2020/08/17

Monte Paterno / Paternkofel (2744m)

EGUNA: 2020/08/02

ABIAPUNTUA: Rifugio Auronzo (2320m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (PD-). Tre Cime di Lavaredoren itzuliak ez du inolako zailtasunik. Monte Paternora igotzeko aldiz Innerkofler ferrata bidea gainditu behar da. Erraza da eta zatirik bertikalenak 30 bat metro bertzerik ez ditu.

DENBORAK:
  • Rif. Auronzo - Col de Medo - Rif. Locatelli - Forc. Lavaredo : 2 ordu eta erdi
  • Forc. Lavaredo - Monte Paterno : Ordu eta erdi
  • Monte Paterno - Rif. Auronzo : Bi ordu
KRONIKA:
Lehen ibilaldian Dolomitetako gailurrik altuena den Marmolada ezaguna igota, bigarrenerako zonaldeko bertze ikono bat bisitatzera jo genuen. Dolomitetako argazki bat ikusten dugularik, aunitzetan Tre Cime di Lavaredo mendigunekoa izaten da berau. Hori horrela, zonalderik jendetsuenetarikoa dugu Lavaredokoa eta zaila izaten da lasaitasuna aurkitzea. Goizean goiz partitzen ez bazara behintzat...

5:44 : Rifugio Auronzo (2320m)
Gaua aterpe inguruan furgoneta eta autokarabanendako erreserbatuta dagoen aparkalekuan pasatu genuen eta goizeko 5etarako jarri genuen iratzargailua. Alde batetik, 11ak ingurutik aitzin eguraldiak kaskartzera jotzekoa zuelako eta bertzetik, ordu horretan turista aunitzik ez genuelako harrapatuko.


Gosaria motxilan sartu eta arimarik ikusten ez zen aparkalekua isiltasunean utzi genuen. Jendea ez, baina behiak erne zeuden jadanik...


Protagonista nagusia Tre Cime bera bada ere, ingurua ikusgarria da zonalde honetan eta denetan ikusgarriena nire ustez Cadini di Misurinako mendigunea. Ikaragarri polita iruditu zitzaidan.


Bidexka eztian inguruaz gozatzen egin genituen lehen metroak, behin eta berriz argazkiak egiteko geldituz.


5:59 : Forcella de l'Col de Medo (2315m)
Ia metrorik irabazi gabe, ordu laurdeneko ibilaldi lasaia eta gero eguneko lehen lepoan ginen. Bertze aldera ere ikuskizunak bikaina izaten segitzen zuen bertzeak bertze Torre dei Scarperiko mendiarekin.


Metroak galtzen hasi ginen poliki-poliki goizeko ordu horiek oparitzen ziguten bakardadean.


Ikuskizuna primerakoa...


Urrunean Locatelli aterpea ikusten hasi ginen, ezkerretara Toblin eta eskuinetara Monte Paterno mendiak zituela. 


Baina inguruko protagonistak arestian erran bezala hauek ziren...


Bidean jatetxe polit honen ondotik pasatu ginen. Harrigarria da Dolomitetan mendian dagoen jatetxe eta aterpe kopurua...


Lavaredoko mendi puskak...


105 bidearen marka zuri-gorriei segika Locatelli aterperantz egin genuen. Han eginen genuen eguneko egonaldi luzeena, gosaldu bitartean.


Jaitsiera motz batek zelaitxo honetan utzi gintuen.


Monte Cristallo mendia hasi zen agertzen mendebaldean. Bertze mendi puska bat hau ere...


Zelaitxotik goiti malda bat igoz aterpe aldera segitu genuen...


Baina lau pausu eginda paraje zoragarri hauek argazkian hartzeko geldialdia egin behar. Ez genuen presarik...


Eguneko lehen eguzki izpiek Cristalloko paretak argiztatzen zituztenerako bide puska ederra egina genuen. Goiz ernatzearen saria...


7:18 : Rifugio Locatelli / Drei Zinnen Hütte (2404m)
Aterpean goizeko mugimendua hasi berria zen gu ailegatu ginenerako.


Leku ederrean kokatua dago, Forcella di Toblin lepoan, eta Pianiko lakuetatik hurbil.


Kanpoko mahaietan eraman genuen gosaria jan eta hoztu baino lehen martxan jarri ginen. Irudian, neguko aterpea eta Monte Paterno edo Paternkofel mendia.


Aterpea eta Toblin dorrea gibelean utzi eta Paterno mendiaren azpitik pasatzen den bidexkatik abiatu ginen.


Ikusgarria da Monte Paternoren aurpegi hau...


Oraindik ez nekien tarte bat geroago bere kaskoan egonen nintzela.


Bidexkaren ondoan zegoen Lehen Mundu Gerrako gordeleku bat ikustera sartu ginen. Dolomitetan eman ziren gerra horretako gatazka aunitz eta horren seinaleak nonahi aurkitzen ahal dira. Gorriak ikusiko zituzten hor neguan ibiltzen ziren soldaduek!


Gordelekua utzi eta Lavaredoko leporantz segitu genuen.


Locatelli aterpetik pixkanaka urrunduz...


8:31 : Forcella Lavaredo / Paternsattel (2454m)
Zortzi eta erdietarako berez Lavaredoko itzulia burutzeko zeharkatu behar den azken lepoan ginen. Berez hortik autora itzuli eta gure ibilaldia 9ak inguruan akituko genuen. Baina momentu horretan gure ezkerretara bertze gotorleku bat ikusi eta hura bisitatzera igo ginen...


Bertara hurbildu eta sorpresa ederra eraman genuen tunel bat eskuko telefonoaren argiaren laguntzaz eta bideak segitzen zuela ikustean.


Lehen Mundu Gerra garaian paretan zizelkatutako bidea da, terraza baten gisara pareta aldez alde zeharkatzen duena.


Oinez egiten da zailtasunik gabe eta zatirik estuenetan kablea du hartu ahal izateko.


Aitzinera segitu genuen, bide horrek nora eramanen gintuen sobera ongi jakin gabe.


Irudiko lepotxoan akitzen da lehen zati hau.


Bertze tuneltxo hau zeharkatuta ailegatu ginen bertara.


Lepotxoaren bertze aldean paisaia ikusgarria agertu zen gure aitzinean eta bideak segitzen zuela ikusi genuen. Monte Paterno mendi aldera igotzen zela pentsatu genuen eta nik bertaraino segitzea erabaki nuen.


Jarraipena ere amildegi gainean zizelkatutako bidexka estutik egiten da. Zoragarria eta zirraragarria da!


Pareta eta amildegien zeharkaldia akitu eta irudian ikusten den lepora eraman ninduten markek. 


9:25 : Forcella del Camoscio / Gamsscharte (2650m)
Arazorik gabe ailegatuko nintzen bertaraino tarteka eskaldatxo errazak eginez (I).


Lepoaren bertze aldean ordu batzuk lehenago egondako Locatelli aterpea ageri zen.


Lepotik gailurrera joateko lehen zatian Innerkofel izeneko ferrata igo behar da eta nik ez nuen materialik. Zorionez han bertan zegoen esloveniar talde batek zinta bat eta mosketoi bat utzi zidan eta harekin egin nuen gailurrerainoko zatia.


Irudian ikusten den Innerkofel ferratatik igotzen den pareta. Ez da zati luzea, 30 bat metro izanen ditu, aina bertikala da eta hobe da materiala eramatea.


Hala abiatu nintzen nire zinta eta mosketoiarekin segurtasun gailutxoa eginda, esloveniarrak gibeletik nituela.


Ferrata bidea gaindituta eskuekin lagundu beharreko eskaladatxo batzuk gainditu behar dira, baina ez du aparteko zailtasunik.


Bertze zati batzutan oinez...


Esloveniarrak gailurrerako bidean... Paraje zoragarrian...


9:41 : Monte Paterno / Paternkofel (2744m)
Hala ailegatu nintzen gailurrera, Lavaredoko hirukoaren begiradapean...


Bezperan Marmoladan ez bezala, bakarrik egon nintzen minutu batzutan Esloveniako taldea ailegatu arte. Garbi dago beti mendirik altuenetara joateko ohitura dugula, baina txikiagoek ere inbidia gutxi diete aunitzetan.


Pianiko lakuak gailurretik...


...baita Locatelliko aterpe ingurua ere.


Cristallo mendi dotorea...


Esloveniarrek gailurreko argazkia egin zidaten eta beheitirako bidea hartu nuen.


Gailur polit hau gibelean utzita...


Ferrata bidetik lepora jaitsi eta hemendik igoeran zeharkatutako paretan iltzatutako bidexkara itzuli nintzen. Argazkian ikusten da diagonalean nola igotzen den bidea paretaren erditik, baita ezkerrago nola segitzen duen ere. Ikusgarria!


Bigarren leporako bidean...


Ikaragarri gustatu zitzaidan mendia eta bertara doan bidea...


Bigarren lepoan... Oraindik ordu batzuk lehenago pasatutako terrazatxoko bidexka zeharkatu behar nuen "zailtasunak" akitzeko.


Bidexka zati honetan ere gozatzen segitu nuen... Gailurrean bakarrik egon izanaren pozarekin eta leku hauetan ibiltzeak sorrarazten didan zoriontasunarekin.


11:02 : Forcella Lavaredo / Paternsattel (2454m)
Lavaredoko lepora bueltan ordura arteko lasaitasuna akitu eta turista artean murgildu nintzen. Auronzoko aterperako "autopistan" beheiti jaistea bertzerik ez zitzaidan gelditzen ibilaldia akitzeko.


Lepotik izen bereko aterpe aldera jaitsi nintzen bidexka zabaletik.


Aitzinetik buelta eman eta igotako mendi eta bideari azkenek begirada bat bota nion, bertan ibili izanak ematen zidan pozarekin.


Eta aterpe aldera jaitsi nintzen. Aunitz gustatu zitzaidan aterpe honen ingurua ere, gibelean Cadiniko mendigunea duela.


Eskuinetara berriz Tre Cime ikusgarria...


Aterpearen bertze irudi bat lainopean gordetzen ari zen Cadini mendiarekin...


11:17 : Rifugio Lavaredo (2344m)
Aterpe inguruan jendetza ibilki zen. Bertarainoko bide errazak turista aunitz erakartzen du eta mota guzietako jendea ikusten ahal da.


Lavaredoko aterpetik Auronzorainoko bidean ere jende franko gurutzatu nuen eta gurutzatzen nituenak begiratzen entretenitu nintzen. Aunitzek hor zer egiten zuten ere ez nuen ulertzen, inguruari begiratu ere ez baitzioten egiten. Eskuko telefonoari begira zihoazen batzuk, pausu aspertuan bertzeak bideaz sobera gozatu gabe, aterpera zerbait hartzeko ailegatzeko gogoz zeudenak ere baziren...


Gibelera azken begiratu bat aterpeari...


Cadini di Misurina jadanik erdi gordeta zegoen tenore horretarako...


Tre Cime ederrak hodei artean gordez agurtu ninduen. Aski ongi ikusia nuen ordurako...


11:36 : Rifugio Auronzo (2320m)
Hamaika eta erdietarako akitua nuen ibilaldi ederra hau. Goiz ibiltzeak ematen duen abantaila... Furgonetara ailegatzen txorizo eta arrautza frijituekin hamaiketako ederra eginez ospatu genuen eguneko ateraldia.


BIDEOA:
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina