2020/08/17

Marmolada (3343m)

EGUNA: 2020/08/01

ABIAPUNTUA: Lago di Fedaia (2098m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (PD). Zailtasunik handienak puntu hauetan daude:
  • Mendebaldeko Ertza: Ferrata bide bat igotzen da Forcella de la Marmoladako lepotik goiti doan ertzean. Oro har, nahiko erraza da eta ez ditu zati bertikal aunitz. Ertz guzia ongi (edo sobera) babestua dago kable, iltze eta zubiekin.
  • Schiena de Mul: Gailurretik beheitirako pausu honetatik pasatzen den bidetik egin genuen. Beheranzko eskaladatxoak egin behar dira tximinia luze batetik beheiti, baina tarte guzian kablearen laguntza dago. Glaziarraren atzerakada dela eta azpiko zatian pausu zailagoren bat egoten ahal da. 
  • Giacciaio della Marmolada: Marmoladako glaziarra ez da sobera bertikala baina denboraldia aitzinera joan ahala pitzadurak egoten ahal dira.
DENBORAK:
  • Igoera (Forcella de la Marmoladatik): 4 ordu
  • Jaitsiera (Schiena de Muletik): 3 ordu
KRONIKA:
10 egunez bizikleta gainean Dolomitetako lepoetan goiti eta beheiti ibili ondotik hauek aparkatu eta botak janzteko momentua ailegatu zen. Eta hastekozer hobe handienetik hastea baino. Lehen mendi egunerako genuen eguraldi iragarpen bikaina ikusita Dolomitetako gailurrik altuena bisitatzea erabaki genuen, gerorako utzi gabe. Altuena izateaz gain, ibilaldi osoena da, ferrata bide klasikoez gain inguru hauetako glaziarrik handiena ere pasatzen delako. Nahitaezko bisita Dolomitetan!

7:00 : Lago di Fedaia (2098m)
Laku gaineko aparkalekuan pasatu genuen gaua eta goizean goiz jeikita goitirakoari ekin genion.


Lehendabiziko zatian 606 bidea segitu genuen, behar bezala markatua. Bide hau Pian dei Fiacconi aterpera igotzen da.


Inguru hauetan ohikoa den bezala aterperaino teleaulki bat ere igotzen da, baina ez du merezi hori hartzea ez baitu zati handia kentzen.


Irudiko lepoan, Col di Bousceko orratzaren azpian, 606 bidea utzi eta eskuinetara biratu ginen harri-mukuruz markatutako bidexkari segika.


Zeharkaldi luzeari eman genion hasiera horrela. Berriz ere 606 bidea hartu eta irudian eskuinetara ageri de Vernel mendi aldera segitu genuen.


Tarteka eskaladatxo errazen bat egin behar bada ere, zati honetan altuera gutxi irabazten du bideak.


Inguru honetatik jadanik ikuspegia nahiko zabala da. Irudian Sassolungo eta Sassopiatto Sella mendatearen gainean.


Eta hemen Sella Groupe mendi multzoa, Piz Boe buru dela.


Poliki-poliki ezproi bat inguratu genuen azpitik Forcella de la Marmoladara igotzeko bidearen bila.


Zerua iragarpenek zioten bezala urdin-urdina! Mendi giro bikaina genuen oinezko lehen egun honetan.


Hala ailegatu ginen Forcella de la Marmoladako lepoaren azpiko glaziar txikira.


Arrasto nabarmena zegoen arren, badaezpada kranpoiak jarri genituen zatitxo hau zeharkatzeko.


Malda ez da tenteegia baina zatiren bat izotza bistan zegoen eta egokiagoa zen kranpoiekin pasatzea. Kranpoirik gabe igotzen ari ziren batzuek lanak izan zituzten izotzezko zatitxoak zeharkatzeko.


Glaziartxoa zeharkatu eta Forcellaren azpian kranpoiak kendu eta arnesak jarri genituen. Hemendik Forcellara eta gailurreraino ferrata bidearen laguntzaz igoko ginen.


Zati batzuetan kableak beharrezkoak izan ez arren, irudikoa bezalako pasarte arriskutsuak ditu bideak. Hobe beraz kablera lotzea...


Forcella de la Marmolada inguruan zeharkaldiak akitu eta ferrata bidea bertikalago jartzen da. Dena den, zati bertikalak ez dira luzeak eta eskailerak daude igotzeko.


Puntu honetara mendebaldetik igotzen den bide bat ailegatzen da. Alternatiba interesgarria, nahiz eta luzeagoa izan.


Metroak irabazi ahal Vernel mendia parean ikusten hasi ginen.


Mantso-mantso goiti...


Zati bertikalagoetan jende pilaketak izan genituen. Larunbata eta abuztua izaki, normala mendi honetan jende aunitz harrapatzea.


Altuera hartu ahala pixka bat lehenago pasatutako glaziarra arras behetian gelditzen zen.


Plaka luzeago bat...


Paretaren zatirik bertikalenak gaindituta mendebaldeko ertzera atera ginen. Hemen bideak bertikaltasuna galtzen du, baina kableak badaude hala ere.


Ertz erraza igotzea bertzerik ez zitzaigun falta gailurrera ailegatzeko.


Zati bertikalago batzuk ditu ertzak tarteka, baina erraza da eta gehiena kableak ukitu gabe egiten ahal da.


Azken zatia gehiago zabaltzen da eta hor akitzen da ferrata bidea.


Hortik goiti, azken 100 metroak, oinez ttipi-ttapa zailtasunik gabeko bidetik.


Gailurretik metro eskas batzuetara Capanna Punta Penia izeneko aterpea dago, zaindari eta guzi udan. Ikusten da jende aunitz hurbiltzen den lekua dela eta bere gauza izanen du bertan gaua pasatzeak ere.


10:53 : Marmolada / Punta Penia (3343m)
Aterpean geldialditxo bat egin ondotik gailurrerako azken metroak egin genituen. Aurreikusi bezala autotik atera eta lau ordu eskasean Dolomitetako tontorrean ginen.


Fedaia lakua eta jaitsieran zeharkatuko genuen glaziarra gure oinetan genituen. Argazkiaren ezkerretara berriz Schiena de Mul bizkarra ageri da. Bertatik jaisten da glaziarrera bidean zeharkatuko genuen tximinia.


Ekialdean mendigune honetako bertze 3000ko bat: Punta Rocca. Zoritxarrez bertaraino teleferiko bat igotzen da.


Gailurreko egonalditxoaren ondotik beheiti abiatu ginen mendiaren ipar aurpegi elurtutik.


Elur malda ez da tentea eta gainera ordu horretarako elurra ederki bigunduta aurkitu genuen.


Marmoladako glaziarra begibistan... Eskuinetara gailurra ageri da, bere gurutze eta guzi.


Schiena de Mul bizkarretik jaisten den tximinia babesteko ere kable zatiak daude. Tximinia nahiko bertikala da, baina ez da zaila. 


Tximinia bera azpitik ikusita...


Mantso-mantso tximiniaren beheitiko aldera jaitsi ginen. Azken zatian glaziarraren atzerakada dela eta eskalada zati bat agerian gelditu da eta kableak bertaraino ailegatzen ez denez rapel bat egin behar izan genuen. Puntu honetan mendizale aunitz pilatu zen eta harri-jauziren txiki bat edo bertze ere eragin zituen jendeak.


Behin glaziarrean, kranpoiak jantzi, soka lotu eta puntu hartatik ahal bezain fite urrundu ginen. Glaziarra ez da zaila, baina udak aitzinera egin ahala arrakala batzuk agertzen dira eta kasu eman behar da.


Jaitsi ahala gibelera begiratu eta tximiniaren azpiko zatian kaosa handitzen ari zela ikusi genuen. Gu zorionez handik urrunduak ginen ordurako...


Glaziarreko azken malda tenteago bat jaitsi genuen elurrez justu samar zegoena. Abuztu hondarrerako zati hori izotz bizian egonen da eta hortik jaistea bertze afera bat izanen da.


Glaziarretik atera eta materiala kentzeko egonaldi lasaia egin genuen pasatu genuen zatia behin eta berriz begiratuz.


Handik beheitiraino paseotxo bat bertzerik ez zitzaigun falta. Hasmentan glaziarraren atzerakadak agerian utzi dituen harkaitz plaka zabalen gainetik...


...eta azken zatian eski pistetatik.


14:07 : Lago di Fedaia (2098m)
Zazpi orduko mendi bueltaren ondotik berriz ere lakuan ginen garagardo banarekin igoera eder hau ospatzeko prest.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina