2020/08/22

Sass de Putia (2875m), Sass Rigais (3025m)

EGUNA: 2020/08/07-08

ABIAPUNTUA: Zannes (1680m)

ZAITASUNA:
Nahiko erraza (PD-). Bi eguneko ibilbide honen zailtasunik handienak bi gailurretara igotzeko pasatu behar diren ferrata bideetan daude. Sass de Putiarakoa arras erraza da eta ekipamendurik gabe ere aise egiten ahal da. Sass Rigaisekoa zailxeagoa da, baina erraza. 

DENBORAK:
  • Zannes - Rifugio Genova : Ordu eta erdi
  • Rifugio Genova - Sass de Putia : Ordu eta erdi
  • Sass de Putia - Rifugio Genova : Ordubete
  • Rifugio Genova - Sass Rigais : 5 ordu
  • Sass Rigais - Zannes : 3 ordu
KRONIKA:
Dolomitetako egonaldia akitzeko iparraldean kokatua dagoen Funeseko bailarara hurbildu ginen. Inguru honetan dago Odle mendigunea eta itxura ederra hartuta zonaldean bi eguneko zeharkalditxoa prestatu genuen Genova aterpean gaua pasatuta. 


2020/08/07
8:24 : Zannes (1680m)
Funeseko bailarara sartu bezala ohartu ginen aitzinekoetatik desberdintzen zuen zerbait bazuela inguru honek. Hasteko teleferiko eta gisakorik ez genuen ikusten inguruan eta belardietan abere gehiago ageri ziren. Gaua aparkalekuan pasatuta, presa handirik gabe abiatu ginen Zanser Alm baserri-aterpe-jatetxearen ondotik pasatuz.



Bide zabal eta errazetik eginen genituen lehen metroak...


Tarteka zuhaitz artetik Odle mendigune ikusgarriko mendiak agertzen zitzaizkigun. Biharamunean horien gainetik ibiliko ginen.


Behin eta berriz begirada Odle mendilerrora...


Beheitiko aldeko pinudiak gibelean utzi eta larre berde politetatik segitu genuen aitzin.


Gampenalm baserri-jatetxearen ondotik pasatzean pista zabala utzi eta bidexka hartu genuen aterpe aldera.


Bidexka sigi-sagatsuan goiti laster irabazi genituen metroak.


Leku ederrean goiti...


Aterpea begibistan...


9:46 : Schlüterhütte / Rifugio Genova (2297m)
Uste baino lasterrago ailegatu ginen gaua pasatuko genuen aterpera.


Lo-zakuak eta behar ez genituen gauzak bertan utzi eta aitzinera segitu genuen. Eguneko helburua Sass de Putia mendia igotzea zen.


10:04 : Kreuzkofeljoch / Passo Poma (2340m)
Aterpetik segidan lepo honetara ailegatu eta ezkerretara biratuko ginen.


Parean genuen Putia mendia, laino artean erdi gordeta.


Larre ederren artetik zeharkaldi luzea egin genuen Putiako leporaino.


Paraje zoragarriak! Aitzineko egunetan ez bezala inguru honetan azienda aunitz ikusi genuen.


10:31 : Forcella de Putia / Peitlerscharte (2357m)
Eguneko azken lepora ailegatzean bat-batean jende mordoarekin egin genuen topo. Passo delle Erbetik datorren bidea hemen elkartzen da gure bidearekin eta jende aunitz igotzen da Putia aldera.


Ordura arte igo ez genuen guzia igoko genuen hemendik goiti, distantzia laburrean 500 bat metro igotzen baitira.


Poliki-poliki belarrak harkaitzari emanen zio paso.


Eguzkia agertzen eta desagertzen ari hodei artean, baina oro har egun ederra genuen.


Azken zatiaren azpira ailegatu ginen horrela. Irudian ageri den ezproitxotik doa bidea eta beharrezkoa ez bada ere kableak daude pasabide "zailenetan".


Igoera erraza da hala ere...


Erran bezala nire ustez kableak ez dira beharrezkoak, bideak ez baitu erorketa handirik aldeetara.


Burdin-bide zatitxo motza akituta azken metroak hartsu batetik egiten dira.


11:33 : Sass de Putia / Peitlerkofel (2875m)
Eguzki izpiek lagunduta ailegatu ginen gailurrera eta tarte batean lasai egoteko aukera izan genuen.


Inguruaz gozatzen...


Egonaldiaren ondotik beheitirakoari ekin genion mantso-mantso...


Ferrata bidea zeharkatuta materiala motxilan sartu eta oinez ttipi-ttapa...


Ez genuen presa handirik aterpera ailegatzeko...


12:45 : Forcella de Putia / Peitlerscharte (2357m)
Berriz Putiako lepora bueltan... Jende aunitzekin segitzen zuen...


Hortik aitzin berriz lasaitasuna...


Azken begirada Putia mendiari aterpera itzuli baino lehen.


13:18 : Schlüterhütte / Rifugio Genova (2297m)
Goiz ailegatu ginen aterpera. Inguruko belardietan bazkaldu eta erreserba baieztatuta hiruko logelatxo bat eman ziguten. Kuluxka egiteko probestu genuen arratsaldea...


Hotela da aterpea baino gehiago. Erran bezala gela txikiak izateaz gain, afarirako karta atera ziguten. Turista aunitz hurbiltzen da bertara egun pasa eta nabaritzen da.


Afaldu ondotik lo egitera...


2020/08/08
7:59 : Schlüterhütte / Rifugio Genova (2297m)
Afaria bezala, gosaria ere primerakoa izan zen. Gauza aunitz hautatzeko eta ausarki... Gosaldu ondotik berriz ere Pomako lepo aldera igoz hasi genuen eguna.


Lepotik eskuinetara biratuko ginen ordea, bezperako kontrako norabidean.


Lehen bizkar bat zeharkatuta Furciako lepo aldera jaitsi ginen.


Jaitsiera horretan Medalges Alm deitzen den baserri-jatetxe-aterpearekin liluratuta gelditu ginen. Gaua pasatzeko aukera dago ikuiluaren gaineko belartegi egokituan eta pena izan genuen bezperan bertaraino hurbildu ez izana.


Hurrengorako...


8:37 : Kreuzjoch / Forcella de Furcia (2293m)
Baserritik metro gutxira akitzen da lehen jaitsiera hau, lepo honen inguruan.



...eta berriz goiti, eguneko bigarren igoeraren bila...


Poliki-poliki Odle mendigunean barneratzen ari ginen eta paisaia gero eta ederragoa zen.


Bidegurutze honetan ezkerretara Roa leporako bidea utzi eta 13 bidea hartu genuen Mont dal'Ega leporaino.


Orratz ikusgarrien azpitik ibilki ginen... Zer politak diren Dolomitak!


9:44 : Forcella Mont Dal'Ega / Wasserscharte (2642m)
Azken metroetan malda dago eta harri-laxoak igoera zailtzen du.



Lepoaren bertze aldera jaitsie eta bidez nahasita Mont Dal Egako bailara hartu genuen. Pixka bat igota ohartu ginen gaizki gindozela eta buelta hartu behar izan genuen.


10:44 : Plan Ciautier (2263m)
Berriz bide onera bueltan, 13 bidetik inguru honetaraino jaitsiko ginen. Azken igoera genuen zain Sass Rigais mendiraino, 800 metro ingurukoa.


Bidea Salierieseko bailara ikusgarritik pasatzen da.


Gibelean jadanik Odleko gailurrak ikusten hasi ginen puntu honetan. Irudian Furcheta mendia.


Erritmo onean igo ginen bailaran goiti...


Lepo honetan geldialdia egin genuen materiala jartzeko. Hortik aitzin eskaladatxo errazei egin beharko genien aurre lehendabizi eta ferrata bati gero, mendia ekialdeko aurpegitik igotzeko.


Lepoa utzi eta igoerari ekin genion.


Lehen trepada errazak egiten...


Puntu honetatik goiti ferrata-bidea hasten da. Oro har, erraza da eta ez da luzeegia. Civettako bidea egin eta gero denak motzak iruditzen zitzaizkigun.


Larunbata izanik jende dezente ari zen mendia igotzen eta ferratan pilaketa batzuk izan genituen.


Furcheta mendia gibelean, Sass Rigaisekin batera mendiguneko tontorrik altuena da.


Tximinia polit hau igota akitzen zen kablearekin ekipatutako bidea.


Hortik aitzin gailurrera oinez, tarteka eskuak erabili beharreko eskaladatxo errazak eginez.


Azken metroak...


12:35 : Sass Rigais (3025m)
Hala ailegatu ginen gailurrera, aterpetik abiatu eta lau ordu eta erdi ingurura.


Furcheta eta Sass de Putia gailurretik... Bezperan han ibili ginen. Genova aterpea ere ageri da belardi berdeen erdigunean.


Gure oinetan berriz Odleko aterpea kokatua dagoen zelaitxoa. Hara zuzenduko ginen segidan.


Jaitsiera hego-aurpegitik eginen genuen eta norabide hartan utzi genuen gailur jendetsua.


Mendiaren hegoaldetik Val Gardena aldera ikuspegi bikaina dago.


Gailurra gibelea uzten...


Ertz errazetik hasi genuen jaitsiera eta gero poliki-poliki hego aurpegia jaitsiko genuen. Zatirik bertikalenetan kableak daude aseguratzeko.


Puntu gorriei segika paraje malkartsuan...


Hortik jaitsi ginen. Ikusten den bezala malkartsua da, baina ez da zailegia eta kable zati aunitz dago laguntzeko. Hori bai, jende aunitz ibiltzen delako harriak arras leunduta daude puntu batzuetan.


Hegoaldeko bidea utzi eta Mesdiko lepora doan bidea hartu genuen.


Bide honetan ere zati batzuetan kableak daude.


Eta bertze zatiak oinez egiten dira.


13:43 : Mittagsscharte / Forcella de Mesdi (2597m)
Luze egin zitzaigun Odle mendilerroaren erdiko lepo honetara ailegatzea.


Bertan materiala bildu eta jaitsiera zuzena eginen genuen Funes aldera.


Jaitsiera bertikalaren ondotik, igoeratxo labur batek Casnago baserri-jatetxea eta Odle aterpea kokatua dauden zelaitxo honetan utzi gintuen. 


Puntu honetatik Odle mendilerroaren ikuspegia liluragarria da. Ezkerretik hasita bigarrena da Sass Rigais eta erdian ikusten den lepoa Forcella de Mesdi. Handik heldu ginen...


Leku ederrean dago Casnago edo Gschnagenhardt Aml baserria eta jendetza zebilen inguruan.


14:46 : Geislerhütte / Rifugio Odle (1996m)
Guk odle aterpean bazkaldu eta postre ederra jan ondotik atsedenaldi luzea egin genuen. Merezitakoa...


Eguna akitzeko 36 bidea hartuko genuen autoraino. Bidean Galtschalm baserri-jatetxe ederretik pasatuko ginen...


17:20 : Zannes (1680m)
Nekatuta baina kontent ailegatu ginen autora egun luze eta ederraren ondotik. Leku zoragarriak daude Funes inguruan! Ibilaldi honekin akitu genituen Dolomitetako ateraldiak eta poliki-poliki etxerako bidea hartuko genuen, baina bidean mendi gehiago igoz.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina