EGUNA: 2020/10/31
ABIAPUNTUA: Juan Pito benta (1164m)
ZAILTASUNA:
Erraza (F+). Kartela eta Keletaren arteko gandorrean puntu batzuetan eskaladatxo errazak (I) egin behar dira.
DENBORAK:
- Juan Pito - Kartxela : 2 ordu
- Kartxela - Keleta : Ordubete
- Keleta - Juan Pito : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta San Martingo Harrira igotzen den errepideari segituko diogu lehen bihurgune hetsian Juan Pito benta ikusiko dugun arte.
Pakiza, Ukerdi eta Budogia inguruak gauez, Juan Pito bentatik |
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Etxealdiaren ondotik Baztandik ateratzen utzi zigutelarik, lehen ateraldia Belagua ingurura egin genuen eta berriz ere Nafarroatik ateratzeko debekua ezarri orduko han izan naiz bueltan. Kasu honetan, harana iparraldetik hesten duten Kartxela eta Keletaren gandor polita izan dut jomuga.
Keleta, Juan Pito bentatik gauez |
Presarik gabe ernatu nintzen ibilbidearen hasiera puntuan eta gosaldu ondotik goiti abiatu nintzen. Aparkalekuan berean dagoen seinale honek adierazten du zein bideri segitu behar zaion.
Lehen metroak pagadi eder honetatik egin nituen.
Udazkenaren egunik ikusgarrienak pasatu dira Belaguan, baina oraindik ere kolore gorrixkek puntu zoragarria ematen diote paisajeari.
Pagadi arteko lehendabiziko malda gaindituta bizkar honetara atera nintzen eta Keleta eta Kartxela aldea bistaratu ahal izan nuen lehen aldiz.
Arrako inguruak beheitian... Oraindik izotza ikusten ahal zen azpiko partean, baina eguzkitan tenperatura goxoa zegoen.
Marka zuri-gorriei segitu nien oraingoan altuera gutxi irabaziz Arrakogoitiko lepo aldera.
9:15 : Arrakogoitiko lepoa (1416m)
Zuberotarrek Urdaiteko lepoa ere deitzen diote honi. Hemendik ezkerretara biratzen da bidea Binbaleta mendiaren magalen azpitik zeharkaldi luzea egiteko.
Zeharkaldi lepotxo honetan akitzen da. Bertatik parez pare nuen azken metroak eginen nituen Kartxelaren iparraldeko isurialdea.
Lepoaren bertze aldera Zuberoako ikuspegi ederra dago, Xardekagaina eta Orhi mendiez gain.
10:03 : Kartxela (1982m)
Ordu eta erdi eskasean gailurrean nintzen eta parean nuen Keletaraino jarraitu beharreko gandor polita. Haize zakarra zegoen kaskoetan eta egonaldi luzerik gabe bertarako bidea hartu nuen.
Gandorra erraza da eta era berean ikusgarria ere bai. Erritmo onean zeharkatu nuen eta laster hasi nintzen Kartxela aldetik urruntzen.
Azken zatian du zatirik estu eta ikusgarriena, baina ez du zailtasun handirik (I).
10:30 : Keleta (1904m)
Kartxelatik gandorrak luzeagoa iduri badu ere, nahiko laster zeharkatzen da eta uste baino lehenago plantatu nintzen Keletako kaskoan. Bertatik Belagua aldera dagoen ikuspegiak ez du preziorik. Zoragarria da!
Bertze aldera zeharkatutako gandor polita nuen. Bi mendizale ikusten dira zatirik ikusgarrienean.
Eguneko bigarren gailurrean bai egin nuen argazkian, nahiz eta haizea nahiko higuingarri zebilen.
Sobera luzatu gabe hegoaldeko ertzetik hasi nintzen jaisten. Eskuak erabili beharreko punturen bat badu, baina erraza da...
Ertzaren zatirik estuenak gibelean utzita bizkar zabaletik segitu nuen. Argazkian Keletaren hegoaldeko ertza eta Kartxelarekin lotzen duen gandor guzia.
Otsogorrigaina ingurua...
Jaitsiera larre zabalak...
Lasterrago ezkerretara biratu bidea mozten ahal da, baina nik Lapatiako leporaino segitu nuen.
11:08 : Lapatiako lepoa (1543m)
Lepoan geldialditxoa egin nuen mandarina bat jateko, gailurretan ez bainuen deus ere jan haizeagatik. Seinale horrek erakusten du Arrakogoitiko lepo aldera itzultzeko segitu behar den bidea.
Otsogorrigaina Lapatiatik...
Hala bada, marka zuri-gorriak lagun berriz ere, beheitirakoari ekin nion.
Larre berde zabal batzuk zeharkatuta, pagadi polit honetan sartzen da bidexka.
Keleta ingurua baso artetik...
Keletaren ekialdeko magaletik doa bidea eta Belaguako gailurretara ikuspegi ederra dago bertatik.
Belaguako aterpea, aurten berriz ireki dutena, eta Auñamendi eta Soum Couy. Duela gutxi bertan ginen eskiatzen...
Juan Pito bentaren inguruak... Oraindik bidea nuen bertara ailegatzeko...
GRak Arrakogoitiko lepora segitzen du, baina nik magal honetatik beheiti laburtuko nuen bidea. Ez dago biderik, baina larre zabaletik eroso jaisten da.
Errekatxo polit honetara jaitsi nintzen zuzen. Hemendik malda motz bat igo eta Juan Pito eta Arrakogoiti arteko bidera aterako nintzen.
Behin bide arrunta hartuta, Keleta eta Kartxela mendiei azken begiratua bota nien pago artean "galdu" aitzinetik...
12:06 : Juan Pito benta (1164m)
Azkenean motz samar gelditu zitzaidan ibilbidea, 12 kilometro eta 1000 metroko desnibela izan arren. Nafarroan guzian zehar ibiltzen uzten badigute badago zer egina!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina