EGUNA: 2020/09/12-13
ABIAPUNTUA: Refugi de Conangles (1555m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Ibilbidearen zailtasun guziak Besiberri Sud eta Comaloforno arteko gandorrean daude:
- Besiberri Sud menditik zuzenean gandorra segituz jaitsiz gero III. graduko deseskalada bat egin behar da. Zati hau erraz saihesten ahal da mendebaldetik.
- Agulla Sud de Malavesinaren gandorra nahiko estua da tarteka, baina ez da zaila (II). Gandorretik segituz gero rapel bat egin beharko dugu IV. graduko 13 bat metroko pareta bat jaisteko.
- Comalofornoko azken zatian eskalada errazak aurkituko ditugu (I. gradukoak).
DENBORAK:
- Refugi de Conangles - Refugi de Besiberri : 2 ordu eta laurden
- Refugi de Besiberri - Besiberri Sud : 2 ordu
- Besiberri Sud - Malavesina - Comaloforno (gandorretik) : 2 ordu
- Comaloforno - Refugi de Conangles : 3 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Ibilbide honen hasiera puntua Vielhako tunelaren hegoaldean dago. Kasu honetan Pirinioen hego isurialdetik egin genuen harainokoa. Lehendabizi Jakara, gero hortik Sabiñanigora eta Fiscalera. Fiscaletik Ainsara eta bertatik Campo herrirako errepidea segitu behar da. Campotik bi aukera daude Conanglesera ailegatzeko, baina motzena Bonansako portuan barrena doan errepidetxotik joaten dena da. Bonansatik Vielhako norabidea segituta ailegatuko gara tunelera sartu baino lehen eskuinetara topatuko dugun aterpera.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
SARRERA:
Hamaika hitzak erranahi bikoitza du euskaraz. Alde batetik, zenbakia bera eta bertzetik, ugaritasuna adierazten du. Ez naiz 3000 metroak gainditzen dituzten mendiekin itsutu izan den mendizalea izan eta altuerari sobera begiratu gabe hautatu ditut orain arte igotakoak. Bidearen edertasuna altuera baino aise garrantzitsuagoa iruditzen zait. Poliki-poliki 3000 metrotik goitiko mendiak ere igo ditut bistan denez, eta 2018an Culfreda mendietan ibili ondotik ohartu nintzen altuera hau gainditzen duten mendiek osatutako 11 mendiguneetatik bakarra falta zitzaidala ezagutzeko: Comalofornoko mendigunea. Hala, lehen 3000koa igo nuenetik hamaika urtera, tartean hamaika (aunitz) 3000ko igo eta gero, hamaikagarren mendigune honi bisitatxo bat eginen niola erabaki nuen. Bi aukera nituen buruan: Besiberri Nord eta Punta Alta mendiak igotzea Cavallerseko urtegitik gaua Ventosa i Calvell aterpean pasatuz edo Besiberri Sud eta Comaloforno mendiak igotzea Besiberriko aterpean lo eginez. Azken hau izan da hautatutakoa eta horrela bisitatu dut 11. mendigune hau lehen aldiz. Hona hemen mendigune guziak eta bakoitzean igotako mendiak eta urtea:
1. SEKTOREA: BALAITOUS
- Infierno Occidental 3073m. (2014)
- Infierno Central 3082m. (2014)
- Infierno Oriental 3076m. (2014)
- Arnales 3006m. (2014)
- Balaitous 3144m. (2019)
- Gran Facha 3005m. (2019)
2. SEKTOREA : VIGNEMALE
- Petit Vignemale 3032m. (2009)
- Vignemale 3298m. (2009, 2016)
- Milieu 3130m. (2016)
- Grand Tapou 3150m. (2016)
- Piton Carre 3197m. (2016)
3. SEKTOREA: MONTE PERDIDO
- Taillon 3144m. (2009, 2018, 2019) *Nire lehen 3000koa izan zen
- Monte Perdido 3355m. (2010)
- Petit Astazu 3012m. (2011)
- Casco 3006m. (2018)
- Gabietous Occidental 3034m. (2019)
- Gabietous Oriental 3031m. (2019)
4. SEKTOREA: MUNIA
- Robiñera 3003m. (2011)
- Munia 3133m. (2016)
5. SEKTOREA: PIC LONG
- Turon de Neouvielle 3035m. (2010, 2017)
- Neouvielle 3091m. (2010, 2014, 2017)
- Estaragne 3006m. (2013)
- Crabounouse 3021m. (2017)
- Bugarret 3031m. (2017)
- Campbieil 3173m. (2017)
- Dent d'Estibere Male 3017m. (2020)
- Pic Long 3192m. (2020)
- Aiguille de Badet 3135m. (2020)
- Badet 3160m. (2020)
- Maou 3074m. (2020)
6. SEKTOREA: BACHIMALA
- Culfreda 3034m. (2018)
- Culfreda Central 3028m. (2018)
- Culfreda NE 3032m. (2018)
- Marcos Feliu 3057m. (2019)
- Abeille 3029m. (2019)
- Pequeño Bachimala 3061m. (2019)
- Punta del Ibon 3100m. (2019)
- Punta Ledormeur 3120m. (2019)
- Bachimala 3177m. (2019)
- Punta del Sabre 3136m. (2019)
7. SEKTOREA: POSETS
- Posets 3375m. (2012, 2020)
- Forqueta 3011m. (2018)
- Forqueta SE 3008m. (2018)
- Pavots 3121m. (2020)
- Espadas 3332m. (2020)
- Llardaneta 3311m. (2020)
- Tuqueta Roya 3273m. (2020)
- Diente de Llardana 3085m. (2020)
8. SEKTOREA: PERDIGUERO
- Gourgs Blancs 3129m. (2012)
- Cap dera Baquo Occidental 3097m. (2012)
9. SEKTOREA: ANETO
- Ballibierna 3067m. (2015)
- Culebres 3062m. (2015)
- Maladeta 3308m. (2019)
10. SEKTOREA: COMALOFORNO
- Besiberri Sud 3023m. (2020)
- Agulla Nord de Malavesina (2020)
- Comaloforno 3029m. (2020)
11. SEKTOREA: PICA D'ESTATS
- Pica d'Estats 3143m. (2009)
- Verdaguer 3131m. (2009)
KRONIKA:
2020/09/1215:07 : Refugi de Conangles (1555m)
Larunat goizean abiatu ginen eta eguerdirako Vilaller herrian ginen garagardo bana hartu eta bazkaltzen. Bazkalondoan hasi genuen ibilaldia Conangles aterpearen ondoko aparkalekutik.
Pagadi freskoan egiten da lehen zatia marka horixkei segituz.
Bideak atsedenik gabe egiten du goiti Besiberriko bailararen bila.
Azken zatia Besiberriko amildegian goiti. Lakua hurbil genuen jadanik.
16:14 : Estany de Besiberri (1987m)
Ordurarte gure eskuinetara genuen errekatxoa zeharkatu eta ordura arteko malda oraindik gehiago tentetzen da bidexka harritsuan goiti.
Malda tenteak gaindituta, bat-batean lepotxo batetik Besiberriko bailara ederra bistaratu genuen. Puntu horretatik eguneko helmuga zen Besiberriko aterpea ere ikusten hasi ginen.
Lakua aunitz gustatu zitzaigun. Ekialdera dituen belardiak kanpin-denda batean gaua pasatzeko leku ederra dira.
Belardi horietatik segitu genuen bailaran goiti aterpea erreferentzia modura hartuta. Bailara hesten berriz, Besiberri Nord eta Besiberri del Mig menditzarrak...
Zati honetan malda ez da hain tentea eta paisaia lagun ibiltzeko leku polita da.
Bailara eder honetaz gozatzen goitirakoan...
Aterpea metro gutxira...
Aterpearen iparraldean dagoen Estanyet lakua ere gaua pasatzeko bertze leku aproposa da. Egun horretan berean gazte koadrila bat egon zen bertan.
17:00 : Refugi de Besiberri (2221m)
Bi ordu eskasean ailegatu ginen aterpe kurioso honetara. Edukiontzi erraldoi baten forma du eta 18 lagunendako lekua ohe bakoitzean bina lagun sartuta. Horrez gain, mahai eta aulki batzuk ere baditu barnean. Kanpotik iduri duena baino handiagoa da egia erran...
Aterpeko ataritik Besiberriko bailara osoa ikusten da, baita Aneto mendia urrunean ere. Tenperatura goxoa lagun egonaldi ederra egin genuen kanpoko aldean eta afaldu ere bertan egin genuen. Nahiko beteta zegoen aterpea gau horretan, guzira 13 lagun bildu ginen.
Afalondoko ilunabar ederrean solasaldi lasaia izan genuen bertze mendizaleekin eta hamarrak inguruan sartu ginen zakuetan.
2020/09/13
7:50 : Refugi de Besiberri (2221m)
Zazpiak inguruan ernatu ginen, presa handirik gabe. Gosaldu, gauzak prestatu eta goiti...
Bailara hesten duen pareta bat inguratzen du ongi markatutako bideak.
Ondoren amildegien gainetik zeharkaldi bat egiten du. Harri-mukuru aunitz daude bidea erakusteko eta bidexka ere aski ongi ikusten da. Eskuinean ikusten den Abellers mendiaren ezkerreko lepora joan behar genuen.
Lepoaren azpiko lautadatxoa, antzina glaziarra egonen zen lekua, harrizko blokez osatutako zabortegi baten idurikoa. Nahiko deserosoa da zeharkatzeko. Irudian ikusten den lepora zuzendu ginen. Lepoaren ezkerretara berriz, Besiberri Sud mendia dago.
Gure ezkerretara biratu eta Besiberriren hegoaldeko gailurrerako azken maldari ekin genion. Zati hau ere maldatsua da, baina harriak egonkorrak dira eta aise igotzen da.
10:05 : Besiberri Sud (3023m)
9:43 : Collada d'Abellers (2886m)
Harrizko blokez osatua dagoen zatia gaindituta, lepora ateratzeko kanale maldatsu eta deserosoa igo behar da. Legar irristakorrak eta zapaldu orduko erortzen diren harriek aunitz zailtzen dute kanale honen igoera. Behin lepoan haize freskoak eman zigun ongi-etorria...Gailurrean eguzkiak goxatu gintuen eta ikuspegiaz gozatzeko egonalditxoa egin genuen. Iparraldera Besiberri Nord ikusgarria eta bertara ailegatzeko gainditu behar den gandor ezaguna.
Ipar-ekialdean Ventosa i Calvell aterpea ikusten genuen, Carros de Foc zeharkaldi ezaguna egin nuelarik ibili nintzen bertan. Argazkiaren ezker-ezkerrean orduan igo genuen Montardo mendia ere ageri da.
Mendebaldean aldiz Anetoko mendigunea. Ikusgarria!
Gailurrean arnesak jarri genituen badaezpada, ez baikenekien zer aurkituko genuen gandorrean. Argazki bat eta aitzinera!
Hegoaldera Comaloforno mendia eta bertara eramanen gintuen gandorra genituen. Zati bat gandorretik eginen genuen Malavesinaren iparraldeko orratza igoz eta gero azken zatia inguratuz Comalofornoraino.
Hegoaldeko ertzetik beretik utzi genuen Besiberriko gailurra eta abiatu eta lasterrera aurkitu genuen lehen zailtasuna. Irudiko beheren ikusten den mendizalearen azpiko aldean ikusten den diedrotxoa jaisteko kasu eman behar da. Guk soka genuenez ateratzea erabaki genuen laguntza moduan. Dena den, pausu hau mendebaldetik inguratzen ahal da.
Arrailetik segidan ailegatu ginen 3000 metrotik goitiko mendien zerrendan berria den kasko honetara. Izan ere, antzina ez zen gailur ofizialtzat hartzen, baina neurketa berrien ondorioz baldintzak betetzen dituela ikusi eta bertan sartu dute.
Orratzaren punturik altuena utzi eta gandor estuaren gainetik segitu genuen. Zati ikusgarria da, baina erraza, I. graduko pausuekin.
Gandorretik 13-14 metroko pareta batera ailegatu ginen. Goitiko aldean zinta batzuk daude rapela muntatzeko eta soka genuenez horixe bera egin genuen. Pausu hau ere gandorretik pixka bat atzera egin eta saihestu daiteke mendebaldera jaitsita. Sokarik gabe jaistea aldiz ez nuek gomendatuko, IV inguruko gradua izanen baitu eta erorketa handia baitu.
Bista ederrak rapelaren goitiko puntutik...
Rapela eta gero gandorra utzi eta mendebaldetik inguratu genuen harri-mukuruz ongi adierazita dagoen bidexkatik.
Hala ailegatu ginen Comaloforno mendiaren hego-mendebaldeko aurpegitxora. Hortik igoko ginen gailurrera eskaladatxo errazak eginez (I. gradua). Zati honen arriskurik handiena harri laxoak dira eta kaskoa gomendagarria da.
Azken metroak...
12:40 : Comaloforno (3029m)
Uste baino denbora gehiago pasatuta ailegatu ginen Comalofornoko gailurrera. Soka atera behar izateak denbora aunitz luzatzen du. Gailurretik ongi ikusten zen Besiberritik ailegatzen den gandorra.
Boi-Taülleko eski estazioa ere ageri zen. Han izan ginen duela zenbait hilabete...
Gailurreko argazkia beheiti abiatu aitzinetik...
...eta gailurra utzi genuen igotako bidetik jaitsiz.
Gandorra azpitik inguratzen duen bidexka segitu genuen beheitirakoan eta bidetik ongi ageri ziren Besiberri Sud (ezkerrekoa) eta Agulla Nord de Malavesina (eskuinekoa), baita rapelatu genuen pareta ere.
Harri-mukuruei segituz zailtasunik gabe inguratzen du gandorra bidexkak...
Gibelean utzi genituen ordu batzuk lehenago ibilitako gandor eta gailurrak.
Berriz lepora bueltan hasiera batean igotzeko asmoa nuen Abellers mendia alde batera utzi genuen ordua zela eta.
Gemena eta Gelats lakuak bidetik...
Lepotik beheiti orratz beltza erreferntzia bezala hartuta berriz ere kanale deserosotik jaitsi ginen, harritzarren bat edo bertze botata. Jende nahikotxo ibiltzen da leku honetan eta badu bere arriskua harri-jausiak direla eta.
Harrizko blokezko desertua zeharkatu genuen Besiberri Sud eta Abellers mendiak gibelean utzita.
Haranean sartzen jadanik bidexka erosotik...
15:21 : Refugi de Besiberri (2221m)
Aneto ingurua gailurretik...
Ekialdean Punta Alta, sektore honetako bertze 3000ko bat eta Aigüestorteseko bertze mendi batzuk.
Aterpera bueltan bertan utzitako gauzak bildu eta eguzkitan bazkaltzeko probestu genuen.
Eta bazkalondoan beheiti. Oraindik bide pixka bat bagenuen autoraino...
Aterpea eta Besiberri mendiak gibelean...
Bailara zoragarrian beheiti laku aldera...
16:02 : Estany de Besiberri (1987m)
Laku inguruan... Bertan gelditzeko gogoa ematen zuen.
Txoko polit hau agurtu genuen amildedian barneratu aitzinetik.
Eskerrak azken zatia itzaletik egiten den! Ordu horretarako beroa ari zuen!
17:13 : Refugi de Conangles (1555m)
Hala akitu genuen niretako Pirinioetako ezagutu gabeko azken 3000koen sektore honetara egindako ateraldia. Proiektutxo hau gauzatuta, bertzeen bila!
BIDEOA:
Curioso lo del doble significado de la palabra "once", como numeral y como abundancia...
ErantzunEzabatuCuando he leído la aguja norte de Malavesina, he dicho, y eso qué es... ya he indagado un poco, y veo que es un nuevo pseudo tresmil... cuando estuve por esos lares, hablo ya del siglo pasado, (1997) la Punta Celestin Passet (la más dificil) y los Besiberri del Mig eran tresmiles... y ya no he vuelto por allí... entonces dormí en el antiguo refugio metálico de Besiberris, luego lo quitaron y años más tarde pusieron el actual...
Veo que como a mí,(creo que tengo alguno más subido que tú, creo que hace tiempo salté de los 150), pero compartimos que nuestra mayor carencia está en el macizo del Perdiguero y sus infinitas crestas...
Que bueno es eso de ir buscando metas y lograrlas...
Hola David!
ErantzunEzabatuPues con 150 llevas muchísimos mas que yo eh! Yo no se si intentaré subir a todos alguna vez. Tal vez a los principales, porque no creo que jamás vaya a algunas agujas como las de Vignemale, que no son mas que unos pedruscos dentro de unas escombreras. Nunca he sido un coleccionista de tresmiles y de hecho he subido al triple de montes que están por debajo de esa altura. Ahora por lo menos ya conozco los 11 macizos...
Nuestra intención era subir a la Punta Passet y Pico Abellers a parte de los que subimos, pero al sacar la cuerda en la cresta de Malavesina el tiempo voló y había que bajar al coche y después volver a casa, así que se quedarón para otra próxima.