Duela bi urte Pirinioetako mendateen zeharkaldia egin eta gero aspalditik buruan nuen proiektutxo bat gauzatu nuen. Betiko asmoa zen bi itsasoak lotuz Pirinio maiteetako mendate politak igo eta jaistea. Hartaz gain aunitzetan gomendatu izan dizkidate Italiako Dolomitetako mendateak eta noizbait hara ere joateko asmoa banuen, baina ez nuen uste hain laster izanen zenik. Uda arraro honetan suertatu da aukera eta ezin eskapatzen utzi. Di-da batean egin genuen plana, bizikleta eta mendia Messnerren hitzetan munduko mendirik politenak diren hauetan. Ez dakit hala izanen den edo ez, munduko mendi gehienak ezagutu gabeak baititut, baina pinudi, belardi txukun, herri polit mendi-orratz zorrotzen arteko errepideetan goiti eta beheiti ibiltzea esperientzia zoragarria izan da. Hona hemen testigantza:
1. ETAPA: BEDOIN - BEDOIN (55km)
2020/07/22
Bai, badakit Mont Ventoux ez dagoela Dolomitetan, baina bertarainoko bide luzean inguru horretatik pasatzekoak ginenez, Probentzako erraldoia ezagutzeko paradari ezin genion ezetzik erran. Bidaiaren ondotik Bedoin herrian plantatu ginen bertan gaua pasatu eta biharamunean mendatetzarra igotzeko asmoz. Alde ezagunenetik igoko genuen eta ibilbide zirkularra egiteko Malaucene aldera jaitsiko ginen gero handik Bedoinera itzultzeko.
Mont Ventouxen azpiko zatia, gogorrena |
Eguraldi bero samarrarekin utzi genituen txirrindularitza arnasten den Bedoin herriko karrikak eta errepideak segidan egin zuen goiti. Lehen sei kilometroak ez dira gogorrak hala ere eta %4-5 tarteko maldetan erritmo bizian igo ginen.
Egiazko Mont Ventoux Saint Esteve deitzen den auzoan hasten da. Errepidea estutu eta malda aunitz tentetzen da. Ondoko zortzi kilometroetan %9-10 tarteko batez bertzeko malda du ,mendateak. Zati honetan txirrindulari aunitz aitzinatu genuen. Jende aunitz erakartzen duen mendatea da Mont Ventoux, Frantziako Tourrean historia luzea duena, hamaika lehiaren lekuko.
Tom Simpsonen oroigarria |
Mendateari metroak irabazi ahala zuhaitzak gutxitu eta hain ezaguna den ilargi itxurako paisaian barneratu ginen. Zati hau da mendateari bere nortasuna ematen diona, harri zuri finez osatutako desertua. Mendiari izena ematen dioten haize gogorrek ez diete zuhaitzei hazten uzten eta paisaia berezi hau sorrarazten dute. Gogortasun maila pixka bat jaisten da ordea azken kilometro horietan eta erritmo politean igo genituen, eguneko mendate bakarra zela jakitun.
Ordu eta hiru laurden inguruko igoeraren ondotik gainean ginen. Mendate ederra zinez, berezia. Jaitsiera mendiaren ipar-mendebaldeko isurialdetik egin genuen Malaucene herriraino. Hemendik Bedoinera errepide estu eta politetik maldatxo pare bat igo eta jaitsita. Frantziako aperitif honen ondotik autoa hartu eta Briançon aldetik Italiara sartuta Susara zuzendu ginen bigarren etapa egiteko.
2. ETAPA: SUSA - SUSA (92km)
2020/07/23
Geldialdia iturrian, sterratoaren hasmentan |
Goizean ederki gosaldu, zirrikak ongi bete eta Susa herria utzita segidan malda tenteetan barneratu ginen. Horti goitiraino 18 kilometroko mendatea genuen %9 inguruko batez bertzeko malda konstantearekin. Lehen zatia errepide estu eta sigi-sagatsu batetik egiten da baso artean. Leporako 8 kilometro faltan kartel batek Finestreko sterratoan sartuko ginela abisatu zigun. Puntu horretatik aitzin asfaltoa desagertu eta nahiko egoera onean dagoen pistatik igoko ginen, bidearen alde batetik bertzera zoru oneneko zatiak bilatuz. Zuhaitzak pixkanaka desagertu eta mendatearen azken zatia ikusgarria da.
Finestreko sterratoa |
Indarrak ongi gordeta, nahiko aise gainditu genuen Finestre handia. Gailurrean argazkitxoa, inguruaz gozatu eta hegoalderantz jaitsi ginen asfaltatutako errepidetxo estutik Pourrieres herriraino. Hemen Sestriere eski estaziora eramanen gintuen errepide zabal eta etzana hartu genuen. Hasmentako sasi-ordekan hainbat herrixka zeharkatu eta gero, azken kilometroetan mendatea pixka bat tentetzen da, baina ez du gogortasun handirik. Hala ere, Finestrek bere eragina izan zuen gure gorputzetan eta nahiko hustuta ailegatu ginen eguneko bigarren mendatera. Zorionez jatetxe bateko terraza eguzkitsuan pasta plater banarekin ederki bete genituen deposituak.
Bertze batzuen izenik ez izan arren, Frantziako Tourrean eta Italiako Giroan historia zabala duen eski estazioa da Sestrierekoa. Hainbat etaparen akabaila izan da eta bertze batzuetan zeharkatu ere egin izan dute. Errate baterako 2018 Giroan Finestre mendatearen ondotik bertatik pasatu ziren txirrindulariak Chris Froomek eman zuen erakustaldiaren lekuko izan zelarik.
Bazkariaren ondotik Susara itzultzeko ordua ailegatu zen. Eguneko zailtasunak gaindituta, gelditzen ziren 45 kilometroak beheranzko joerarekin genituen. Lehen zatian jaitsiera tenteagoa genuen Cesana Torinese herriraino. Alde honetatik igota akituko da Sestrieren aurtengo Italiako Giroko etapa bat. Cesanatik aitzin sasi-ordeka, gehienean beheranzko joerarekin.
Sestriereko igoera etzana |
Eguzki berotan ailegatu ginen Susara bigarren etapa hau akitutzat joz. Garagardotxoa eta dutxaren ondotik mugitzeko tenorea ailegatu zen. Biharamunean ailegatuko ginen hainbertze desiratutako Dolomitetara.
3. ETAPA: CANAZEI - CANAZEI (88km)
2020/07/25
Moena |
Lehen zati lauaren ondotik, Moena herrian ekin genion eguneko lehen portuari, San Pellegrino mendateari. Larunbat goiza izanik igoera honetan trafiko handia zebilen eta alde horretatik nahiko deserosoa egin zitzaigun. Ez da igoera gogorregia, %6,5 inguruko pendiza du, baina baditu zati gogorrago batzuk %10 edo %11 inguruko maldekin. Azken zatian berriz malda aunitz etzaten da eta erraz egiten da.
Gailurrean argazkitxoa eta beherakoari ekin genion Cecenighe Agordino aldera. Mendatearen isuarialde hau aise gogorragoa da guk igo genuena baino eta 18 kilometro inguruko jaitsiera azkarra izan genuen gozatzeko. Behin herrira ailegatuta Agordoko bailara igotzeari ekin genion Caprile herriraino. Bertan eginen genuen eguneko atsedenaldia, goxotegi batean inguru honetan nahiko ohikoa den Sacher tarta zati banarekin indarrak berritzeko Marmolada mendate famatua igo aitzinetik.
Atsedenaldi eta hamaiketakoaren ondotik eguneko mendate gogorra zetorren erran bezala: Passo Fedaia. Marmolada izenez ezagutua ondoan duen mendiarengatik, mendate gogorra da eta bi zatitan bereiz daiteke. Lehen zatia 9 kilometro ingurukoa da Malga Ciapella herriraino, eta malda nahiko eramangarria da atsedengune aunitzekin. Bigarrena 5 kilometroko pareta da, %11ko batez bertzekoarekin.
Marmoladaren azpiko zatian |
Lasai ekin genion mendateari, tripa beteta eta gero etorriko zenerako indarrak gorde nahian. Malda tenteagoak zati lauekin eta jaitsieratxo batzuekin tartekatzen dira lehen zatian eta paisaia ikusgarria lagun gustura egiten da. Malga Ciapella herri sarreran tunel iduriko bat zeharkatu eta mendatearen zati gogorrean sartu ginen. Hortik goitiraino ederki estutu behar izan genituen hortzak eta gisa horretako maldak Zuberoa eta Behe Nafarroako mendateetan aski ongi ezagutzen ditugun arren, sufrituta ailegatu nintzen leporaino. Azken kilometro hauetan %15, %16 eta %17ko maldak ere baditu!
Azken zatia, malda gogorrak! |
Lepoko seinalearekin ohiko argazkia atera eta egonalditxoa egin genuen. Jaitsierarekin hasi aitzinetik Fedaia lakua inguratzen du errepideak ordekan, eta hor ere geldialdia egin genuen paisaiaz gozatu eta Marmolada mendiko glaziarrak ikusteko.
Ondoren, etapa akitzeko, Vernel mendiaren paretatzarren azpitik pasatzen den jaitsiera ikusgarria egin genuen Canazeiraino. Behin furgonetan bazkaria, garagardoak eta arratsalde pasa Canazei politean...
Fedaia lakua |
2. ETAPA: CANAZEI - CANAZEI (63km)
2020/07/26
Dolomitetako bigarren egunean Sellaronda izenez ezagutzen den ibilbide klasikoa eginen genuen. Sella Groupe mendiguneari itzulia ematen dion errepidea da, lau mendate zeharkatuz: Pordoi, Campolongo, Gardena eta Sella. Egon osoa goiti eta beheiti, ordekarik gabe, eta bortz izarreko paisaiak zeharkatuz.
Canazei |
Hodeitsu eta hotz esnatu zen eguna Canazei inguruan, eskerrak hasi orduko malda goitiko hasiko ginela. Canazeitik atera eta Sella eta Pordoi mendateetara igotzen den errepidea hartuko genuen. Kilometro batzuk eginda Sellara doan errepidea ezkerretara utzi eta Pordoi aldera segitu genuen, gero etapa akabailan bertze aldetik etorriko ginelarik. Pordoi mendateak %6 eta 7 arteko batez bertzeko malda du eta nahiko ongi igotzen da. Trafiko gutxi zebilen ordu horietan eta bihurgune hetsiak edo tornanteak lagun, eramangarria da.
Azpiko zatiko pinudi zatiak utzita, azken zatian larre berdeetatik doan errepidetik ikuspegi zabala da Sassolungo eta Sassopiatto mendietara. Azken bihurgune batzuk eta lepoan ginen. Haize freskoak eman zigun ongi etorria eta zerua nahiko ilun zegoen tarteka, baina hala ere geldialditxoa egin genuen inguruaz gozatzeko.
Pordoi mendatearen igoera |
1996ko Giroan mendate honetan akitu zen Italiako Giroko etapan Abraham Olano euskaldunak maglia arrosa jantzi ahal izan zuen Giroa akitu baino bi egun lehenago. Ondoko etapan Mortirolon goiti kendu zioten liderren mailota ordea.
Sassolungo ingurua Pordoitik |
Igoera bezala, Arabba aldera doan jaitsiera ederra da arras. Bihurgunen estuak han eta hemen, belardi berdeak inguruan, menditzarrak goian... Gozatzeko lekua. Arabba zeharkatu eta segidan hasten dira bigarren mendatearen maldak.
Campolongo zen gure eguneko bigarren "oztopoa". Mendate motza da, 4 kilometro ingurukoa eta batez bertze %7 inguruko malda duena, kilometro batean %9koa izan arren. Egia erran ia ohartu gabe goian ginen. Aitzinetik igotako mendate luzeak eta gero, 4 kilometro motz egin zitzaizkigun.
Mendate nahiko zabala da eta goian hainbat hotel eta eraikin ditu. Paisaia aldetik ordea ez du Pordoi eta ordu batzuk geroago zeharkatu genuen Gardenaren edertasunik. Paisaia alpinoz inguratutako jaitsiera motz sigi-sagatsutik laster batean jaitsi ginen Corvara in Badia herrira.
Pordoiren jaitsiera Arabba aldera |
Herri ederra da Corvara. Pinuz apaindutako belardi berdeak inguruan eta Sassongher mendi tentea gibelean duela, ipuin batetik ateratakoa iduri du. Bertan izanen zen eguneko gure anoa-puntua. Aitzineko egunean bezala goxotegi batean pastel zatiak eta kafe bana hartuta indarberritu ginen. Euskal Herrian ibiltzen garelarik, horrelakoetan pintxoak jaten ditugu, baina tartak ere ederki aski sartzen ziren.
Arabba |
Jaitsiera motz batek eguneko azken mendatean utzi gintuen, Sella mendatean. Paraje ederrak inguru osoan eta 5 kilometro pasatuxeko igoera erraza aitzinetik. Eguneko nekea nabaritzen hasiak ginen ordurako, baina nahiko aise egin genuen leporainokoa.
Corvara in Badia |
Etxeko lanak eginda, lepoan egonaldia egin genuen. Alde batean Marmoladako glaziarrak ikusten genuen eta beheitian Canazei herria Val di Fassaren sakonean. Bertze aldean berriz Sassolungo mendiaren inguruak.
Hotel Table, tarta goxoak |
Eta eguna akitzeko Sellatik Canazeira eramanen gintuen jaitsiera azkarra. Bihurgunez josia, gozatzeko modukoa da. Pordoira igotzen den errepideko bidegurutzean hetsi genuen ibilbide zirkularra eta hortik aitzin goizean igotako zatitik jaitsi ginen herrira.
63 kilometrotan ia 2000 metroko desnibela eginda ibilbide zoragarria egin genuen, agian guzietatik politena. Gainera inguruko klasiko bat da eta txirrindulari aunitz aurkitu genuen egun osoan zehar. Dolomitetan dagoen aukera zabalren barnean, bai edo bai egin beharreko ibilbidea da nire ustez.
Gardena inguruak |
Furgonetara bueltan bazkaldu eta dutxatu ondotik, aunitz gustatu zitzaigun Canazei utzi eta triptikoaren hirugarren etapa egiteko leluz aldatuko ginen, urrunegi ez bazen ere.
Marmolada Sellatik |
Autoz goizean bizikletaz zeharkatutako Pordoi eta Campolongo mendateetatik pasatu eta Corvarara hurbildu ginen afaltzera. Gaua ere handik hurbil pasatuko genuen, Funtanacia herrixkan, Corvara eta La Villa herrien artean.
Biharamunerako Giau eta Valparola ezagunak genituen zain...
Passo Sella, zoragarria |
5. ETAPA: FUNTANACIA - FUNTANACIA (83km)
2020/07/27
Campolongon goiti |
Bezperako hodei eta freskuraren arrastorik gabe, primerako eguraldiarekin ekin genion etapari. Funtanaciatik Corvarara joan eta hemendik Campolongo mendatea igo genuen, bezperan igotako aurkako norantzan. Lastima bidean egiten ari diren lanak, zeren paisaia ederrak baititu mendatearen isurialde honek.
Campolongon goiti (II) |
Lepoan argazkitxoa, zira jantzi eta Arabbara jaitsi ginen, handik Andraz aldera segitzeko bailaran beheiti. Andraz herria zeharkatu eta bidegurutze batean ezkerretara falzarego mendatera igotzen den bidea utzita eskuinetara biratu ginen Colle de Santa Luciako seinaleak segituz. Hemen bi kilometroko igoeratxo bat gainditu behar izan genuen Caprile eta Civetta mendi alderako ikuspegi ikusgarriarekin.
Jaitsiera laburra Selva di Cadore aldera eta herri honetara ailegatu baino lehen ezkerretara biratuko ginen Giau mendateari ekiteko.
Caprile inguruak Colle Santa Luciatik |
10 bat kilometroko igoera da Giaukoa, batez bertze %9ko maldarekin. Bidegurutzetik goiti hasi orduko ikusi genuen zer genuen zain eta lehen kilometroan %14 maldaren batek eman zigun bienvenutia %11 inguruko batez bertzekoarekin. Hasiera gogorra da, baina hortik aitzinera ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta nekez jaisten da %9tik.
Civetta eta Allegheko lakua |
Paisaia mendate gehienetan bezala ikusgarria da. metroak irabazi ahal zuhaitzak gutxitu eta larre eta paretatzarrek apaintzen dute ingurua. Lepoko aterpean egin genuen eguneko pastel jatea. Goxo egon ginen eguzkitan.
%100 Dolomiti |
Jaitsiera ere igoeraren parekoa izan zen. Bihurgune hetsiak bata bertzearen gibeletik, errepide ona eta malda, paisaia zoragarria... Di-da batean plantatu ginen Falzarego mendatearekin lotzen duen bidegurutzean. Zirak kendu eta goiti!
Passo Giau |
Falzarego eta Valparola mendiak elkarren ondoan daude. Falzaregok bi isurialde ditu, Arabbakoa eta Cortinakoa, baina goitiago kilometro bat gehiago eginda Valparola mendatearekin lotzen da eta bertze aldera La Villa herriraino jaitsi. Gu Cortinako isurialdetik igoko ginen Falzaregoraino eta kilometro eta erdi gehiago segitu Valparolara, bertatik La Villara jaisteko gure etapa akituz.
Giauko lepoan |
Mendatea ez da gogorregia. Pare bat kilometro %6 inguruko maldarekin, bertze pare bat kilometroko atsedengunea eta azken 6 kilometroak gogorxeagoak %7 ingurura.
Nahiko igoera konstantea izanik erritmoa hartu eta ongi igo genuen, azken kilometroetan pixka bat azkarrago igoz. Falzaregora ailegatuta argazkia egiteko geldialditxoa eta Valparolaraino ailegatzeko falta zen kilometro eta erdiari ekin genion.
Giau jaisten |
Paisaia ikusgarria da Valparolakoa, goi-lautada zabalekin eta mendi punta bertikalekin. Jaitsiera La Villa aldera egin genuen, luzea eta azkarra. Bertatik kilometro gutxi batzuetan Funtanacian ginen autoa utzia genuen lekuan.
Falzaregon goiti |
Hala akitu genituen bizikletaz Dolomitetako zonalde honetan egin genituen hiru etapak. Aunitz entzuna nuen inguru honi buruz eta espektatiba guziak erraz bete zituela erraten ahal dut.
Mendate politak dira eta konbinazio aunitz egiteko aukera eskaintzen dute. Eta ingurua zoragarria da...
Falzaregoko goi-lautadak |
Behin autoan bazkaldu, dutxatu eta zonaldez alñdatzeko prestatu ginen. Dolomitetako orratzen zonaldea utziko genuen, baina Dolomiten bertze zonalde batera mugitzeko...
Etapen triptikoa akituta, bertze triptiko bat genuen zain, mendateena. Stelvio, Mortirolo eta Gavia zain genituen...
Valparollako zonalde harritsuak |
6.ETAPA: PRATO ALLO STELVIO - PRATO ALLO STELVIO (62km)
2020/07/28
Funtanaciatik Bolzanon barrena Prato allo Stelvio herrira zuzendu ginen arratsaldean. Biharamunean agian Dolomitetako mendaterik ezagunenaren inguruan emanen genuen itzulia, Stelvio erraldoiaren inguruan. Bere igoera ezagunena denetik igoko ginen, gero Bormio aldera jaisten hasi eta Umbrailpass lepoan barrena Suitzan sartu eta ibilibide zirkularra egiteko.
Stelvio handian goiti |
Eguna eguzkitsu eta goxo argitu zen. Aitzineko egunetako tenperatura baino beroagoa genuen eta kanpoan gosaldu ahal izan genuen. Gauzak prestatu eta Prato Allo Stelvio herria gurutzatuta mendatetzar hau igotzeari ekin genion.
Azken zatia |
Mendate luzea da, 25 kilometro malda goiti batez bertze %7,5eko maldarekin. Latza! Lasai abiatu ginen, poliki. Indarrak gordez gero etorriko zenerako, baina egunean mendate bakarra eginen genuela jakiteak ematen duen lasaitasunarekin. Mendate honetan ezin da zatirik bereizi, denak baitu zailtasun iduritsua, baina azken zatia oraindik gogorxeagoa da, %8tik goitiko batez bertzeko maldarekin.
Eta mendate honi bere izaera, arima ematen dion zatia azken zatia da. Bihurgune hetsien zatia. Italian badute bihurgune hetsiak eta tornanteak kontatzeko ohitura eta horretan Stelvio bezalakorik ez dago. Guzira 48 ditu eta horietako aunitz azken kilometroetako zati ikusgarrian!
Hitzik gabe |
Erritmo onean egin genuen bi ordu pasatxoko igoera eta sentsazio onak izan genituen. Mendate berezi bat igo genuen sentsazioa genuen, errepideko bizikleta maite duen edozeinek igo behar duen mendatea. Goitian egonaldi luzea egin genuen freskagarri banaren laguntzarekin, Umbrailpassen barrena Suitzan sartu aitzinetik. Jaitsiera ikusgarriaren ondotik eta kilometro lau batzuen ondotik berriz ere hasmentako puntuan ginen, Stelvio handiaren oinean.
Stelvio 2758m. |
7. ETAPA: BORMIO - BORMIO (121km)
2020/07/29
Bezperan Stelvio bizikletaz igo ondotik autoz ere zeharkatu behar izan genuen Bormiora bidean... Ez dakit zein izan zen gogorragoa! Bazirudien bizikletaz egin beharreko guziak egin genituela baina azken etapa bat gelditzen zitzaigun, eta etapa erregina gainera! Bormion hasi eta akituta, 120 kilometro eginen genituen 3200 metroko desnibela gainditu eta Mortirolo eta Gavia igoz. Kasik ja!
Mortirolo |
Bormio utzi eta goiz ederrean (bertze bat gehiago) bailaran Valtellinako bailaran beheiti abiatu ginen 30 bat kilometro genituela Mortiroloren oinera. Egunari amaiera arrakastatsua emateko garbi genuen indarrak gorde beharko genituela, bereziki ordeka zatian. Lasai hasi ginen beraz, baina lasaitasunak bidaia osoan izan genuen zulatu bakarrarekin akitu ziren. Noiz eta justu etaparik gogorrenean. Zirrika aldatu, eskuko ponparekin ahal bezala bete eta herri batean txirrindulari bati eskatu hear izan genion ponpa handiagoa presio gehiago sartzeko.
Atsedengune bat |
Ezustekotxoa gaindituta Mazzo di Valtellina herrira ailegatu ginen. Iritsi zen momentua. Mortiroloren oinean ginen eta gailurrera 12 kilometro genituen ia %11ko batez bertzeko maldarekin. Italiako Giroan urrezko orrialdeak idatzi izan dira mendatetzar honetan eta Angliru eta Zoncolan "agertu" arte munduko mendaterik zailena bezala ezagutzen zen.
Azken zatia |
Errepidetxo estuak laster uzten ditu Mazzoko karrikak eta fite irabazten metroak. Garapen guzia sartu eta poliki-poliki hasi ginen goitirako bidean. Segidan agertzen dira maldatzarrak: %17, %15, %18, %20... %10eko maldak ere atsedenguneak dira mendate honetan. Ipurdia luzatu, hortzak estutu eta goiti...
Azken kilometroetan malda pixka bat leuntzen da eta zuhaitz artetik aterata larre politetatik Mortirolora ailegatu ginen. Gurea zen garaipena! Indarrak gordetzeko estrategiak ongi funtzionatu zuen eta uste baino hobeki igo ginen goiti.
Gavian goiti |
Jaitsiera dibertigarria Monnora eta Incudine herritik bailaran goiti Ponte di Legnoko bidean jarri ginen. Bailaran errepideak poliki-poliki goiti egiten du baina haizea kagun erraz egin genituen kilometroak. Ponte di Legnon egin genuen bazkaria. Oraindik Gavia luze eta gogorra genuen zain!
Azken zatia |
Bazkalondoko eguzki berotan eta tripa pasta eta pastelez beteta ekin genion Gaviari. Herritik 20 kilometro inguruko mendatea, %6ko gogortasunarekin. Baina lehen kilometroak etzanagoak izanik, Santa Apolloniatik goiti malda aunitz gogortzen da azken 11 kilometroetan. %15eko maldak ere baditu! Maldak malda eta kilometroak kilometro, bizikletaz 7 egunetan hamaika mendate eta bailara zeharkatu ondotik gorputzak modu automatikoan igotzen ditu portuak eta halaxe egin genuen Gaviarakoa. Sufrituz, baina gozatua aldi berean... Azkena izatearen pozarekin eta tristurarekin.
Eta hantxe ginen, 2650 metrotan, nekatuta baina kontent. Aurreikusi genituen mendate guziak eta gehiago igo izanak ematen duen pozarekin eta ametsetako paisaietan kirol eder hau praktikatu izanak ematen duen zirrararekin...
BIDEOA: |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina