2013/12/01

Plo del Naou (1754m)

EGUNA: 2013/12/01

IRTEERA: Lac de Payolle (1140m)

ZAILTASUNA:
Eski zailtasuna (S2). Toki aproposa da denboraldi hasierarako, elur-jauzi arriskua dagoen egunetarako edo mendi eskian hasten direnendako.

DENBORAK:
- Igoera: 2 ordu
- Jaitsiera: Ordu bat

NOLA IRITSI:
Pirinioak zeharkatzen dituen A64 autopista hartuko dugu eta bertatik segituko dugu Tarbes hiriraino. 12.irteeran, Tarbesen bertan, aterako gara autopistatik eta une oro Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleei segituko diegu. Behin herri hau gibelean utzita Campan bailaran goiti igoko gara, errepide nagusia utzi gabe, bukaeran dagoen Payolleko lakuraino. Lakuaren puntan dagoen urbanizazioraino joanen gara autoz.


DESKRIBAPENA:
Denboraren orratzek ez dute etenik eta udak, neguak elkarrekin lotzen ditu. Piriniotan, aurten udaberri eta udazkenik ia ez dela izan erran daiteke. Uztailaraino eskiatzen egon ondotik, azaroan jadanik zuriz jantzi ziren gailurrak eta abenduaren lehen egunetarako kota guztietan eskiatu daiteke.

Denboraldiari hasiera emateko momentua beraz, eta horretarako zerbait lasaia bilatzen hasi nintzen. Iazko Estriviellako elur kostrako abenturak gogoan, ez nuen izterrei behar baino beroaldi handiagorik emateko gogo handiegirik.  Dena den, elurraren egoera ikusita hori ezinezkoa zen. Hauts zoragarriak estaltzen zituen Campango bailarako mendi gozoak.

Hala, abenduaren lehen eguneko bederatzietarako Payolleko laku ederrean plantatu ginen. Bidea zuri-zuri zegoen bertaraino, baina nola hala arazorik gabe egin genituen bertarainoko kilometroak.

9:30 : Lac de Payolle (1140m).
Pirinioetako azken ibilaldian 20 urtyeren ondotik, Chirouleten egon eta gero, Payollek ere bazuen niretzat erranahi berezia. Izan ere, duela 20 urteko opor haietan,Pirinioetara nire lehen  bixitan, Chirouleten ibili eta gero Payollera etorri baikinen. Beraz, 20 urte pasata, Chiroulet bezala Payolle ere bixitatu ahal izan dut. -6,5ºC-ko tenperaturak egin zigun ongi etorria. Hala ere, zerua urdin, haizerik ez eta elur hauts zoragarria gure zai.



Lakua inguratu genuen Hourquette d'Ancizan lepo ezagunera igotzen den errepidearen bila. 


Noski errepidea ikaragarrizko elur kaparekin zegoen.


Lehen metroak bertatik eginda, ezkerretara ateratzen den pista batetik egin genuen ihes. Oihanean sartu ginen bete-betean.


Eta oihana, noski, zoragarri zegoen, ipuinetakoa zirudien.


Denboraldiko lehen fokeada.


Oihanetik atera baino lehen pista utzi eta ezkerretara biratu ginen.


Ikuspegi ederra ireki zitzaigun begien aitzinean. Arbizon, Montfaucon eta enparauak izanen ziren eguneko protagonistak.


Jadanik pinuak ginelean utzita malda gozoak igotzen hasi ginen. 


Eta segidan bistaratu genuen azkeneko malda. Malda gozoa hori bai.


Gibelean uzten ari ginen panorama.


Gailurretik hurbil, Aureko bailarako ikuspegi ederra dago. Irudian Arreau herria, hau ere zurituta.


12:00 : Plo del Naou (1754m).
Bidea lasai eta inguruaz gozatzen egin ondotik gailurra harrapatu genuen.


Eguzkitsu egon arren, haize fina zebilen eta hotz egiten zuen.



Beraz, zerbait jan, eskiak prestatu eta beherakoari ekin genion. Culfreda mendigunea beherakoan.


Gu jaistearekin batera, jende piloa gurutzatu genuen azken malda igotzen. 


Berriz ere oihanean...


Errepideko zatia ez errepikatzeko, bertze bide batetik jaitsi ginen eta zatitxo bat igo behar izan genuen. Beraz, foka jartzera berriro zelaitxo polit honetan.


Eta azken jaitsiera bikaina zuhaitz artetik! Bikaina!


14:00 : Lac de Payolle (1140m).
Jaitsiera ederrarekin iritsi ginen berriz lakura bueltan. Lainoak mendiak estaltzen hasiak ziren ordurako. Elur bikaina, eguraldi ederra eta milaka aukera desberdin eskaintzen dituen ingurua. %100 gomendagarria!!!!


Akitzeko hemen duzue eguneko bideotxo bat (kalitate gehiagorekin ikusteko klikatu HD eran):

2 iruzkin:

  1. Ederra bikote!!!!

    Horia da elur pila eta hori da eskiatzea, pantailaren atzean pinuak ekiditen aritu naiz jejeje.

    Eman eurre!!!

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa xabi!

    Zer moduz zabiltza!

    Horrelako elurrarekin edonork eskiatu dezake!! Jaja!

    Ongi segi! Milesker bixitagatik!

    ErantzunEzabatu