2013/12/08

Mallo d'Acherito (2378m)

EGUNA: 2013/12/08

IRTEERA: Refugio de Linza (1340m)

ZAILTASUNA: 
- Alpinismo zailtasuna: PD. Azken malda arriskutsua izan daiteke, 40 gradu inguruko inklinazioa hartzen baitu.
- Eski zailtasuna: S3

DENBORAK:
- Igoera: 3 ordu eta erdi
- Jaitsiera: 2 ordu

NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jaca aldera doan autobidetik jarraituko dugu Irunberri herriko irteeraraino. Hemen aterako gara eta Irunberri herritik Nabaskoitze herrira doan errepideari segiko diogu. Behin Nabaskoitzera iritsita, Coronaseko lepoan barrena Erronkariko ibarrera pasako gara. Burgi, Erronkari, Urzainki eta Izaba herriak gibelean utzita, eskuinetara Zurizara doan errepidea hartu behar da. Hemendik Linzako aterperaino joango gara.

DESKRIBAPENA:
Larunbatean hainbat motibogatik Acherito mendia igotzeko ideiaz aldatu eta Chinebral de Gamueta igo ondotik, igandean goizago abiatu eta berriz saiatzea erabaki genuen. Bigarren saiakera Foyas del Ingeniero bezala ezagutzen den eremu ikusgarritik eginen genuen, elur gehiago harrapatuko genuelakoan eta eskiak bizkarrean beharrean hanketan eramateko intentzioarekin. Eta halaxe izan zen. Toki hotza da Foyas del Ingeniero. Neguan hilabete askoz eguzki izpiek ez dute ukitu ere egiten. Hortaz, bertan oraindik elur hautsa dago.

9:10 : Refugio de Linza (1340m).
Autoz betetako aparkalekuan aparkatu eta ipar-eskiko pistetatik ekialderuntz abiatu ginen.



Gure gibelean, bezperan bezala Txamantxoia ikusgarri zegoen goizeko eguzki izpi gorrixketan.


Pistak gibelean utzita pagadi batean sartu ginen.


Pagadia metro gutxi irabazita zeharkatzen da eta jarraian Foyas del Ingenieroko parajean barneratu ginen. Zulo antzekoak dira eta bi daude. Lehena, irudikoa, bi aldetatik gainditu ahal da. Eskuinetik, zeharkaldi espuesto xamarra eginda (kontuz elur jauzi arriskua badago) edota ezkerreko elur malda tentetik. Gure kasuan, gorakoan eskuineko zeharkaldia hautatu genuen eta jaitsierarako malda zabal eta tentea.


Zeharkaldian. Aitzinago pausu estuago bat du, ezkerretara erorketa dexentearekin.


Behin lehenengo Foya gaindituta bigarrenera iritsi ginen. Hemendik jadanik Acheritoko gailurra ikusten zen.


Bigarren Foya ere igoeran eskuinaldetik gainditzen da, baina askoz ere errazagoa da. Foyaren ondoan gelditzen den balkoi antzeko batetik joaten da bidea.


Erraza izateaz gain, ingurua zoragarria da. Benetan merezi du elurrarekin bertatik fokeatzeak, ia jaitsieran bezainbat disfrutatu nuen zonalde honetatik igotzean. Irudian, Petretxema, Sobarcal eta Acherito mendiak. Acherito mendiaren eskuinaldean, Foyas del Ingenierotik Collada del Huertoko lepora ateratzen den kanala ikusten da.


11:59 : Collada del Huerto d'Acherito (2173m).
Honela ba bigarren Foyatik kanalean gora igo eta tubo batzuk gaindituta, azken maldaren azpikaldera iritsi ginen. Puntu honetan jaso genituen lehen eguzki izpiak eta baita eskertu ere. Lepoaren bertze aldera ezin da pasa, amildegia baitago, baina ikuspegia paregabea da Castillo d'Acher, Bisaurin eta enparauekin.


Lepotik gora azken malda bertzerik ez zen gelditzen. Tente xamarra da eta oraindik gogor xamar zegoenez kutxilak jarri behar izan nituen.


Maldak arista uzten dio lekua. Puntu horretan utzi nituen eskiak eta azken metroak oinez egin nituen harri dexente baitzeuden agerian.


12:34 : Mallo d'Acherito (2378m).
Eta azkenean gailurra! Ikuspegi ederra genuen. Lehen planoan Sobarcal eta Petretxema, atzerago berriz, Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi.


Bezperan igotako Chinebral de Gamuetaren ipar aurpegia eta kresta ederrak dira Acheritotik ikusita.


Eta behean Lescun eta bere zirku bikaina. Urrunean Sesques mendia ere ageri zen zuri-zuri.


Gozamena...


 Erdialdeko Pirinioa, beti bezala Midi d'Ossau nabarmenduz. Vignemale ere ikus zitekeen.


Zer bait jan eta gailurraz pixkatean disfrutatu ondotik, beherakoari ekin genion. Arista zabaletik, itzaletan, Foyas del Ingenieroko parajea ikus daiteke.


Maldaren goikaldean eskiak prestatu nituen eta beheiti! Elurra transformatzen hasia zen eta egoera onean zegoen eskiatzeko. Elur gogorrarekin arriskutsua izan daiteke, maldaren ekialdean amildegia baitago Oza aldera, baina egoera onean gozamen hutsa da. Gainera malda osoa niretzat bakarrik zegoen, ez baitzen eskiatzaile gehiagorik igo egun horretan.


Malda gibelean utzita itzaletan sartu ginen berriz eta bertan elur hauts goxoa aurkitu genuen. Irudian, eskuinetan jaitsitako tubo politetako bat.


Zoragarria da paraje hauetan bakarrik eskiatzea.


Pagadian arratsalde izpi gorriek inguratu gintuzten...


14:52 : Refugio de Linza (1340m).
Berriz, arratsalde apaleko  eguzkitan iritsi ginen autora, asteburu bikainari bukaera emanez. Aspaldian igo nahi nituen bi eskiko klasiko igota...


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina