EGUNA: 2013/12/07
IRTEERA: Fuente de los Clerigos (1240m)
ZAILTASUNA:
- Alpinismo zailtasuna: PD
- Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
- Igoera: 3 ordu
- Jaitsiera: 2 ordu
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jaca aldera doan autobidetik jarraituko dugu Irunberri herriko irteeraraino. Hemen aterako gara eta Irunberri herritik Nabaskoitze herrira doan errepideari segiko diogu. Behin Nabaskoitzera iritsita, Coronaseko lepoan barrena Erronkariko ibarrera pasako gara. Burgi, Erronkari, Urzainki eta Izaba herriak gibelean utzita, eskuinetara Zurizara doan errepidea hartu behar da. Zuriza eta Linza lotzen dituen pistan, Linzara iritsi baino lehenxeago dagoen zabalune batean utziko dugu autoa.
DESKRIBAPENA:
Astebururako iragarrita zegoen eguraldi zoragarria ezin pasatzen utzi eta Zurizako aterpera joan ginen bertatik mendiren bat edo bertze egiteko intentzioarekin. Ortziral gauean gaua pasa eta larunbatean eginen genuen lehen irteera (agian bakarra), printzipioz Acherito mendi aldera. Elur gehiena bertan zegoelako hautatu genuen Acherito eta intentzioa eskiatzea zenez...
Larunbatean goizeko 7etan ernatu ginen baina azken orduko arazotxoak tarteko, ezin izan ginen bederatzi eta erdiak baino lehen martxan jarri.
9:24 : Fuente de los Clerigos (1240m).
Gauzak prestatuta, Txamantxoia mendi argi izpi ederrek argitzen zutela, Linzako eta Fuente de los Clerigoseko bidea elkartzen diren pausuaren bila abiatu ginen.
Lehen zatitik elur biguina harrapatu genuen. Pagadietan oraindik aitzineko asteburuko elur hautsa zen nagusi. Fokeatzeko primerakoa, baina erraketarik gabe ibiltzeko ez hainbertze...
9:59 : Paso del Caballo (1429m).
Linzako aterpera joateko pasatu beharreko pausu ezaguna gure ezkerretara utzi genuen eta arrasto nabarmenetik goiti segitu.
Bertze pagadi zati batek ondoko mugarrira eramanen gintuen.
10:32 : Paso de l'Onso (1622m).
Ohianaren irteeran lepotxoa zeharkatu genuen Txamantxoia gibelean genuela.
Igo beharreko ondoko malda begibistan genuen, baina lehenik metro batzuk galdu behar genituen txapazko aterpe bateraino.
Malda tentetzen joan ahala, elurra gutxitzen hasi zen. Elurtean izandako haizeteek elur guztia leku babestuagoetara eraman zuten.
Beraz, malda igota eskiak bizkarrera. Aitzinean genuen Acherito mendia jadanik, baina bertze baterako uztea erabaki genuen eta hurbilago gelditzen zen Chinebral de Gamueta mendirantz abiatu ginen. Puntu honetatik gailurreraino eskiak bizkarrean eraman behar izan nituen. Nire esperantza bakarra mendiaren hego aurpegian elurra topatzea zen...
Bizkarrez bizkar sasigailurrera iritsi ginen eta benetako gailurra aitzinean agertu zitzaigun. Nire zorionerako hego aurpegia eskiatzeko moduan zegoen eta elurra ira gailurreraino iristen zen. Eskerrak!
Hiru Erregeen Mahaia eta Petretxema gailurrera iritsi aitzineko bretxatik. Puntu honetan utziko nituen eskiak eta hemendik behera elur jarraia topatu nuen kotxeraino hego aurpegian eta Gamuetako amildegian barrena.
12:51 : Chinebral de Gamueta (2312m).
Gailurrean, igoeran bezala primerako giroa zegoen, tenperatura goxoa eta haizerik batere ez. Lehen begirada erdialdeko Piriniora, dena zuri-zuri.
Iparraldean ezkerretik eskuinera Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema eta Acherito.
Mendebaldean duela gutti bisitatutako Castillo d'Acher mendia, gibelago Bisaurin duela.
Gailurreko argazkia!
Ordubete inguruan gailurraz gozatzen egon ondotik, beherakoarik ekin genion. Bretxara jaitsi, eskiak prestatu eta lehen elur mingainetatik beheiti abiatu nintzen. Elurra primerakoa! Udaberriko elurra udazkenean.
Hegoaldeko aurpegiko elur mingainak aprobetxatuz Gamuetako amildegiaren beheko partera iritsi nintzen. Hemendik aitzin ere elur ona aurkituko nuen, kasu honetan hautsa. Gibelean Gorreta de los Gabatxos eta Anzotiello mendiak beren pitzadurarekin.
Azken metroak elur hautsetik...
Ezkerretara utzi nuen Plana de Diegoko aterpea.
Abiapuntua ezin zen urrun egon.
15:30 : Fuente de los Clerigos (1240m).
Horrela, egunaren azken izpiek argitzen zutela, abiapuntura iritsi ginen berriro mendebaldeko Pirinioko klasiko batean disfrutatuta.
Akitzeko eguneko bideoa ikusgai. Jaitsierarik gabe dago, bateriarik gabe gelditu bainintzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina