixeago harrapatu genuen eta beraz fite egin genuen trantsizioa. Malda birjinak arras kotizatuak dira horrelakoetan. Argazkian kaskotik Maupas eta Crabioules inguruak...


Urrunean Aneto-Maladeta mendigunea ere ikusten zen...


Iparralderago dagoen bizkar zabalera pasatu...


...eta eskuinetara biratuta ipar-mendebaldeko orientaziodun malda bikainetatik eskiatuko genuen.


Di-da batean sartuko ginen Balencouseko bailararaino.


Bertan pistatik 1400 metroraino eskiatzen ahalko genuen.


Eta pistaren bihurgune magikoan negutik udaberrira pasatu ginen bat-batean. Eskiak motxilara eta autorainoko paseo polita bertzerik ez zitzaigun gelditzen...


Lourongo bailara ederrean bertze egun bikain bat pasatu izanaren alaitasunarekin...


15:12 : Cazaux Dessus (1289m)
Autora ailegatu ginenerako, igoeran kostata gainditu genuen errepidea elurrik gabe zegoen. Kanpoko aldean bazkaldu eta etxerako bidea hartuko genuen elur-hautsetan eskiatutako asteburu polita akitzeko.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina