2020/08/30

Dent d'Estibere Male (3017m), Pic Long (3192m), Aiguille de Badet (3135m), Badet (3160m), Maou (3074m)

EGUNA: 2020/08/25-26

ABIAPUNTUA: Vallee de la Glere (1676m)

ZAILTASUNA:
Ertaina (PD+). Honako puntu hauek nabarmenduko nituzke zailtasunaren aldetik:
  • Pic Longeko mendebaldeko ertza: Teknikoki ez da zaila, II. graduko eskaladatxoak ditu. Baina puntu batzuetan erorketa handia du bide aldeetara.
  • Pic Long - Badet gandorra: Zati honetan zailasunaren aldetik Aiguille de Badet eta Fause Aiguille orratzen arteko zatia aipatu behar da. Bi aukera daude: Fause Aiguille inguratzea zeharkaldi arriskutsu samarra eginez edo zuzenean igotzea III. graduko tximinia batetik.
DENBORAK:
  • Vallee de la Glere - Refuge Packe : 3 ordu eta erdi
  • Refuge Packe - Pic Long : 4 ordu
  • Pic Long - Maou : 2 ordu
  • Maou - Refuge Packe : 4 ordu
  • Refuge Packe - Vallee de la Glere : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik Gaveseko bailaran barneratuko gara Luz Saint Sauveur herri ezaguneraino. Hemendik Tourmalet mendateko errepidea hartuko dugu eta Bareges herria pasata, Tournaboupeko aprkalekura iritsi baino pixka bat lehenago, eskuinetara ateratzen den errepidetxo bat hartuko dugu Plateau de Lienz aldera. Lienzera ailegatzean, ostatu baten ondotik abiatzen den pista hartuko dugu. Pista honetatik Glereko bailaran barneratuko gara, 1676 metro inguran autoa utzi arte. Berez berriki jarritako seinale batek bailararen sakoneraino joatea debekatu egiten du, autoa haranaren sarreran uztera behartuz.

KRONIKA:
Basatia. Hori izanen litzateke ateraldi hau hitz batean deskribatu behar erabiliko nukeen izenondorik aproposena. Izan ere, Packe aterpe ikusgarritik Rabieteko laku aldera jaitsi eta Pic Longeko ipar aurpegi ilunaren azpian hedatzen den bailara zinez basa da. Bertaraino ailegatzeko ibilbide luzea egin behar da edonondik abiatuta ere, eta bakardadea bilatzen duenak ez du arazorik izanen inguru honetan. Udan bertze 3000 metrotik goitiko mendi batzuetan izaten diren masifikazioetatik urrun, Pic Longeko ertz zorrotz eta ederretan lasaitasuna ziurtatuta dugu. A zer mendi puska!

2020/08/25
13:59 : Vallee de la Glere (1676m)
Hirugarren aldia bailara honetan eta aitzineko aldian ez bezala, pasatzea debekatzen duen seinale bat ikusi genuen beheitiago. Kasurik ez genion egin eta azken aldian autoa utzi genuen leku bereraino segitu genuen. Hortik hasi genuen ibilaldia.



Eguna bero zegoen eta lehen zatiko malda laster izerdiarazi gintuen.


Erritmo bizian igo genuen lehen zatia eta laster bistaratu genituen Neouvielle inguruak.


Glereko laku bazterrean egun-pasa joandako mendizale eta turista nahikotxo ikusi genuen. Baita kanpin dena batzuk ere. Leku ederra da eguna pasatzeko.


14:43 : Refuge de la Glere (2153m)
Bertze malda batek Glereko aterpean utziko gintuen. Oroitzapen ederrak ekartzen dizkit leku honek, bertan gaua pasatuta egin bainuen nire lehen eski ateraldia duela 10 urte.


Glereko atarian etxetik eramandako ogitartekoak jateko geldialditxoa egin genuen. 20 bat minutuko gelñdialdiaren ondotik aterpea gibelean utzi eta aitzinera...


Elurrik gabe paraje hauek ikustekoa nintzen, bertan egondako bi aldietan eskiekin izan baitzen. Eta zinez ederra da ingurua uda partean ere...


Glereko aterpea eta lakua...


Gleretik goiti bizkar batetik goiti segitzen da eta bertatik lehen aldiz bistaratu genuen eskuinetara ikusten den Rabieteko lepoa. Bertan dago kokatua Packe aterpea. Bizkarretik metro batzuk eginda eskuin biratu eta bailaratxora metro batzuk galduta ekinen genion azken igoerari.


Seinale honek adierazten du hartu beharreko bidea.


Erran bezala metro batzuk galdu behar dira azken igoerari ekin aitzinetik.


Bidexka erosotik egiten da Bolouko bailarako igoera.


Neguan ez bezala bailararen eskuineko aldetik, Mont Arrouyko magaletik, igotzen da bidea.


Leku ikusgarria eta lasaia da.


Bat-batean biharamunean igoko genuen Pic Long mendia ikusgarria agertu zitzaigun begien aitzinean.


Maldatxo bat jaitsi eta laster ginen aterpean. Irudian ikusten den bezala paradisuan kokatua dago Packe.


16:29 : Refuge Packe (2509m)
Gleretik ordu eta erdiz egin genuen Packerainokoa.


Eta leku zoragarri honetan pasatu genituen arratsaldeko orduak afaldu arte.


Rabieteko lakua eta etxola gure oinetan genituela. Etxola hau ere aukera ona da gaua pasatzeko aterpea beteta baldin badago.


8 lagunendako lekua du Packek, koltxoi eta mantekin. Horrez gain, mahai eta aulkiak, tximinia, zerra, egurra, pala eta larrialdietarako janaria eskaintzen ditu.


Duen kokapenagatik Pirinioetan bisitatu dudan aterperik politenetarikoa da, politena ez bada.


Afalondoan ilunabar ederrak ikusten dira aterpetik. Lepo batean kokatua egonda ikuspegi bikaina du. Irudian Pic Long et Crabounouse inguruak.


Lepoaren bertze aldean Pourteteko lakua dago. Bertan hartu behar izaten da edateko ura, aterpean berean ez baitago.


Ilunabarraz gozatzen...


Taillon eta Gabietous mendiak... Duela urtebete izan ginen han.


2020/08/26
6:45 : Refuge Packe (2509m)
Sei lagunek pasatu genuen gaua aterpean eta beraz ez genuen leku aldetik arazorik izan. Seietarako jarri genuen iratzargailua eta gosaldu ondotik lehen argi printzekin ekin genion bideari.


Pic Longen itzala parean genuela Rabieteko laku aldera jaitsi ginen.


Ia 300 metro galduta lakua eta etxola eskuinetara utzi eta bailara basatian barneratu ginen.


7:12 : Lac de Couyela det Mey (2272m)
Laku honetara ailegatu ginen segidan eta bailara utzi eta eskuinetara, hegoaldeko norabidean, biratu ginen. Ibilbide zirkularra laku honetan berean hetsiko genuen ordu batzuk geroago.


Belarditxo hau zeharkatu eta harri-mukuruei segituz argazkiaren ezkerreko aldetik igotzen segitu genuen. Tourrateko lakura ailegatzeko bide motzena hori da, bailararen sakonetik ere ailegatzen ahal bada ere.


Harri-mukuruak tarteka galduta ere Pic Long eta bere azpian antzematen ahal den Tourrat lakuko sakonunean erreferntzia bezala hartuta egin genuen aitzinera. Paraje hauetan ez dago bidexkarik...


8:11 : Lac Tourrat (2621m)
Hala ailegatu ginen txoko basati honetara. Hemendik lakua gure ezkerretara utzi eta Pic Long mendiaren eskuinetara ikusten den Estibere Male mendi aldera igoko ginen, mendi horren eskuineko aldetik.


Hobekien ikusten genuen lekutik gainditu genituen lakuaren ondorengo maldak. Hala Bugarret eta Estibere Male mendien arteko sakonunera atera ginen.


Bailaratxo honetatik Estibere Male aldera jo genuen.


Perez pare genuen eguneko lehen tontorra. Irudian ikusten den magaletik igoko ginen zuzen.


Azken metroetan tximinia erraz bat gainditu behar da.


9:07 : Dent d'Estibere Male (3017m)
Gutxi egon ginen lehen gailur honetan. Oraindik ere bide luzea genuen aitzinetik...


9:23 : Breche d'Estibere Male (2983m)
Gailurra utzi eta lepotxo honetara jaitsi ginen. Hortik goiti ekinen genion eguneko gailur nagusienaren mendebaldeko ertzari.


Zabala da ertza hasieran eta hego isurialdetik igotzen da bidea harri-mukuruei segika.


Ertzera ateratzen da geroago, baina oraindik nahiko zabala da parte horretan.


Baina poliki-poliki estutzen joaten da eta erorketa ere handitzen bi aldeetara.


Zati estu eta arriskutsuak pasatzen dira. Ez dira teknikoki zailegiak baina kasu eman beharrekoak...


Gendarmetxo honetan uzten da mendebaldeko ertza eta hegoaldeko aurpegian sartzen da bidea azken tximinia igotzeko.


Azken tximinia erraza da eta helduleku onak ditu.


Tximiniaren azken metroak...


10:09 : Pic Long (3192m)
Hala ailegatu ginen aspalditik agendan nuen gailur honetara. Pirinioetako 3000 metrotik goitiko mendiz osatutako hamaika mendiguneetako punten artean igoera konplikatuena duena da eta horregatik ez da jende aunitz ibiltzen bertan.



Gailurraren iparraldean zeharkatutako bailara basatia Tourrat lakuarekin. Bailararen sakonetik igo ordez ezkerreko lakutxoetatik pasatuz ailegatu ginen Tourratera.


Hegoaldean berriz Campbiel eta Badet mendiak nabarmentzen ziren. Badet aldera zeharkatu beharreko gandorra da punturik teknikoena.


Bertara joateko tximiniati jaitsi ginen...


...eta hegoaldeko norabidea hartu genuen gandor aldera.


10:27 : Hourquette du Pic Long (3099m)
Bere garaian bide normala pasatzen zen lepoa utzi eta gandorrari ekin genion. Irudian lehenengoa ikusten den orratza zen hurrengo helmuga: Aiguille de Badet.


Pic Long handia gibelean utzi genuen...


10:34 : Aiguille de Badet (3135m)
Harri-mukuruei segituz orratza iparraldetik inguratu eta segidan gailur estua harrapatu genuen. Lekurik ez eta gailurrean ez genuen argazkirik egin. Hemendik aitzinekoa zen irakurri genuenaren arabera kezka gehien sortzen zingun pasabidea. Argazkian ikusten den Fause Aiguille orratza arras delikatua omen den pasabide batetik inguratzen da harri-mukurei segituz gero. Bigarren aukera zuzenean mendizalea pertsona bat ageri den puntura tximinia hori igotzea da. Guk aukera hau hartu genuen, nahiz eta bertze aukera ere ez zitzaidan zailegia iruditu.


Tximinia bertikala da eta azken partean III. graduko pausu bat dut.


Tximinia gaindituta Pic Long eta Aiguille de Badeterako ikuspegiaz gozatu ahal izan genuen.


Hurrengo helburua Badet mendia zen, baina jadanik zailtasunik handienak gibelean utzita genituen.


Hala ere, azken ertz zatia estua da eta kasu eman behar da.


Badetera ailegatzen Pic Long gibelean genuela.


11:04 : Pic Badet (3160m)
Aterpetik atera eta lau ordu pasatxoan eguneko azken aitzineko gailurrean ginen. Zailtasun handienak gaindituta tartetxo hartu genuen zerbait jateko.


Gailurreko argazkia...


Monte Perdido inguruak tontorretik...


...baita Vignemale ere. Eskuinerago berriz Balaitous bere glaziarrarekin.


Ordu erdiko geldialdiaren ondotik aitzinera segitu genuen. Oraindik gailur bat falta zitzaigun, irudian gandorraren akabailan ageri den Maou.


Badet ikusgarria gibelean utzi genuen. Mendi ederra hau ere...


Eta gandor errazetik Maou aldera.


Azken zatian estutzen da baina ezkerreko aldetik erraz igoko ginen.


11:47 : Maou (3074m)
Hala ailegatu ginen gandorraren bukaerara. Irudian, Campbiel mendia eta Gourg de Cap de Long lakua.


Maoutik lehentxeago zapaldutako Badet eta Pic Long.


Gailurra zuzenean ekialdeko malda jaitsita utzi genuen, harrikara amaigabetik.


Lehen zatian Cap de Long urtegi aldera jaitsen den bideari segituko genion.


Baina 2800 metro inguruan bide hau utzi eta Cap de Longeko ertzaren azpitik zeharkaldi luzea eginen genuen Tourrateko leporaino. Aitzinetik zeharkatutako gandorrari begirada bat bota genion egin izanak ematen duen pozarekin. Ezkerretik eskuinera ikusten dira Badet, Aiguille de Badeteko orratz txikia eta Pic Long. Antzina aurpegi honetatik igotzen zen gailurrera, Pays Bache glaziarretik, baina glaziar honen urtzearen ondorioz tximinia luzea gainditu behar da IV. graduko pausuekin.


Tourrateko leporaino egin beharreko zeharkaldian ez dago ez bidexkarik, ez harri-mukururik eta intuizioz egin genuen aitzinera harrizko blokeen artetik.


13:09 : Col Tourrat (2604m)
Zati deserosotik ibili ondotik lepoa bistaratu genuen. Hortik itzuliko ginen Bugarreteko bailarara.


Lepoa zeharkatuta berriz ere Pic Longene ipar aurpegi ederra bistaratu genuen.


Zailtasunak ez ziren akitu ordea eta Bugarreteko lakuetara egin genuen jaitsiera ere deserosoa izan zen eskaladatxo eta harri bloke handien tartetik.


Behin bailara politean barneratuta azkenean lasai ibili ahal izan ginen belarra zapalduz.


Leku zoragarria eta bakartia... Gaua pasatzeko txoko politak ditu.


13:51 : Lac de Bugarret (2287m)
Bugarreteko lakua ezkerretik inguratu genuen...


13:59 : Lac de Couyela det Mey (2272m)
...baita Couyela det Meykoa ere. Laku hau inguratu ondotik hetsi genuen ibilbide zirkularra eta goizean jaitsita malda igotzeari ekin genion aterpe aldera.


Igo beharreko malda begibistan genuen, lepoa eta aterpearekin batera. Ordu horretako beroarekin eta jadanik gainean generaman nekearekin gogorra egin zitzaigun.


Rabieteko laku eta etxola ezkerretara utzi genituen...


14:39 : Refuge Packe (2509m)
8 orduren buruan berriz ere aterpean ginen, nekatu samar eta ahulduta gosaritik banana bana bertzerik ez baikenuen jan. Bertan gauzak bildu eta bazkaltzeko probestu genuen.


Eta geldialdiaren ondotik beheiti... Oraindik ere bide luzea genuen zain autoraino.


Leku liluragarri hau pena pixka batekin utzi genuen. Gustura pasatuko genuen bertan bigarren gau bat baina itzuli beharra genuen. Ea noiz bueltatzen naizen Pirinioetako paraje berezi honetara, ezagutzen ditudanetatik politenetarikoa dudarik gabe.


Non dago Wally?


Berriz ere Glere begibistan... Bero ederra egiten zuen ordu horretan.


16:27 : Refuge de la Glere (2153m)
Glerera bueltan ura hartu eta atsedenalditxoa hartu genuen itzaletan.


17:03 : Vallee de la Glere (1676m)
Azken zatia luze egin zitzaigun, 10 ordutik goiti baikeneramatzan. Ibilaldi bikain hau ospatzeko Luz-Saint-Sauveurrera jaitsiko ginen krepe eta garagardo bana hartzera. 


BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Vaya rutón! El refugio de Packes es un sitio lleno de encanto, lo malo que queda un tanto a desmano de todo... y vuestra vuelta, uf, desde el Maou tener que volver al parking de la Glere, me canso solo de pensarlo...
    Esa arista es entretenida, recuerdo que la roca al final no es tan mala como parece, pero es de las que no te deja bajar la atención... exigente en todo momento, el pic Long es un pedazo de PICO!!
    Bravo! Que fuertes estáis!!

    ErantzunEzabatu
  2. Hola David!

    Seguramente si estuviera mas a mano no tendría tanto encanto. Al final nos salió un rutón, si! Refugio encantador, un valle salvaje y solitario, un montañon con aristas bonitas... No se puede pedir mas!

    ErantzunEzabatu