EGUNA: 2026/03/17
ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)
ZAILTASUNA: Erraza
IRAUPENA: 7-10 ordu artean
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Heldu den urriaren 24an duela 10 urte hil zen Xabi Kaxtel lagunaren oroimenez mendi lasterketa bat izanen dugu Erratzun. Azken asteetan buru-belarri lasterketa horren antolaketa lanetan ari gara eta izen ematea irekia dago hilabete honen hasmentatik. Honakoa, berriz, ibilbideari buruzko kronika duzue, lasterketa egiten dutenek ikusiko dituzten paraje ederren argazkiak eta hari buruzko informazioa pixka bat. Ibilbide ofiziala grabatzeko itzuli osoa egin nuen egunekoa da.
7:46 : Erratzu (285m)
Lasterketa plazattik abiatuko da eta herria zeharkatuta Etxoria deitzen den etxetik goiti Azkarate auzora igaten den kaltzada zaharra hartuko du.
Lehen igoera puntu honetan akitzen da eta bertatik jaitsiera luzea dago Urritzateko errekaraino. Argazkian ikusten den Alkaxuri mendirako bidexendatik egiten da hasmenta, gero hura eskuinetik inguratu eta jaitsiera tenteari ekiteko.
Gorostiko lepotik eskuin hartuta hasten da Alkaxuri edo Irubelakaskoaren inguratzea. Ondotik argazkian ikusten den belai zahar horren ondotik beheiti sartzen da. Paraje hau Kattalintegi izenarekin ezagutzen da.
Unalarko bordaren ondotik pasatuko gara...
9:56 : Urritzateko erreka (331m)
Erratzutik goiti irabazitako altuera guzia galduta Urritzateko bailara misteriotsuan barneratuko gara. Zubitik erreka gurutzatu eta bide zaharra hartuta errekaren bazterretik pare bat kilometro zelai egin behar dira. Ondotik bigarren anoa-gunea egonen da eta bertan hasiko da eguneko bigarren igoera.
Bigarren igoera hau da, hain zuzen ere, eguneko igoerarik gogorrena. Urritzateko errekatik Iparlako lepora 600 metro baino gehiago igan beharko dira, gehienak bi kilometrotan. %30etik goitiko batez bertzeko malda dago beraz.
10:55 : Iparlako lepoa (1026m)
Iparlako lepora ateratzean hatsa hartzeko tartea izanen da. Mendikatearen bertze aldean Nafarroa Behereko lautadek eginen diete ongi etorria lasterkariei.
Ez gara alde hartara jaitsiko, ordea. Eskuinetara biratu eta GR10 bideari segituz gainez gain Izpegi aldera eginen dugu. Urrunean Auza ikusten da.
11:27 : Arietako lepoa (812m)
Gainez gain ibiltzeak ez du erran nahi bidea laua denik. Arietako lepora jaitsiko da eta gero hortik Astateko kaskoraino igan beharko da, pagadi batetik hasmentan eta larre zabaletatik geroago.
11:49 : Astate (1016m)
Gailur honetatik Izpegiko lepora arte beherantz egiten du bideak.
Astateko lepotik ezkerretara biratu eta Baigorriko isurialdetik pasatzen da Buztanzelaiko leporaino.
Eta ondotik Aintziagako lepoan barrena, berriz ere Baigorriko isurialdetik Izpegiraino joaten da. Erran bezala, zati honek guziak beheranzko joera du.
12:31 : Izpegiko lepoa (672m)
Izpegiko lepoa puntu garrantzitsua izanen da lasterketan. Ibilbidea bidenazka egiten dutenek bertan emanen diote erreleboa elkarri. Horrez gain, anoa-puntu bat ere bertan egonen da.
Izpegitik berriz ere gorantz eginen du bideak. Olatetik pasatzen den Auzako bide arrunta igan beharko dute parte hartzaileek.
Bide honek jaitsiera motz bat du Olatetik Nekaitzeko lepora, baina gainerako guzia goiti da.
Nekaitzeko lepotik Elhorrietako lepora eta handik maldatzarra Auzaraino.
Igoera ezagun hau pagopetik doa lehen zatian, eta Harrigorriko harkaitzak ezkerretara utzita azken malda tentea belardi leunetatik igaten da.
13:59 : Auza (1306m)
Auzako kaskoa da ibilbide guziko punturik altuena, Erratzuko ikur bat. Bidea grabatu nuen egunean elurtua zegoen gailurra.
Auzatik hegoalderantz eginen du bideak, Sakana deitzen den parajean Antxola mendia inguratu eta Ixtauzko lepoko anoa-gunera ailegatzeko
Auzaren hegoaldeko aurpegia...
Eta Pagozelaiko lepotik eskuin biratu eta bizkarrez bizkar segituko du Basagarreraino. Oro har, zati honek guziak beheranzko joera du.
15:17 : Basagarko lepoa (684m)
Ixtauzko lepo inguruan berriz ere baso artean sartuko da bidean. Bizkarrez bizkar eginen du Argañeta inguratu eta Pagozelaiko leporaino.
Basagarretik goiti eguneko azken igoerari ekinen diogu.
Aitzineko kilometro guziak egin eta gero, Burgarako 200 metroko desnibela gogorra eginen da.
15:36 : Burga (872m)
Behin Burga iganda, erraten ahal da dena malda beheiti dela, nahiz eta tarteka igoera laburren bat baden.
Burgako oihan politetik Soralarko lepoko azken anoa-gunera ailegatuko gara.
Eta Soralar mendia inguratuta, Zubipuntako bordara jaitsiko gara. Larreetatik lehendabizi eta oihan tentetik zuzenean gero. Zubipuntako bordatik Gorostapoloko bidea hartuko dugu, hemendik Xorroxingo ur.jauzi aldera doan bidexka bat eta akitzeko herritik Xorroxinera doan bidea.
16:50 : Erratzu (285m)






































iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina