2022/12/12

Sanctus (2482m)

EGUNA: 2022/12/10

ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Gourettetik abiatuta mendi eskiz egiten den igoerarik klasikoena Sanctusekoa da. Azpiko partean eski pistek eroso abiatzeko aukera ematen dute, eta fite haiek utzi eta paraje ederretatik goiti igaten da bidea. Mendiaren goitiko partean malda zabalak ditu elurraren gainean norberak bere sinadura uzteko. Iparretik etorritako elurtetxoari, egun garbi eta hotza gehitu zitzaizkion eta Pirinioetan gutitan aurkitzen diren baldintzak izan genituen mendi honetara egindako ateraldi ederrean.

9:56 : Gourette (1359m)
Mantso ailegatu ginen bezperan estaziora eta kanpoko euri soinuarekin lokartu ginen. Eguna argitu orduko euriak elurrari utzia zion lekua, baina lainoa sartuta zegoen aparkaleku inguruan. Presarik gabe abiatu ginen argitzeko esperantzarekin, hori baitzen iragarpen batzuek ziotena. Ezkerreren gelditzen den pistatik goiti eginen genuen lehen zatia.


Pene Sarriere mendiaren azpiko aldean eskuinetara biratzen den eski pista utzi eta mendiaren ekialdeko aurpegipera pasatu ginen. Lainoen gainetik eguzkia eta zeru urdina ikusten hasiak ginen ordurako.


Eski pistak utzita ere, pista batetik egin genuen ondoko zatia eta Valentin errekaren bazterrean dagoen Plaa de Batch izeneko lautadatxoan barneratu ginen.



Berez eskiz egiteko biderik arruntena eta da hemendik pasatzen, pista zabalago batetik baizik. Plaa de Batchetik Coste de Gouako etxoletara errekaren eskuineko aldetik pasabide deseroso samarra zeharkatu behar izan genuen.


11:00 : Cabanes de Coste de Goua (1664m)
Etxola hauetara zuzenean ailegatzen den pista erosora atera ginen amildegitik eta zubi estu batetik erreka zeharkatuta argazkiaren ezkerreko aldean ikusten diren malda tenteagoetatik goiti segitu genuen.



Gure aitzinetik zihoan laukoteak arrasto ederra irekia zuen Coste de Gouatik goitiko maldetan. Zati hau arriskutsua izaten ahal da elur-jausi arriskuarekin, gaineko harresitik erortzen ahal den elurra dela eta.



Metroak irabazi ahal Gourette inguruko mendi ikusgarriak bistaratzen hasi ginen. Argazkian biharamunean bisitatuko genuen Anglaseko lepoa ageri da, ^Pene Medaa eta Arre Sourins mendien artean.


Louesqueko erreka zeharkatu eta esposiziodun malda gibelean utzi genituen, malda eztiagoetatik segituz.


Eguna garbi zegoen mendiaren goitiko partean, baina alimaleko hotza ari zuen ipar aurpegi ospeletan.


Becottes mendiaren ipar magal eztiak aitzinekoek marraztutako arrastotik gainditu genituen. Elur geruza lodia zegoen inguru honetan.


Louesque, Sanctus eta Becottes mendiek osatzen duten zirkura atera ginelarik eguzkiak zertxobait goxatu gintuen. Eskertu genuen berotasun pixka bat...


Louesqueko lakuak dauden ingurua aise zelaiagoa da eta gailurraren azpian utziko gintuen. Elur baldintza bikainak izaki, kaskoraino eskiak zangoetan genituen ailegatuko ginen.


Azken zetak...


Becottes eta Sanctus arteko lepora atera eta bizkar zabaletik atera ginen tontorrera...


13:00 : Sanctus (2482m)

Hiru ordu eskasean ailegatu ginen gailurrera. Haizerik gabe, nahiko egote ona zegoen hotz izanda ere.


Louesque mendira doan gandorra. Mendi horrek ere Soulor aldetik eski malda bikainak eskaintzen ditu...


Jaitsieran elur hauts zoragarria izan genuen, gutitan bezalakoa. Nahi baino lasterrago ailegatu ginen Coste de Gouako etxoletaraino, handik pista hartu eta eski estaziora itzultzeko.


14:42 : Gourette (1359m)
1450 metro inguruan kendu genituen eskiak. Estazioa oraindik hetsia dago eta azpiko partean pistak ez daude eskiatzeko moduan. Oinez ibilalditxo batek berriz ere aparkalekuan utziko gintuen, egun bikainaz gozatu ondotik.


BIDEOA:


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina