EGUNA: 2020/07/17-18
ABIAPUNTUA: Parking de Espigantosa (1550m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD+). Ondoko puntuak dira zailtasunik erranguratsuenak:
- Espadaseko gandorra: Eskuak erabiliko puntu anitz badira eta gandor guziari zailtasun maila ematen dion puntua tarte honetan dago. II+ graduko tximiniatxo bat da. Horrez gain II. graduko pausu gehiago ere badira.
- Paso del Funambulista: Bi aldeetara erorketa handia duen pasabide ezagun hau ez da zaila berez, baina bertara ailegatzeko beherantz egin beharreko deseskalada eta pasabidearen ondoren egin beharreko bertze bat esposizio handikoak dira zailegiak ez izan arren (II).
- Diente de Llardanarako igoera: Azpitik ikusita "igo ezina" iduri duen arren, diagonalean egin beharreko eskalada batetik (I+) erraz igotzen da. Hala ere esposizio pixka bat du zati horrek.
DENBORA:
- Parking de Espigantosa - Refugio Angel Orus : Ordu eta erdi
- Refugio Angel Orus - Pavots : 2 ordu eta erdi
- Pavots - Posets gandorra : 2 ordu eta erdi
- Posets - Parking de Espigantosa : 4 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu behar da Jaca aldera. Jacatik Sabiñanigora jo behar da eta herri hau gibelean utzita Ainsara doan errepidea hartuko dugu. Ainsatik Campora eta hemendik Eristera. Uda garaian herrian utzi behar da autoa eta aparkalekura igoko gaituen autobusa hartu.
KRONIKA:
Aspalditik gure agendan zegoen gandor ezaguna da Espadas eta Posets artekoa. 3000 metrotik goiti, paisaia ikaragarriaz gozatzeko aukera ematen duen bide entretenigarria da eta mota honetako lekuetan ibiltzeko ohitura duen jendearendako ez da zaila.
2020/07/17
17:01 : Parking de Espigantosa (1550m)
Eriste herrian bazkaldu eta eguneko azken aitzineko autobusa hartu genuen aparkalekura igotzeko. Bertatik galtzerik ez duen bidetik egiten da aterperainokoa.
Zatirik handiena zuhaitz artetik doa Eristeko amildegian goiti erreka eskuineko aldean duela.
Erritmo konstantean ordubete inguruan aterpean ginen.
18:13 : Refugio Angel Orus (2150m)
Aterpe handia da Orusekoa. Gela txikiak bainugelarekin, jantoki handia, terraza zabala kanpoko aldean... Erosotasun aunitz ditu. Koronabirusaren protokoloak betez erreserba baieztatu eta afarirako ordua arte garagardoak lagun egon ginen terrazan. Afalondoan goiz ohatzera...
2020/07/18
7:14 : Refugio Angel Orus (2150m)
Seietarako jarria genuen iratzargailua. Gosariaren ondotik gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen egusenti ederrarekin.
Bidearen lehen zatia Posetsera aterpe honetatik igotzeko erabiltzen den bera da, baita Estos aterpera doana ere.
Lehen bidegurutze batean Estoserako bidea eskuinetara utzi genuen eta Biados aldera doan GRa segitu.
Hondatuta dagoen zubi zahar bat gurutzatu genuen...
...eta handik metro batzuetara Posetsera hegoaldeko ertzetik igotzen den bidea utzi genuen marka Biadosera doazen zuri-gorriei segitzeko.
Forcau mendiak ikusgarri ageri dira puntu honetatik.
Eskuinetara utzi genuen Canal Fonda ezaguna ere. Bertatik jaitsiko ginen beheitirakoan...
Honela Llardaneta lakua kokatua dagoen zirkura hurbildu ginen, parean duela bi urte igotako Forqueta mendiak genituelarik.
8:25 : Ibon de la Llardaneta (2665m)
Laku eder honetara ailegatzean Eristeko lepotik barrena Biadosera doan bidexka nagusia utzi eta eskuinetara biratu ginen harri-mukuru bakanei segituz.
Lehen malda tenteago bat gaindituta Forau de la Neu sakonunean barneratu ginen. Puntu honetatik begibistan genuen zeharkatuko genuen gandor ederra.
Sakonunetik atera eta metroak irabazten hasi ginen berriz. Argazkian elurrarekin ageri den Pavotseko lepora zuzendu ginen, bertatik gandorrari ekiteko.
Tarteka elur-lausoren bat zeharkatu bagenuen ere kranpoiak ez ziren beharrezkoak igoerarako.
Lepora ateratzeko azken malda harri-laxoaren gainetik ahal genuen bezala aitzinatuz gainditu genuen.
9:20 : Pavots (3121m)
Lepotik ezkerretara biratu eta minutu gutxian eguneko lehen gailurrean ginen.
Gailur honetatik sektore bereko Eriste mendietara ikuspegi ona dago. Noizbait egin beharko diegu hauei ere bisitaren bat.
Urrunean berriz Monte Perdido, Munia eta Vignemaleko mendiguneak ageri ziren.
Gailur honetan hasiko genuen gandor gaineko zeharkaldi ederra. Parez pare genituen Espadas eta Posets mendiak, gandor honi izena ematen diotenak.
Ezkerretara 1400 metro beheitiago berriz Biadoseko aterpea eta bordak. Leku zoragarria...
Pavotseko lepora jaitsi eta lehen igoerari ekin genion. Eskuak erabili ere ez dira egin behar lehen zati honetan...
Gibelean utzi genuen Pavots mendia, Tucon Royo izenez ere ezagutua.
Lepotik lehen malda gaindituta Espadaseko ertza estutu eta ikusgarritasunean aunitz irabazten du.
Hemendik aitzin eskuak erabili beharreko pausu aunitz daudem baina erraz egiten da zati hau eta arras gozagarria da.
Gandorrean...
Parean genuen Espadas mendia eta bertaraino ailegatzeko igo beharreko ertza. Ikusgarria...
Hala eguneko lehen zailtasunera ailegatu ginen. Gandorrari gradua ematen dio II+eko eskaladatxo motz bat da. Ez da zaila baina esposizio pixka bat du gibelean.
Jende dexente zebilen gandorrean egun horretan...
Tximiniatxotik goiti eskalada pausu erraz eta dibertigarriak gainditu behar dira etengabe.
Tarteka oinez lasai ibiltzeko zatitxoak ere badira...
Espadasera ailegatzeko gainditu beharreko azken ertz zatia. Ikusten den bezala oraindik gehiago estutzen da ertza eta bi aldeetara amildegi handia du. Behin baino gehiagotan erran dut ez dela zaila, baina bistan da ez dela mundu guziarendako aproposa.
Espadasera ailegatu aitzinetik II graduko bertze pausuren bat gainditu behar da. Helduleku onak dituena, baina amildegiaren ertzean egonda akatsi ezin da egin.
Azken metroak ertzaren zatirik estuenean...
...eta Espadas mendiaren sasigailurrean gandorra zabaldu egiten da.
Sasigailurretik metro batzuk jaitsi eta parean ikusten den Espadasera ailegatu ginen di-da batean.
Horretarako lehendabizi elur-lauso au zeharkatu behar izan genuen.
Gibelera begiratuta orduan arte ibilitako zatia genuen parez pare.
10:15 : Pico Espadas (3332m)
Hala ailegatu ginen gailur ikusgarri honetara. Bertara ailegatzeko bide errazik ez izateak ez du jende aunitz erakartzen, baina merezi duen kaskoa da. Oraindik ez genituen lan guziak akitu ordea eta parean genuen Posetseraino gainditu beharreko azken zatia.
Espadaseko gailurra gibelean utzi genuen...
...eta jaitsiera bat egin genuen irudiko leporaino.
Ez da jaitsiera zaila, baina ezin da arreta galdu eta behin eta berriz eskaladatxoak egin behar dira.
Hala lepotxo pare bat gaindituta irudian ikusten den Paso del Funambulista deitzen diotenera ailegatu ginen. Zubi gisako bat da, bi aldeetan amildegia duena. Hala ere, oinez aise pasatzen da eta hori zeharkatzea baino zailagoa da segidan heldu den igoera. Gutako batzuk pixka bat ezkerretara eginda gainditu zuten eta bertzeek argazkian ikusten diren mendizaleen gisa zuzenean. Horrela eginda bere zailtasuna duen pausua da, II ingurukoa, eta gibelean amildegi ikaragarria duena.
Zati hori pasatuta oinez segitu genuen gandor errazetik.
Tuca de Llardaneta mendira ailegatzeko azken zati ikusgarri baina errazean...
Azken metroak eguneko hirugarren tontorrerantz.
11:06 : Tuca de la Llardaneta (3311m)
Gelditu gabe segitu genuen aitzinera gailur honetan. Posets mendia hurbil ikusten genuen jadanik.
Gibelean berriz Espadas mendia eta azken gandor zatia.
Llardanetatik metro batzuk galdu eta minutu gutxian laugarren tontorrean ginen, Tuqueta Roya izenez ezagutzen denean.
11:18 : Tuqueta Roya (3273m)
Gandorraren zailtasunak gailur honen inguruan akitzen dira eta jadanik oinez ibiltzea bertzerik ez zitzaigun gelditzen Posetsera ailegatzeko.
Horretarako Jean Arlaud korridore ezagunaren irteera dagoen lepora jaitsi ginen.
Geldialditxoa azken maldari ekin aitzinetik...
Oinez ibiltzea bertzerik ez izan arren, nekea nabaritzen hasiak ginen ordurako eta Posetseko azken malda luze samar egin zitzaigun.
11:46 : Posets (3375m)
Lau ordu eta erdiko aktibitatearen ondoren Pirinioetako bigarren gailurrik handiena den honetan ginen. Bertan tarte zabalean egon ginen, jan-edanean. Argazkian Gorgs Blancs-Perdiguero sektorea.
Iparraldean berriz iaz ezagututako Bachimalako gandorra. A zer oroitzapenak!
Pirinioetako erregea eta inguruko mendiak...
Azkenean bai! Espadas-Posets gandorra egina!
Gailurreko egonaldiaren ondotik, Posetsen hegoaldeko ertzetik doan bide normaletik egin genuen jaitsiera.
Tarte honetan mendizale aunitz topatu genuen. Ertz erraza da udan, zailtasunik gabea eta horrek jende aunitz erakartzen du Pirnioetako koloso honetara.
Metroak galdu ahala Diente de Llardana mendiaren ikusgarritasuna handitzen zihoan gure aitzinean.
Diente de Llardana ezkerrean eta Espadasera igotzen den ertza. Ordu batzuk lehenago zeharkatu genuena.
Diente de Llardana mendiaren azpian motxilak utzi eta di-da batean gailur honetara ere igotzea erabaki genuen. Azpitik igo ezina dela iduri du, baina argazkian ikusten den belarrezko diagonaletik nahiko aise igotzen da. Hori bai, esposizio pixka bat du bideak.
Diente de Llardana igotzen zatirik tenteena gainditu ondoren.
13:00 : Diente de Llardana (3085m)
Azpitik bezala, gainetik ere ikusgarria da Diente de Llardana eta Espadas-Posets gandorreko txoko guzietarako ikuspegi bikaina eskaintzen du.
Ikuspegiaz pixka batean gozatu eta berriz motxiletara itzuli ginen.
Esposiziorik handieneko zatia jaisten...
Azken argazki bat Diente de Llardanako igoerari. Ongi begiratuz gero hiru mendizale ikusten ahal dira belarrezko diagonaletik igotzen.
Diente de Llardana gibelean utzi eta Canal Fonda deitzen den kanale zabalean beheiti abiatu ginen. Zati honetan elurra udan ere mantentzen da eta bai igotzeko bai jaisteko kranpoiak behar izaten dira normalean.
Azken elu-lausoak zeharkatzen...
Canal Fondatik atera eta gutxira igoeran erabili genuen bidera ailegatu ginen. Bertatik jaitsiko ginen aterperaino eta handik aparkalekura bueltan.
15:49 : Parking de Espigantosa (1550m)
Luze egin zitzaigun jaitsieraren azken zatia eta justu-justu ailegatu ginen lauetako autobusera. Horrela eman genuen akitutzat aspalditik buruan genuen ateraldi zoragarri hau.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina