2022/12/13

Col d'Anglas (2441m)

EGUNA: 2022/12/11

ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Paraje ederra da Gourette ingurukoa. Latte Bazen, Esquerra, Pene Medaa eta Ger mendiak zein baino zein dotoreago altxatzen dira, ikusgarriena izan nahian edo. Azken bi mendien artean malda zabalak daude, eskirako aproposak... Zerbaitengatik dago hor kokatua eski estazioa. Pistek eta teleaulkiek magal hauek zauritu dituzte edertasuna kenduz, baina buruak hauek eraiki aitzinekoa imajinatzen du ezinbertzean. Gouretteko asteburuko bigarren egunean eguraldi eskasagoa izanik eta estazioa hetsia zegoela aprobetxatuz, magal hauetan izan ginen eskiatzen.

9:31 : Gourette (1359m)
Bederatzietan estazioko ostatu batean kafe bana hartu eta martxan paratu ginen pistetan goiti. Eguraldi iragarpenak ez ziren sobera onak eta pistetatik goiti iganen ginen, aukera izanez gero Pene Blanque mendia igateko.


Pene Medaa mendiaren oinera zuzendu ginen pistetatik...


Tarteren batean pistaz kanpoko zatiren bat ere pasatu genuen...


Zerua hodeitsu zegoen eta lainoak gailurrak inguratzen zituen. Hori guti balitz, bezperan baino haize gehiago ere ibilki zen...


Ger eta Pene Medaa arteko magal zabaletatik pasatzen dira Gouretteko pistarik altuenak. Horiei segituko genien teleaulkiaren goitiko geltokiraino.


Zenbat eta goitiago, orduan eta ikuspegi eskasagoa genuen. Elurra, aldiz, arras aldakorra: tarteka haizetua, tarteka hautsa, zati hormaturen bat...


Pisten goitiko partean ginela lainoak bake pixka bat eman zigun eta Anglaseko lepora hurbiltzeko baliatu genuen.


11:49 : Col d'Anglas (2441m)
Lepotik bezperan ibilitako Sanctus aldean eguzki izpi batzuk bazirela ikusi genuen. Anglaseko lakuraino jaitsiera polita dago bertatik, elur-jausi arriskurik ez dagoen egunetarako...


Anglaseko teleaulkiaren goitiko partera hurbildu eta jaitsierarako prestatu ginen. Eguna pixka bat argitzen ari zen, baina ez zegoen gailurretara joateko moduan. 


Amoulateko lepoa parean, Ger mendiko hego aurpegi eskiagarrira pasatzeko ate naturala da.


 13:12 : Gourette (1359m)
Jaitsieran elur aldakorra izan genuen, baina oro har uste baino hobea. Bezperan ez bezala, pistetatik estazioraino jaitsi ahal izan ginen. Asteburu polita Gouretten pasatutakoa!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina