2022/03/08

Lexa (1839m)

EGUNA: 2022/03/06

ABIAPUNTUA: San Martingo Harriko lepoa (1765m)

ZAILTASUNA: S1

DENBORAK:

  • Igoera: 20 minutu
  • Jaitsiera (iparraldera): 20 minutu
  • Aparkalekura buelta: Ordu eta erdi

NOLA AILEGATU:

Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta San Martingo Harrira igotzen den errepideari segituko diogu.

KRONIKA:

San Martingo Harriko lepoaren mendebaldean oharkabean pasatzen da Lexako tontortxoa. Horrek azaltzen ahal du hain hurbil egon eta hain jende guti bertara joatea. Santa Grazitik goiti Soudeteko lepora igaten den bidetik neguan joanez gero, ordea, atentzioa deitzen dute mendi honetako malda zabal elurtuek. Egun horietako batean fitxatu nuen nik ere...

10:24 : San Martingo Harriko lepoa (1765m)

Bezperan bezala, egun gris eta hotzarekin abiatu ginen aparkalekutik, iparraldeko haize fina hezurretaraino sartzen zela. Hala, zorionez laino geruza gure gainetik egonen zen goiz osoan zehar eta eskiatzen utziko zigun.

 

Ekialdeko bizkarretik minutu gutian egiten da gailurrerainokoa, 100 metro eskaseko desnibela bertzerik ez baitu San Martingo Harritik.

 

Zailtasunik gabeko igoeraren azken metroak.

 

Oraindik gorputza beroan sartu gabe genuela ailegatu ginen kaskora. Trantsizioa ahalik eta lasterren egin eta eguneko lehen jaitsierari ekinen genion. Plazera da 15 minutu bakarrik igota jaisten hastea, gero jaitsitakoa berriz igotzea jakinda ere. Beheiti sartzeko lehen metroak mendiaren hegoalderantz egin genituen, gero poliki-poliki iparraldera biratzeko.

 

Magal zabaletatik jaitsi ginen, bi egun lehenago botatako elur freskoan bidea irekiz. Errepidetik hurbil dagoen sektorea da, baina jende guti joaten da bertara.

 

Geldialdia etxola hau bisitatzeko. Oraindik ere 100 bat metro beheitiago jaitsiko ginen 1400 metro pasatxora dagoen zelai ttipira.

 

Aska hau dagoen zelaian akitu genuen eguneko lehendabiziko jaitsiera. Berriz ere foka-larruak paratu eta goiti.

 

Eguneko bigarren igoeran, gibelean aska dagoen zelaitxoa utzita. Hortik beheitiago ere jaisten ahal da, 1300 metro ingurura hasten den basoraino.

 

Bigarren igoera gailurrera berera egin ordez, eskuineko lepo zabalera eginen genuen. Izan ere, kaskorako azken metroetan haizeak landutako elurra zegoen eta hobe zen beheitiagotik hastea.

 

Bigarren eski-saioa malda berberetatik egin genuen. Elur hauts heze samarra, baina gozagarria topatu genuen.

 

Azken aldiz fokak paratu eta Lexa mendia hegoaldetik inguratuta GR10aren bidera aterako ginen bertatik autora itzultzeko.


 12:50 : San Martingo Harriko lepoa (1765m)

Ingurua laino artean desagertzearekin batera autoan ginen bueltan, goiza ongi probestu izanak ematen duen pozarekin. Udaberriko elurra ongi dago, baina hautsa bertze zerbait da.

BIDEOA:


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina