2020/07/09

Erroibide (837m), Txurrumurru (828m), Irumugarrieta (811m), Muganix (758m)

EGUNA: 2020/07/08

IRTEERA: Arritxulo Aterpea (420m)

ZAILTASUNA: 
  • Basurdeen Begiratokia II : 5b graduko eskalada
  • Aiako Harrien zeharkaldia: II graduko eskaladatxo bat du Txurrumurru eta Erroilbideko kaskoen artean. Horrz gain, eskaladatxo gehiago ditu han eta hemen.
Xabier Larretxearen Eskalatzen blogetik hartutako krokisa


DENBORAK:
  • Arritxulo - Basurdeen Begiratokia II bidearen hasiera: 20 minutu
  • Basurdeen Begiratokia II : Ordu eta erdi
  • Basurdeen Begiratokia II bidearen akabaila - Erroilbide : Ordu erdi
  • Erroilbide - Muganix (gailurren zeharkaldia) : Ordu bat
  • Muganix - Elurretxe : Ordu erdi
  • Elurretxe - Arritxulo : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Nire kasuan, Baztan aldetik joanda Lesakara joan eta handik Oiartzungo bidea (NA-4000) hartu behar da, Aritxulegiko leporaino. Lepoko tunela zeharkatu eta ezkerretara Arritxulo aterperako bidea hartu behar da bertan autoa uzteko. Oiartzun aldetik berriz, Lesaka aldera abiatu eta leku berera ailegatuko gara.

KRONIKA:
Euskal Herriko mendirik ederrenetarikoak diren Aiako Harrietan izan gara berriz ere, bertako bideetako bat eskalatu eta gailurren zeharkaldia egiten. Etxetik nahiko hurbil dugun paraje honek eskaladarako bide erraza eta anitzak eskaintzen ditu, ingurune zoragarrian gainera.

10:35 : Arritxulo Aterpea (420m)
Nahiko mantso abiatu ginen aterpearen ondoan autoa utzita. Hasmentan asmoa Basurdeen Begiratokia II bidea eskalatu, Erroilbideraino oinez igo eta bueltan etortzea zen, presa handirik ez genuen beraz.



Tontorretara igotzen den bidea artu eta laster begiztatu genuen eskalatuko genuen ingurua. Pareko harkaitz mailakatu horietan kokatua dago bidea.


Behin sabaidun harkaitzera ailegatuta, bide nagusia utzi eta eskuin biratu behar da.


Metro gutxi batzuetara dago gure bidearen hasmenta, harkaitz honetan hain zuzen ere. Zalantza batzuk izan genituen bidea zein zen jakiterakoan. Xabier Larretxearen Eskalatzen blogean ezkerreko lerroa dela erraten du, baina Gipuzkoako Mendi Federazioaren web orrialdean ezkerreko bi bideak Basurdearen Begiratokia II izenarekin bataiatzen dira. Gu ezkerretik hasita bigarren bidetik igoko ginen, argazkian ikusten den bi koloreko sabaitxo horren ertzetik doanetik.


  • 1. luzea (4c, 30m) : Lehen metro bertikalak gaindituta, pareta etzaten da eta erraz egiten da lehen luzea helduleku paregabeak baititu bai hankentzat bai eskuentzat. Lehen bilera terraza zabal batean dago.



  • 2. luzea (5b, 20m) : Lehen bilgunetik 5 bat metro ezkerrerago hasten da bigarren luzea. Gradua ematen dion zailtasuna irudian ikusten den sabaitxoa da, gure eskalada mailarako bere puntua zuena. Behin hori gaindituta erraza da. Xabier Larretxearen blogean 5a maila ematen zaio luzeari eta Gipuzkoako Mendi Federazioaren orrialdean 5b. Guk egin genuen azken luzeak 5a zuela ikusita eta hau zailagoa iruditu zitzaigunez, 5b jarri diot nik ere.



  • 3. luzea (4a, 20m) : Plaka etzan batetik igotzen den luze erraza.



  • 4. luzea (5a, 20 m) : Hirugarren bileratik oinez pixka bat ibili eta irudiko harkaitzera ailegatu ginen. Hemen erratu eta Basurdeen Begiratokia II bidearen azken luzea eskalatu ordez, Basurdeen Atsedenlekua izeneko bidea egin genuen. Irudiko sabaiaren ezkerretara dagoen diedrotik hasten da eta lehen txapa pasatuta eskuineko plakara pasatzen da. Lehen zati horretan daude zailtasunik handienak. Arras polita iruditu zitzaidan luze hau.



Behin eskalada zatia akituta, trasteak bildu...


...eta aurreikusia genuen bezala Erroilbidera abiatu ginen. Eskalada zatiak nahiko goiti uzten gaitu, beraz aukera ona da gailurrera igotzeko.


Inguru honetatik Donostialdeko ikuspegi ederra genuen.


Pinudia zeharkatzen...


Zelaitxo hau gurutzatuta, bideak metro batzuk galtzen ditu Erroilbide mendebaldetik inguratzen eta azken igoerari ekiteko.


Tarteka eskuak erabiliko beharreko pausu errazak...


... eta azken zatian maiz heze egoten den plakatxo etzan bat gainditu behar da.


13:14 : Erroibide (837m)
Gailurrean egun bikaina lagun, tontorren zeharkaldia burutzea erabaki genuen, gero Elurretxetik Aritxulegira PRtik itzultzeko. Bide hau bera duela bi urte eginda nuen kontrako norabidean, Muganixeko Erlaitz bidea eskalatu ondotik.


Hala abiatu ginen geldialdi luzeegia egin gabe.


Tontorren zeharkaldiak hainbat pausu ditu eta bide errazena harrapatzeko puntu gorriz markatua dago.


Txurrumurru aldera...


Bertze pausu erraz bat...


...eta berriz oinez gandorretik.


Txurrumurrura hurbildu ahala zati polit honetatik pasatzen da bidea, tximiniatxo bat jaitsi behar delarik.


Larrun ingurua Txurrumurruko azken igoerari ekin baino lehen.


Zeharkaldiaren pausurik zailenak Txurrumurrura igotzeko zati honetan daude. Hasteko irudian ikusten den Uztaiaren Pausua (II) deitzen dena. Diagonalean egiten den zeharkalditxo bat da eta justu punturik zailenean uztai bat du gainditzen laguntzeko.


Zailtasunak ordea ez dira Uztaiaren Pausuarekin akitzen. Jarraian plaka hauetatik (II) eskalatzen segitu behar da zati nahiko bertikalean.


13:32 : Txurrumurru (828m)
Eguneko bigarren gailurrera ailegatzean akitu ziren zailtasunik handienak.


Hortik aitzinera irudiko malda jaisti eta pasabide kurioso batetik pasatu ginen.


Bertze irtengune bat gainditu eta bidexka errazetik egiten da hirugarren tontorrerainoko bidea.


13:41 : Irumugarrieta (811m)
Kasko honetatik gainditu genuen zati guziaren ikuspegi bikaina dago.


Baita Txingudiko badirarena ere.


Azken gailurrerako bidea tarteka buelta eman eta inguru zoragarri honi begiratzeko geldialdiak egiten genituen.


A zer parajeak!


13:54 : Muganix (758m)
Belardi berdeen artetik ailegatu ginen azken tontorrera. Duela bi urte hau izan zen lehen gailurra, Erlaitz bidea eskalatu eta gero.


Bertatik belardi arteko bidexkatik Elurretxe aldera jaitsi ginen.


14:15 : Elurretxe (502m)
Elurretxen PRaren marka horiei segituko genien Aritxulegi aldera, Aiako Harriak mendebaldetik inguratuz.


Baso artetik egiten da bide gehiena eta eskerrak, ordu horretarako ederki berotzen baitzuen eguzkiak. Hala ere, tarteka zuhaitz artetik Aiako Harrien paretatzarrak ikusteko aukera genuen.


 15:25 : Arritxulo Aterpea (420m)
Egunaren lehen zatian eskalatutako harkaitzak begiratuz akitu genuen ibilaldia. Laugarren aldia bi urtez inguru honetan eta dauden aukera guziak ikusita berriz ere bueltatu beharko...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina