2020/10/19

Soum Couy (2315m)

EGUNA: 2020/10/17

ABIAPUNTUA: Arette-La Pierre Saint Martin eski estazioa (1656m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera: Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Gure kasuan Izpegiko lepoa zeharkatu eta Behe Nafarroa eta Zuberoan barrena egiten dugun Aretteko eski estaziorainokoa. Garazitik Larzabalerako bidea hartu eta hemendik Atharratze aldera doan bidea hartuko dugu. Atharratze gurutzatu eta eskuinetara Santa Grazira doan bideari segituko diogu. Santa Grazitik goiti Soudeteko lepotik ailegatuko gara Arette-La Pierre Saint Martingo eski estaziora.

KRONIKA:
Udazken hasmenta arraro honetako hirugarren elurteari ezin genion pasatzen utzi. Lehendabiziko bietan gure eski grinak alde batera utzi bagenituen ere, hirugarren honetan altxor zuriaren gainean lerratzeko beharra asetzera joan ginen Aretteko eski estaziora.

8:58 : Arette - La Pierre Saint Martin (1656m)
Goizean goiz jarri genuen hitzordua Erratzun berean eta bi ordu eskasean abiapuntuan ginen. Gogotsu eskiak paratu eta goiti abiatu ginen eski pista elurtuetatik.


Oraindik urri erdialdea izan arren negu beteko itxurarekin aurkitu genuen mendia: hotza, pinuak aitzineko egunetan botatako elurrarekin apainduak eta mendiak zuri-zuri... 


Arlas mendia gure eskuinetara utzi genuen, bere ekialdeko maldetan bezperan ibilitako eski arrastoak zituela.


Lehen zatia eski pistak utzita egin genuen Pescamou lepoaren azpiko aldetik.


Segidan ezkerretara biratu eta Boulevard des Pyrenees deitzen den eski pistatik segitu genuen Auñamendi dotorea parez pare genuela.


Azken elurteek itxura eder honekin utzi dute Arette ingurua.


2122 metroko altueran dagoen Soum Couyko teleaulkiaren goitiko puntuan utzi genituen eski pista eta Soum Couy mendiaren ipar magaletik segitu genuen.


Baldintza onean aurkitu genuen ipar magal hau eta arazorik gabe igo ginen sasi-gailurreraino.



Sasi-gailurrean eskiak utzi eta kranpoiak jarri genituen azken metroak igotzeko. 70 bat metroko altuera gaindittzen da malda honetatik eta normalean elurra gogor egoten da bertan.



Gandorrera aterata ikuspegi bikainaz gozatuz egin genituen azken metroak.



11:15 : Soum Couy (2315m)
Tenperatura goxoa lagun egonalditxoa egin genuen gailurrean Lescun eta Auñamendi inguruaz gozatuz.


Sasi-gailurrean eskietara bueltan otordutxoa egin ondotik, jaitsiera zuzena egin genuen eski pistetatik Asterseko teleaulkiaren beheitiko punturaino (1522m). Bertan berriz foka-larruak jarri eta eski estaziora itzuliko ginen.


13:28 : Arette - La Pierre Saint Martin (1656m)
Goiz pasa polita egin genuen elurrarekin aspaldiko partez lehen kontaktua izateko. Ea laster dugun bertze bat egiteko aukera...
 


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina